Gasteizko Esperantza kaleko 3. zenbakian aurkituko dituzu, baita 945 25 25 00 telefono zenbakian ere.
Julian Sanz: "Bular handitzea eta liposukzioa dira ebakuntza ohikoenak"
Euskadin, azken bi urteetan, %20 egin dute gora kirurgia plastiko estetiko ebakuntzek.
Euskadiko herritarrek gero eta gehiago jotzen dute kirurgia estetikora. Azken bi urteetan, Euskadin, %20 hazi dira kirurgia-operazio estetikoak, Espainiako Kirurgia Plastiko, Konpontzaile eta Estetikoaren Elkartearen datuen arabera (SECPRE).
Euskadin, kirurgia estetikoko ze ebakuntza mota egiten da gehien gaur egun?
Emakumezkoen artean, bular handitzea eta liposukzioa dira estetika-ebakuntza ohikoenak. Eta gizonezkoei dagokienez, gehien eskatzen den ebakuntza blefaroplastia da.
Zein emakumezkok egiten dituzte bularra handitzeko mamoplastiak?
Bi profil daude: alde batetik, paziente gazteenek bularra handitu gura dute, haien bularren tamaina naturala nahikoa ez dela iritzita. Bestetik, amak daude, bolumena galdu dutelako eta bularrak jausi zaizkielako haurdunaldiaren eta edoskitze-sasoiaren ondoren. Kasu bietan ala bietan, Euskadin paziente guztiek emaitza ahalik eta naturalena izatea lortu nahi dute.
Ebakuntza segurua da?
Bai. Garapen teknologikoari esker, azken belaunaldiko inplanteek cohesivo izeneko silikona-gel bat daukate; eta bigarren mailako ondorioak oso urriak dira.
Zenbat irauten du ebakuntzak eta ze anestesia-mota erabiltzen da?
Ordubete inguru irauten du eta egin daiteke anestesia lokalarekin eta sedazioarekin edo anestesia orokorrarekin.
Zelakoa izaten da errekuperazioa?
Pazientea egun batez egongo da ospitaleratuta; horrenbestez, bere egunerokora bueltatu ahal izango da hiruzpalau egunera.
Zertan datza liposukzioa?
Kirurgia-operazio horretan, 2-3 milimetroko zulo bat eginda koipe-pilaketak xurgatzen dira; zulo horretan kanula fin bat sartzen da, koipea xurgatzen duen sistema batera konektatua dagoena.
Abantaila handi bat du horrek: koipea ezabatzen du, oso orbain txikiak utzita, ikusezin izan daitezkeenak, adibidez, azal-tolesturetan, pubis-ilean, eta abarretan.
Min ematen du ebakuntzak?
Ebakuntza, berez, ez da mingarria; izan ere, anestesiarekin egiten da: lokala, epidurala edo orokorra, atera behar den koipe kopuruaren araberakoa.
Zelakoa da ebakuntza ondorengoa? Pazienteak noiz hasten dira emaitzak igartzen?
Pazienteak ondoeza izango du lehenengo bizpahiru egunetan, baina, hirugarren egunetik aurrera, bizimodu normala egin ahal izango du. Edozelan ere, esan beharra dago emaitzak ez direla berehala igartzen. Hiru astean zehar, hantura edo inflamazioa izango da ebakuntza egin den gunean.
Hantura hori txikituz joango da, gutxika-gutxika, drainatze linfatiko masajeen bidez eta hilabete batean zehar pazienteak eraman beharko duen paxa edo faja baten laguntzarekin. Osatze-prozesua emakumezkoaren araberakoa da, eta behin betiko osatzea sei hilabetera igar daiteke.
Emaitza iraunkorra da?
Behin kenduta, koipe-zelula ez da berriro irtengo; horrenbestez, pisua hartuz gero, adibidez, modu harmonikoan egingo litzateke. Alegia, ebakuntza izan den gunean ez da koiperik metatuko.
Zein adinetik aurrera egitea gomendatzen da? Adin-mugarik badago?
Gomendioa da pazienteak 18 urte, gutxienez, izatea. Adin-mugari dagokionez, paziente bakoitzaren ezaugarri berezien araberakoa da. Edozelan ere, kontuan hartu behar da adinean aurrera joan ahala azalaren berreskuratzea gaitzagoa dela.
Zein paziente motak ez luke egin behar?
Ebakuntza mota hori ez da egokia obesitatea edo gehiegizko pisua duten pazienteendako, pertsona horiek pisua normalizatzen duen arte.
Era berean, ez da komenigarria pazienteak oinarrizko gaixotasunen bat badu edo medikuaren kontraindikazioa badago; esaterako, tratamendu antikoagulatzailea duten pazienteak edo gaixotasun kronikoak dituztenak –diabetesa edo kardiopatiak–.