Urtea nola amaitu du Goienak, diru kontuei dagokienez?
Parra egin dugu. Goiena irabazi asmorik gabeko kooperatiba da eta ez gara inoiz ibiltzen oso airoso. Urteren batean nasaiago ibili gara eta gehienetan okerrago. Goienarena, eta orokorrean euskal hedabideona, gerra ekonomia izaten da, tamalez.
Iaz egindakoen artean ze nabarmenduko zenuke?
Oso isilean pasatzen den kontu bat. Goienaren kazetaritzari sinesgarritasuna ematen diote bezeroek. Hori lantzen dugu inurrien moduan lan eginda, eta oso zaila den arren informazio plural eta sinesgarria egitea, gaur da eguna ez gaudena ezkonduta ez alderdi politiko batekin, ez ezelako botere ekonomikorekin. Hori da gakoetako bat norbanakoen, komunitatearen eta erakundeen arteko komunikazio beharrak modu masiboan asetzeko eta informazio-liderrak izateko eskualdean gaztelerazko hedabideen aurretik.
Aldizkari digital aberastua ateratzekotan zarete. Zertan da?
Uztailean ikusiko du argia. Enpresa berri batek kudeatuko du eta Tokikom dago gaian zentratuta. Goienako egoitzan egingo da, baina ez da Goienarena bakarrik. Kataluniako enpresa bat ere badago tartean, eta Durangaldeko Anboto eta Zumaiako Baleike ere badaude proiektuan.
Jaso berri dituzue audientzia datuak. Onak dira?
Beste behin, Goiena aldizkaria da nagusi eskualdean, askogatik, eta irakurleak irabazi ditu: Gipuzkoan 45.000 irakurle ditu astero eta Debagoienean 38.000. Paperekoen joera da behera egitea, baina ez da gure kasua. Bestetik, Goiena telebistak eutsi egin dio, eta, ikus-entzunezkoak kontsumitzeko eskaintza ugariaren aurrean, hori ona da: 6.000 ikus-entzule ditu egunero. Azkenik, nabarmentzekoa da Goiena.eus-en gorakada, %25Ekoa; 7.000 bisita ditu egunero.
Egoitza berritzeko asmoa duzue.
Arrasateko egoitza txukundu egin genuen barrutik, inbertsio minimoekin, eta oraindik inbertsio horiek ordaintzen gabiltza. Dena den, eraikinak leiho asko ditu eta hotz denean kanpoan energia xahutzen dugu barrua berotzen eta alderantziz. Fatxada konponduko dugu aurten bertan eta inbertsio honekin energiaren %40 aurreztea espero dugu.