Deba-Zumaia arteko itsasertzeko Biotopo babestuan identifikatuta dauden hamar bat aztarna-fosil edo iknofosiletako baten erreplika da berau. Erreplikatu den aleak aztarna-fosil ugari ditu, 50 arrasto baino gehiago; euskal kostalde osoan ez da ezagutzen gaurdaino horrenbeste arrasto dituen iknofosilik. Sei metro ditu luzeran eta ia metro bat zabaleran. Ikusgarria da tamainagatik, baina bereziki bikain kontserbatuta dagoelako nabarmentzen da. 53 milioi urte ditu eta 1.000 metroko sakoneran eratu zen, itsas hondo ilunean.
Orain hilabete batzuk, ale hori erortzeko eta galtzeko arriskuan zegoela ikusita, erreplika egiteko proiektu berritzailea jarri zuen martxan geoparkeko lantalde zientifikoak Biotopo babestuko kudeatzaile den Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera.
IGMEk, Geologia eta Meatzaritza Institutuak, egin du erreplika, Eleuterio Baezaren zuzendaritzapean, eta EHUko Arte Ederretako ikasle talde baten laguntzarekin. Lan zorrotza egin ostean, iknofosilaren erreplika zehatza lortu dute. Ia ez dago alderik ale originalaren eta kopiaren artean, bolumena, kolorea, eta testura berdin-berdinak dira.
Arantxa Ariztimuño Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari nagusiaren esanetan, Aldundiarentzat ardura ikaragarria da Biotopoaren kudeaketa, ahalik eta modu txukunenean egiten dabiltzana, eta erreplika da horren adibide.
Iknofosilak balio zientifikoaz gainera, interes didaktiko eta dibulgatibo handia du. Eta gauzak horrela, esan bezala, erreplika Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroan geratuko da ikusgai. Erreplika gertutik ikusi nahi duten guztiek horretarako aukera izango dute, doan, Geoparkeen Europako Astearen barruan, ekainaren 10a bitartean.