Debagoieneko Gurutze Gorriko lau boluntario Donostian daude, larrialdi egoera aktibatu eta gero. Taldea eskualdeko Gurutze Gorriko presidentea den Jon Anduagak, Miguel Angel Guridi presidente ordeak eta Ainhoa Agiriano eta Mafoudh Aillal boluntarioek osatzen dute.
"Erabateko ezustekoa"
46 etorkin iritsi ziren Donostiara, guztiak gizonezkoak eta haien artean bi adingabe aurkitzen dira. Dagoeneko astelehen arratsaldean, Foru Aldundiak, Donostiako Udalak eta Gurutze Gorriak koordinazio mahai bat jarri zuten martxan. Bilera horren ondorioz, larrialditako baliabideak eratu dituzte eta egoera horri aurre egiteko Debagoieneko taldea gerturatu zen bertara.
Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak horien etorrera baloratu zuen: "Erabateko ezustekoa izan da, bat-barean iritsi dira eta erakundeak ezer jakin gabe". Nolanahi ere, gaineratu zuen gertaeraren berri izan zuten unetik, Gizarte Larrialdietako foru zerbitzua eta Donostiako Gizartekintza zerbitzua "lankidetza estuan ari zirela Gipuzkoako Gurutze Gorriarekin, pertsona horii arreta egokia emateko".
Gurutze Gorriak 40 kideko lantaldea osatu zuen iritsitako pertsona horiei "arreta integrala" emateko; talde horretan zeuden osasun langileek, hezitzaileek, abokatuek, psikologoek eta itzultzaileak. Elena Luquin Gurutze Gorriko Gipuzkoako Gizarte arloko zuzendariak adierazi zuen artatutako pertsonak "nekatuta" zeudela baina "orokorrean ez zutela osasun arazo larririk".