Jokalari asko nabarmendu ziren, batez ere erraketa jokoan eta profesionalak izatera iritsi ziren asko. Emakume kirolarien artean lehen profesionalak izan ziren. Lorpen esanguratsuak lortu zituzten eta jokalari horietako asko euskaldunak ziren.
Hain zuzen ere emakume haiek edo haien familiek dohaintzan emandako elementuekin osatu dute ikusgai dagoen erakusketa.
1917tik 1980ra bitartean eman zen emakume erraketisten loraldia. Kirol modalitate horrek bazituen bere berezitasunak, batez ere pilotaren, erraketen edo frontoien neurriei dagokienean.
Urteen poderioz jokalarien janzkeran ere aldaketa nabarmenak eman ziren. Hain zuzen ere, janzkien bilakaera kronologikoa ere jasotzen du erakusketak.
Madrilen zabaldu zuten erraketistendako lehenengo pilotalekua 1917an. Gero etorri ziren Bartzelonakoa, Bilbokoa edo Donostiakoa. Jokoak izugarrizko arrakasta izan zuen Ameriketan ere eta La Habanan eta Mexikon ere zabaldu zituzten frontoiak.
1980an jokatu zen azken erraketa partida Madrilen. Harrezkero pilota jokalmolde hori eta haren protagonistak ahazten joan gara baina eleberriak, pelikulak, prentsa artikuluak eta dokumentalak egin ziren haien inguruan.
Material hori aurkituko duzue ikusgai erakusketan. Irailaren 15era arte egongo da zabalik, Bilbon.