"Egun borobila izan zen domeka, pozik gaude"

Eneko Azurmendi 2018ko eka. 14a, 16:39

Debagoiendarrak irribarretsu Zigoitian, giza katean. Argazkia: Oihan Loiti.

Gure Esku Dago dinamikako Debagoieneko kideen esanetan, "aurreikuspen eta helburu guztiak" bete ditu pasa den domekan egindako giza kateak; azken uneko izen-emateengatik, 5.500 debagoiendar baino gehiago izan ziren katean.

Biharamun eta aste gozoa eduki du Gure Esku Dago dinamikak, eta domekako giza kateak eman zuena positiboki baloratu dute dinamikako Debagoieneko arduradunek, "aurreikuspen eta helburu guztiak" bete direla azpimarratuz. Dinamikako kide Aitor Erañak eman ditu Debagoieneko herritarren parte-hartzearen datuak: Antzuolatik, 370; Bergaratik, 1.300; Elgetatik, 110; Aramaiotik, 250; Aretxabaletatik, 900; Arrasatetik, 1.590; Eskoriatza eta Gatzagatik, 432; eta Oñatitik, ia 900.

Erañak azaldu duenez, egun "alaia eta lasaia" izan zen Maltzaga ingurura hurbildu zirenentzat. "Oinez, bizikletan eta autobusez joan ginen Bergaratik, eta autobusez Elgetatik eta Antzuolatik. Garaiz iritsi ginen, eta goiza giro ederrean igaro genuen, musika, antzerki eta bestelakoez gozatuz. Eguraldia ere ederra egin zigun. Batzuentzat, bero gehiegi, agian, baina, orokorrean, guztia oso ondo joan zen, egun borobila izan zen. Guk, gainera, zortea izan genuen eta etxetik gertu tokatu zitzaigun gure tartea. Bazkalordurako etxean zeuden batzuk. Beste asko Eibarrera joan ginen eguna biribiltzera".

Zigoitian ere "giro bikaina

Jasone Giraldo GEDko kidea "pozik" azaldu da egunak emandakoarekin. "Arrakasta itzela eduki zuen giza kateak. Herritarrek laguntza handia eman ziguten antolatzaileoi, pazientzia handia eduki zuten autobusei itxoiteko orduan. Gauzak ondo egindako sentsazioarekin gaude, eta herritarrek hala transmititu digute", dio. Anekdota "hunkigarri" bat aipatu gura izan du Giraldok. "Arrasatera itzuli ginenean, neska gazte bat hurbildu zitzaidan besarkatzera eta eskerrak ematera, malkoak begietan zituela. Esan zidan bera ez dela Arrasaten bizi eta ezin dugula imajinatu berarentzat zer suposatu zuen giza kateak. Oso hunkigarria izan zen momentu hura, niri ere malkoak atera zitzaizkidan".

Xanti Ugartek, Oñatiko arduradunetako batek, nabarmendu du jendea "lan egiteko eta laguntzeko prest" egon zela une oro, eta giro "paregabean" igaro zutela goiza. Horrez gain, adierazi du "hurrengo pausoa egiteko indartuta" atera zirela.

Angel Oiarbide: "Helburuak bete dira, ezin zitzaion gehiago eskatu ekainaren 10ari"

Ekainaren 10a mugarri izango dela seguru dago Oiarbide, Gure Esku Dago dinamikako bozeramailea.

Zein sentsazio utzi dizue domekako giza kateak?

Oso sentsazio ona geratu zaigu, eta, nire ustez, gehiengoari geratu zaio sentsazio on hori. Ekainaren 10ari ezin zitzaion gehiago eskatu. Maila goreneko hiru helburuak bete ditu: erabakitzeko eskubidearen baitan euskal gizartea kohesionatzea; eragile ezberdinen konfiantzarekin osatutako Herritarron Ituna Eusko Legebiltzarrera eramatea, arduraz eta heldutasunez; eta giza kateak izan duen oihartzun mediatiko nabarmenena nazioartean.

Azken hori bereziki azpimarratzekoa da, ezta?

Bai. Nazioartean oihartzuna izatea, askotan, ez dago norberaren esku, eta, kasu honetan, ekainaren 10a oso garrantzitsua izan da kualitatiboki, baita mugarri ere. Geroz eta osagai gehiago daude ziklo berri bat ireki ahal izateko, eta aro berri hori beste parametro batzuetan eman behar da, demokrazian oinarrituta eta herritarren borondatearen gainean eraikita.

Ziklo berri bat irekitzear dela esan duzu. Eta orain zer?

Bost urte hauetan eredu bat bildu eta borobildu dugu, eta konpromisoa jarri. Hau ez da hemen bukatzen, noski. Zerbait egitekotan, hasi egingo da, eta beste sendotasun batekin, gainera. Aurrera begira ditugun erronkak dira zenbait herritan galdeketak egitea. Azaroaren 18an Donostian eta Irunen egingo dituzte, eta galdeketa prozesuak aurrera segitzen du. Bestalde, hausnarketa egitea tokatzen zaigu, baita barrura eta kanpora begirako lanketa bat ere. Ekainaren 10a lagungarri izango zaigu, tranpolin modura, demokraziaren mezu honekin gure mugez kanpo ere joateko.

Diozue 2019a gakoa izango dela erabakitzeko eskubidearen aldeko urratsak egiteko orduan.

Hala da. Hau guztiau momentu berezi batean gertatzen ari da; eztabaida instituzional bat gertatzen ari da adosteko zein marko politiko eta juridiko ezarri. Ez da nolanahiko eztabaida, eta herritarrok ezin gara eztabaida honetatik urrun egon.

Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako eskari hauek Nafarroako parlamentura eramateko asmoa ere erakutsi duzue.

Zalantzarik gabe. Euskal herritarren artean sintonia bat sortzeko sortu ginen. Euskal herritarrok hiru erabakigune ditugu, eta badakigu autogobernu ponentziaren gaineko eztabaidak beste bi erabakiguneetan ere eragina izango duela etorkizunean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak