Aitor Fernandez fitxatzeko lehenengo pausoak ematen hasi da Reala, Mundo Deportivo egunkariaren arabera. Gorengo mailara igotzeko pauso batera geratu da Jagoba Arrasateren Numantzia, eta taldeak egindako denboraldi onaren erantzuleetako bat izan da Fernandez. Arrasateko atezainak Marokoko selekzioko atezain Munirri aurrea hartu dio Soriakoen atea zaintzeko lanean, eta urte borobila egin du. Bada, Arrasatekoak GOIENAri baieztatu dio Realak interesa erakutsi duela, baina horretaz aparte ez dakiela gehiago.
Arrasatekoa fitxatzeko Lehenengo Mailako taldeek ez dute aparteko esfortzurik egin behar, Fernandezen klausula 1,5 milioitakoa da-eta –duela gutxi berritu du krontratua Numantziarekin–. Hala ere, Realak atezain berri bat fitxatu aurretik etxean dituen atezainen gainean hainbat erabaki hartu behar ditu, Moya, Rulli eta Toño Ramirez dituelako postu hori betetzeko, eta gainera, Sanseko atezain Zubiaurrek kontratua berritu berri duelako.
"Vila-realen goiz zen Lehenengo mailara salto egiteko"
Duela aste batzuk Harmailatik saioan egon zen arrasatearra [Hemen elkarrizketa]. Egin duen urtearekin pozik azaldu zen, nahiz eta oraindik playoff-ak jokatzear zituzten. Kamaraz kanpo aitortu zuen atzera begiratzen duenean, Numantziara joan aurretik Vila-realen lehenengo mailan debutatu izan balu, seguruenik, goizegi izango litzatekeela, gazteegia zelako. Baina, Vila-realen eta azken urteotan Numantzian egindako denboraldietan atezain batek behar duen heldutasun eta esperientzia batu dituela, jokalari osoagoa dela.
Lezamako harrobikoa
Arrasateko atezaina Lezamako harrobikoa da, eta urte haietan Lezamarako joan-etorrietan kilometro mordoa partekatu zituen egun Mondrako jokalari den Gorka Erañarekin eta jokalari ohi eta entrenatzaile Iker Uribarrenekin. Athleticen, baina, ez zuen lekurik izan –Baskonian eta Barakaldon jokatu zuen– eta Levante aldera joan zen, Vila-realeko bigarren taldean jokatzera. Ondoren Numantziak fitxatu zuen (2016) eta bertan egindako bigarren urtean Soriako atean egonkortu da.