Hunkituta izan dute gogoan Iñaki Beristain, Arantzazun elkartu direnek

Mirari Altube Arrese 2018ko mai. 26a, 14:25

Omenaldi xume baina hunkigarria eskaini diote Iñaki Beristain frantziskotarrari gaur, Arantzazuko Adiskideek antolatuta. Lagun giroan elkartu dira haren gertukoak, senideak eta arrastoa utzi zien inguruko asko. Arantzazuko abesbatza eta bost bertsolari lagun hartuta, ikus-entzunezkoan haren esanak gogoratuta eta Jose Ramon Belokik gidatuta Gandiaga Topagunean elkartutakoek bertan sentitu dute Beristain.

Iazko irailean hil zen Iñaki Beristain, haren lagunen esanetan "presaka bezala" eta agur esateko beharra sentitu dute orain Arantzazuko Adiskideek. Horretarako, ekitaldi goxoa eta gertukoa gertatu dute eta senideak, lagunak eta haren inguruan ibilitakoak gonbidatu dituzte. "Iñakik elkartu gaitu gaur hemen, eta hark behin eta berriz esandako Maitatu Arantzazu leloak ekarri gaitu hona", zioen hasieran Belokik. 

Beristainen argazkiak erakutsi dituzte; familia giroan, lagunartean, fraileekin, apaiz lanetan... Eta ikus-entzunezkoaren bitartez haren ahotik entzun dira Arantzazuren gainean esandakoak.

Bost bertsolari ere izan dira ekitaldian: Sebastian Lizaso, Jon Sarasua, Andoni Egaña, Jon Enbeita eta Xabier Euzkitze. Horiek ere Beristainen gainean jardu dute, eta bakoitzak haren ezaugarri bat edo beste nabarmendu du.

"Uneoroko hutsunea"

Mahaiaren bueltan eseri dira gero Juan Ignacio Larrea (Arantzazuko guardiana), Manex Beristain (Iñakiren loba) eta Onintza Segurola (Nikolas Segurolaren loba eta Iñakiren gertukoa). Bakoitzak bere bizipenak kontatu ditu: "Arantzazura datozenek zerbait falta dela hemen adierazten digute. Jendeak hori badio, pentsa guk... Otoitz guztiak, kantuen letrak, entzuten ditugun abestiak... guztiak dira Iñakirenak. Hortaz, guk uneoro sentitzen dugu haren hutsunea", zioen Larreak.

Manex Beristainek, ostera, osabarekin izandako elkarrizketak dituela buruan adierazi du: "Haien fruituak orain ari dira ateratzen. Oroitzeko eta ospatzeko eguna dela uste dut". Eta Segurolak ere familian beti oso presente izan dutela Iñaki gogorarazi du: "Ezkontzetan, hiletetan, une alaietan eta tristeetan".

Joxe Mari Arregik oso hunkituta egin du berba, berbak ezpainetan geratu zaizkio ezin atera. Eta azken unean Iñakik esandako hiru hitz ekarri gura izan ditu elkartutakoen aurrera: "Eskerrik asko; barkatu; eta Arantzazu maitatu". Arregik eskerrak eman gura izan dizkio Iñakiri berari: "Izan denagatik eta egin duenagatik. Eta eskertzen diot hiltzeko modua, lasai-lasai; haren heriotzak bizi izandakoa egiazkotu du". Elkartutako guztiak ere eskertu ditu.

Arantzazu maitatu

Arantzazu zergatik maitatu ere azaldu du Arregik: "Arantzazu maitatzea, Arantzazun sinistea da, funtzio soziala duela sinistea da. Arantzazu oreka da; tradizioaren eta modernitatearen artean; santutegiaren eta gizartearen artean; zientziaren, teknikaren eta misterioaren artean; espiritualtasunaren eta humanismoaren artean; pertsona erdigunean dago hemen", eta gaineratu du:  "Arantzazuko Adiskideak saiatzen dira Arantzazuk eskainitako balioak jasotzen eta gizarteari eskaintzen".

Ekitaldia Euzkitzeren bertsoekin bukatu dute ekitaldia: "... opari eder bat izan dugu, zu ezagutzeko grazia; gugan alferrik ez da galduko zuk ereindako hazia".

Erlazionatuak

Iñaki Beristaini omenaldia

Mirari Altube Arrese 2018 mai 26 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak