Nikaraguako protestetan hildakoak gogoan izan dituzte, Amaren Egunean

Eneko Azurmendi 2018ko eka. 1a, 10:21

Daniel Ortega presidentearen aurkako mobilizazioak ugariak izaten ari dira azken hilabetean Nikaraguan, eta jada 100 ikasle inguru hil dira; maiatzaren 30ean Amaren Eguna ospatzen dute herrialde hartan; aurten, ordea, "ez dago ezer ospatzeko".

Maiatzaren 30ean Amaren Eguna ospatzen dute Nikaraguan. Aurten, ordea, "ez dago ezer ospatzeko", Activos Por Un Mundo Solidario (AMS) gobernuz kanpoko erakundeko kide Isabel Medinaren esanetan. Dolu eguna izan zuten herrialde osoan, eta "ama guztien minarekin bat egin" nahi izan zuten Arrasaten ere, AMSk antolatutako ekitaldian. Hildako guztiak izendatu eta bakoitzari kandela bat piztu zioten Seber Altube plazan, Managuan –Nikaraguako hiriburua– egindako martxa jendetsuarekin bat eginez, "ama guztien saminarekin solidarizatuz eta justizia eskatuz".

Gobernuaren aurkako protestak

Apiril hasieran Indio Maiz erreserba biologikoan sute bat izan zen, 5.000 hektareatik gora erre zituena. Medinak dio hura izan zela protesten abiapuntua: "Ortegak ez zuen laguntzarik eskatu. Gero konturatu ziren sutea probokatua izan zela eta errepide bat egiteko nahia zuela gobernuak", azaldu du. Handik egun gutxira, gizarte-segurantzaren erreforma iritsi zen. "Pentsiodunek miseria bat kobratzen dute, eta erreforma honek pentsioak are gehiago jaistea ekarri zuen". Hori dela eta, "ikasleak pentsiodunekin solidarizatu, eta kalera irten ziren protestan, giza eskubideak aldarrikatuz".

Ortegak, ordea, "oso gogor" erantzun zuen. "Poliziaz gainera, paramilitarrak eta frankotiratzaileak erabili ditu", azpimarratu du Medinak. Horren ondorioz, 100 ikasle inguru hil dira eta beste hainbeste desagertu daude dagoeneko.

Apirilaren 19an, 20an eta 21ean gertatu ziren protestarik gogorrenak eta hildako gehienak egun haietan izan ziren, Medinaren esanetan. Azken egunetan, hala ere, protestek jarraitzen dute. Aipatutako maiatzaren 30eko martxan, adibidez, hildako bat eta 39 zauritu izan zirela jakinarazi du Medinak. "Nikaraguarren samina handia da".

Maria Elena Sevilla: "Semea kendu didate, eta ezin izan diot nire azken agurra eskaini"

Maria Elena Sevilla nikaraguarrak 19 urteko semea galdu du protestetan. Sei seme-alabetan gazteena zen. Managuako Mateare zonaldean bizi zen.

Ez da ohiko Amaren Eguna izan aurtengoa.

Egun gogorra izan da aurtengo maiatzaren 30a. Seme-alabek zoriondu naute, baina orain ez daukat zorionik. Semea kendu didate, eta gogorrena da ezin izan diodala agur esan. Ama guztiak negarrez ari dira han, nire moduan, baina haiek, gutxienez, euren eskuekin lurperatu ahal izan dituzte seme-alabak. Nik nireari ezin izan diot azken agurra eman. Arratoi horrek ez du aurpegirik ematen, ordezkariak bidaltzen ditu azalpenak ematera. Ez du agintea utzi nahi, eta ikasle asko hiltzen ari da askatasun osoz.

Justizia eskatzen duzu.

Noski. Nahi duen guztia egiten ari da, paramilitarrak nolanahi tirokatzen ari dira kalean. Esan didatenez, nire semea hil zen unean ere lasai zegoen guztia, eta tirokatu egin zuten. Gainera, ez ditu hilketak onartzen.

Babesa jaso duzu hemen?

Bai, eta oso eskertuta nago. Jainkoari indarrak eskatu dizkiot, pasatzen ari naizena ez baita batere erraza. Gogorra da, baina badakit aurrera egin behar dudala. Bi urte daramatzat hemen, borrokan, nire familiarentzat onena lortu guran, eta kolpe oso gogorra izan da hau. Urtebete geratzen zait nire egoera erregularizatu ahal izateko. Orduan, Nikaraguara itzuli eta nire seme-alabekin egon ahal izango naiz.

Maria Elena Sevilla eta Isabel Medina, eguaztenean, Sevillaren semearen argazkiarekin eta bere omenezko erramuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak