Hurrengo hauteskundeetan Podemosekin eta Equorekin batera aurkezteko erabakia ez da begi onez ikusi Espainiako hainbat lurraldetan...
Hiru aldeok argi geneukan ez dugula beste biderik elkarrekin aurkeztea baino. Lurralde batzuetan gorabeherak izan ditugu, baina konponbidean daude. Pertsonon izaerari lotutako kontuak dira, harago ez doazenak.
Unidas izenpean eta gainerako alderdien siglekin batera aurkeztuko zarete…
Bai; oraingoan, Unidos-en ordez Unidas jarri nahi izan dugu, aurreko hauteskundeetan, Unidos-Podemos bezala aurkeztu ginenean, eztabaida sortu zelako. Generoaren gaia aintzat hartu eta keinu bat egin nahi izan dugu Unidas-ekin.
Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan formula horrekin zoazte hauteskundeetara?
Estatu mailan hartutako erabakia da, baina, lurraldez lurralde, tokian tokiko errealitatera egokitzeko aukera emanez; malgutasunez jokatuko dugu errealitate ezberdinen arabera.
Datorren urtean udaletan eta foru aldundietan, ezkerreko alternatibarik eraikitzeko aukerarik ikusten duzue?
Beti gaude aukera berriei irekita, jakin badakigulako gauzak egun batetik bestera alda daitezkeela. Eusko Legebiltzarrean saiatu ginen aukera hori aztertzen, aritmetikoki posible delako, PSE-EErekin eta EH Bildurekin batera. Ez zuen aurrera egin. Sozialistek eta EH Bildukoek EAJrekin hasi zituzten negoziazioak eta bertan behera geratu zen aukera hori.
Zentsura mozioa eta gobernu aldaketa; nork esango zuen duela hilabete...
Gürtel-en sententziak eta egoera jasangaitzak iraulketa eskatzen zuen. Horregatik erabaki genuen babestea PP agintetik kentzeko zentsura mozioa. Premiazkoa zen: ustelkeria, bidegabekeria soziala, Katalunia, eskubide demokratikoen galera…
Gustuko duzu Pedro Sanchezek osatu duen gobernua?
Izenez harago: Mozal legea, lan merkatuaren erreforma, Konstituzioaren 135. eta 155. artikuluak… horiekin zer egingo duen zain gaude.