Eguraldi nahasia izaten ari gara, erabat ezegonkorra. Udaberria euritsua eta normalean baino hotzagoa izan da, eta, ekainean sartuta, apenas izan dugu eguzkiaz gozatzeko tarterik. Udako tenporak ere izan berri dira –Pentekosteen osteko asteko eguazten, eguen eta egubakoitzean– eta Gorbeiako artzain Julian Ajuriagerraren arabera, uda “oso txarra” iragarri dute. Ez da iritzi berekoa Pello Zabala frantziskotarra. Hura ere tenporetan aditua, "datozen egunotan eguzki ordu gehiago" ikusiko dugula dio, "nahiz eta oraindik eutsiko dion udaberri giroari. Hala ere, lasai, uda ere iritsiko baita", adierazi du Zabalak, Arantzazutik.
Iragarpena, zientziatik
Bide beretik doaz AEMET agentzia meteorologikoaren iragarpenak. "Asteburu honetan tanta hotza izango dugu eta ondorioz eguraldi txarra, baina martitzen eta eguaztenetik aurrera, egonkortu egingo da eta eguzkia ikusiko dugu. Eta bai, eguzkia ikusiko dugu uztailean eta abuztuan ere”, erantsi dute.
Ipar Amerikako meteorologia zerbitzuek ere “ohiko uda” bat iragarri dute gurean. Alegia, ohiko batez bestekoak iragarri dituzte, bai eguzki orduei, bai tenperaturari dagokienez. Haien arabera, ekaina euritsua izango da, uztaila eta abuztua gutxiago, eta udazkena, berriz, sikua.
Euskalmetek, bestetik, aspaldi utzi zion urtaroko iragarpenak egiteari. "Era horretako iragarpenek ez dute hemen ondo funtzionatzen. Mendebaldeko haizeak eta gure mendiek etengabe eragiten dituzte aldaketak kliman", dio Euskalmetek. Horregatik, zazpi egunez haragoko iragarpenik egitera ez dira ausartzen. Hala ere, adierazi dutenez, ezegonkortasunetik hobetzera egingo du eguraldiak: "Ekainaren 14ra arte horrela jarraituko du; gero, eguraldiak hobetzera egingo du".
Euri-jasak, garaiko joera
Joan den asteburuan Debagoienean izan diren euri-jasen gainean galdetuta, AEMETeko iturriek diote badagoela joera bat halakoak urteko egun berdinetan errepikatzekoa; beraz, ez dituzte, inolaz ere, arrarotzat jo. “1928a ezkero, prezipitazio gehien jaso den eguna 1997ko maiatzaren 31 izan zen. Donostian 167 litro batu ziren eta hurrengo egunean, ekainaren 1ean, 97”.