Azken bost jardunaldietan lau garaipen eta berdinketa bat pilatu du Jagoba Arrasateren Numantziak (61 puntu). Soriako taldea laugarren postuan dago, Rayo Vallecano (70), Gijongo Sporting (68) eta Huescaren (68) atzetik, eta zuzenean igotzeko lehia zazpi puntura badago ere, playoff-era sailkatzeko aukera handiekin dago Numantzia.
Lorpen horretan zeresan handia izan du Aitor Fernandezek. Oviedoren kontrako garaipenean (3-0) arrasatearrak 17. aldiz amaitu du aurtengo ligan partidua golik jaso barik, hau da, partiduen ia %50ean ez diote golik egin. Apiril hasieran berritu zuen kontratua Numantziarekin (2021era arte) eta zaleak poltsikoan ditu, egiten dabilen denboraldiari esker. Duela bi aste, gainera, ligako 34. jardunaldiko hamaikako onenaren zerrendan sartu zituzten bi arrasatear: Aitor Fernandez eta baita Mikel Gonzalez (Zaragoza) ere. Hain zuzen, Mikel Gonzalezen taldea ere mailaz igotzeko borrokan dabil, eta playoff-etara sailkatzeko aukerekin daude Aragoikoak. Orain momentuan seigarren postuan daude, 59 punturekin.