"Azkenaldian, nabarmen murriztua zen enpresako langile kopurua, etor zitekeenaren beldurrez"

Iker Oñate 2018ko eka. 1a, 12:59

Edesa Industrialeko eta Geyserreko langileak asteon hasi dira kaleratze gutunak jasotzen. Orain, aurrera begira dihardute, nork bere egoeran. Oro har: "Aurreikus zitekeen porrota".

Azken urteetan, beherako bidean izan da Edesa Industrial. Eta hainbat eztabaida piztu izan dira horren bueltan –lanpostuak, Fagor marka...–. Horri lotuta, eztabaidagaiak ebazten hasia da konkurtso-legeko epailea. Tartean, enpresako langile gehienen kaleratzea onartu zuen maiatzaren 3an –marketin alorreko 12 pertsona mantentzea erabaki du Edesa Industrialek–. "Langile ordezkariek bidalitako oharrean ezagutu genuen epailearen erabakia", diote langile ohiek. Orotara, 137 dira kalean geratu diren langileak: Edesako 90 – Fagor Etxetresnetakoak eta Edesako langileak–, Geyserreko 35 eta Edesa Industrialek berak kontrataturiko 12.

Eta jada hasiak dira kaleratze gutunak jasotzen. Geyserreko langile ohiak eguaztenean joan ziren horren bila; esperoan dira gainerakoak. Esan beharrekoa da jatorri askotariko langileak zituela Edesa Industrialek: Fagor Etxetresnetakoak, Edesako Basauriko lantokikoak, Geyser enpresakoak eta Edesa Industrialek kontrataturikoak. Hala, "hasieratik hasi beharra" dute horietako zenbaitek –kooperatibako bazkide ez direnak–; eta birkokatuta edo horren esperoan dira beste zenbait. Erretiro aurreratua geroago eta gertuago ikusten dutenak era badaude, tartean. Hori horrela, euren egoera gertuagotik ezagutu guran, Edesa Industrialeko eta Geyserreko zenbait langile ohirekin izan da GOIENA.

Xabi Mancebo: "Ez da horren erraza izango epe luzeko birkokatzeak lortzea"

Fagor Etxetresnak enpresako langile ohia da Xabi Mancebo, 49 urteko arrasatearra. Eta, langile askoren gisara, bi bider bizi behar izan du Garagartzako enpresaren gainbehera –2013koa eta 2018koa–. Hain zuzen ere, Fagor Industrialen birkokatu zuten lehen aldian. Bertan zela iritsi zitzaion Garagartzako lanlekura bueltatzeko eskaera, kontratu mugagabearen eskaintzarekin: "Lagun Aron 3 urteko eszedentzia eman zidaten horretarako. Eta berriki luzatua nuen hori, beste 3 urterako". Enpresaren "porrotaren" ostean, Fagor Industrialera itzulia da dagoeneko. Orain, behin-behineko lanaldiarekin dihardu.

Azken hilabeteetan, lan egin barik jaso dute soldata –hala jardun dute epailearen kaleratze baimenaz jakin zutenera arte–: "Sindikatuak epailearen erabakia jakinaraziz bidalitako oharrarekin jakin nuen kalean nengoela".

 

Ane Alday: "Zaila izango dugu berriz ere enpresa bateko bazkide izatea"

Geyserreko langile izan zen Ane Alday, 45 urteko aretxabaletarra –1997an sortu zen enpresa, Fagorren eta Vaillanten ekimenez–. Lankideen gisara, 2016an lekualdatu zen Garagartzako lantokira –ordura arte Bergaran zuten lanlekua–. Lanaldi erdia izan du duela 5 urtetik, bere lehen semea jaio zenetik, "zaintzarako". Hala jardun du orain arte. Eta, kalean geratuta, urrira arte dagokio langabezia kobratzea.

Hala, oraindik egin barik du birkokatze eskaera. Eta "baikor" da horri dagokionez: "Lana egon badago. Badirudi erritmo onean doazela behin-behineko birkokatzeak". Eta, hor, "zalantzak" agertu zaizkio. "Gatzagoa izango da epe luzerako birkokatzeak lortzea. Harik eta zailagoa bertako bazkide bilakatzea. Berriz ere enpresa bateko bazkide izatea lortzea, alegia", dio.

 

Jesus Lasa: "Zenbait kasutan, hor dago erretiro aurreratuaren aukera"

Bestelakoa da Jesus Lasa bergararraren egoera –Geyserreko langile ohia–, laster 60 urte beteko ditu eta. Hark ez du aukera bakar bezala ikusten birkokatzea: "Ez dakit zer eskainiko didaten; baina hor dago erretiro aurreratuaren aukera".

Eta gogora dakar azkenaldian enpresak jasandako beherakada. "Proiektu berriarekin aurrera egiteko esperantzarekin hasi genuen aldi berria. Baina, denborarekin, zapuztuz joan dira itxaropenak. Jende askok hartu behar izan du Garagartzatik kanpoko lanpostua bilatzeko erabakia", aitortu du. Horri dagokionez, argitu du 2016an Geyserreko 96 langile joan zirela Garagartzara; eta, azken hilean, 35 besterik ez zirela. Horiek eguaztenean jaso zuten kaleratze gutuna.

 

Rikardo Perez: "Auskalo nola konpontzen duten kalte-ordainen kontua"

Fagor Etxetresnetako langile zen Rikardo Perez, 43 urteko arrasatearra. Eta, gaur-gaurkoz, egina du birkokatze eskaera. Udalaitz kooperatibak du hori kudeatzeko ardura –2013ko krisiaren eraginez, bertako bazkide bilakatu ziren Fagor Etxetresnetako langileak–. "Lagun Arorekin lotura duen enpresa batean birkokatzeko esperoan nago orain", aitortu du.

Bestetik, hor dago kalte-ordainen kontua. Perezek "zalantzak" ditu horri dagokionez. "Enpresaren egoera ikusita, ez dakigu nola egingo dien aurre horiei", dio. Konkurtso-legeko epaileak zehaztuta ditu langileendako kalte-ordainak.

Eta, horrez gain, gogoan ditu Udalaitzeko edo Edesako bazkide ez diren kaleratuak. "40 langile inguru dira kale gorrian geratu direnak. Gogoan izan beharrekoa dugu hori", argitu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak