Salaketa, poliziaren aurkako irainengatik

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko eka. 1a, 15:23
Arrasateko jaietan izan zen iaz, Gatillazo

'Mozal legea'-ren eragina, oraingoan, Evaristo Paramosendako, garai bateko La Polla taldeko eta egungo Gatillazoko abeslariarendako; 100 eta 600 euro arteko isuna jaso dezake, kontzertu batean, Jerezen, Guardia Zibilari "Puta-semea" deitzeagatik.

Gatillazo taldeak kontzertua egin zuen egubakoitzean Jerezko Primavera Trompetera jaialdian, eta, hedabideetan argitaratutakoaren arabera, taularen gainetik jaitsi ondoren, publikoan, beste taldeen kontzertua entzuten ari zela, taldeko abeslari Evaristo Paramosengana joan zen Guardia Zibila. Hasiera batean bere abestien letrengatik atxikia izan zela zabaldu bazen ere, Guardia Zibilak Twiter bidez argitu zuen ez zela atxikia izan: "Ez da atxiloketarik ezta atxikimendurik izan ere. Salaketa baten berri eman zaio soilik". Era berean, gaineratu zuten salaketaren arrazoia ez zirela taldearen kantuen hitzak izan, baizik eta "kontzertuaren amaieran poliziaren aurkako irainak esan izana".

Guardia Zibilak abeslaria kontzertu-gunetik eraman zuen une hura grabatu zuen han zegoen pertsona batek, eta domekan zabaldu zen sare sozialetan lehenengo, eta agerkari digital askotan ere oihartzun zabala izan zuen segituan.

Elkartasun mezu asko, sarean

Valtonyc musikariaren kasua gertu izanik, asko izan ziren kasu bat bestearekin lotu zutenak, eta segituan hedatu ziren, Euskal Herritik zein kanpotik, musikazaleek eta askotariko eragileek –tartean, ordezkari politikariek argitaratu zituztenak– eta adierazpen askatasuna aldarrikatzen eta Evaristori elkartasuna adierazten zizkieten mezuak.

Administratibotik, ez penaletik

Zigorraren gaineko informazio ofizialik ez dago, baina Eldiario.es atariaren arabera, "salaketa administratibo" baten berri eman zioten abeslariari, agintaritzarekiko "errespetu faltagatik". Elena Laka abokatuak azaldu du 2016tik irain arinak Kode Penaletik desagertu zirela, baina herritarren segurtasuna babesteko legeak ezarri zuen arau-hauste arina dela "segurtasun indarretako kideren bati errespetua galtzea, Kode Penalean ez bada jokabide hori zigortzen".

Bergarako abokatuak, era berean, zera gaineratu du: "Hori da, ematen duenez, Evaristori aplikatu diotena, Mozal legea; poliziari errespetua ez ematea leporatzen diote, kontzertu batean polizia guztiak putaseme-alabak direla esateagatik, arau-hauste arina, eta 100 eta 600 euro arteko isuna jasotzeko bidea eman dezakeena. Ezberdina da Valtonyc rap musikariaren kantuen kasuan; Kode Penala aplikatu diote bete-betean honi, eta zapla!, hiru urtetik gorako kartzela zigorra ezarri diote Espainiako Koroaren iraintzat, terrorismoaren laudoriotzat edo agintari baten mehatxutzat hartzen diren jokabideengatik. Herritarren segurtasunaren babesa 1992an hasi zen, Corcueraren ateko ostiko harekin, gogoratzen?, aurretik frankismo garaian tradizio luzea zuen Administrazioaren zehapenen ondoren".

Elena Laka (abokatua): Evaristori, "Mozal legea"

Herritarren Segurtasunaren Babeserako Legea autoizendatzen dena aplikatu diote Evaristori eta, herritarrei segurtasuna emateko aitzakiarekin, eskumena ematen dio Gobernuari Kode Penalean zigorrik ez duten jokaerak zigortzeko; epaiketa barik. Garesti ateratzen da poliziarekiko errespetu faltatzat jotzen dena. Estatuak ondo blindatzen ditu bere erakundeak. Herritarren segurtasuna eta erakundeen babesa, Estatuaren bi zutoinotan sartzen den guztiaren aurrean, ahoa itxita eta gorputza geldi. Herpes, talko eta tekno-poparen garaiak dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak