Ibarreko enpresak prest dira Biurtekorako

Iker Oñate 2018ko mai. 25a, 09:50

Neurketa sistemari pieza erakusten dion robota. Argazkia: Cin Advanced Systems.

Hastear da Makina-erremintaren Nazioarteko Biurtekoa. Eta prestakuntza lanetan murgildurik dira sektoreko enpresak. Tartean izango dira Debagoieneko zenbait enpresa. Askotariko eskaintzak eroango dituzte bertara.

Makina-erremintaren sektorean diharduten enpresak prest dira BECen egingo den nazioarteko biurtekorako. Ohi bezala, nork berea erakusteko aukera izango du azokan; horien artean, etorkizuneko beharrei –eta erronkei– erantzuna emateko bitartekoak dira nagusi. Esan beharrekoa da sona handiko azoka dela Barakaldokoa: 21 herrialdetako 1.700 enpresak esku hartuko dute horretan. Eta, oro har, 3.000 produktu inguru izango dira ikusgai; berrikuntza ugari, tartean. Finean, sektoreko azken joeren eta eskaintza berritzaileen erakusleiho da BECeko Makinaerremintaren Nazioarteko Biurtekoa. Hala, antolatzaileek bisitari ugari espero dituzte maiatzaren 28tik ekainaren 1era bitarterako.

Eta izango da Debagoieneko ordezkaririk ere: Biurtekoan egongo dira Oerlikon Balzers, Sisteco, Num Cnc Highend Applications, Tecnosystem, Fagor Arrasate, Pick to Light Systems, IK4-Ikerlan, Cin Advanced Systems, Goizper Group eta Danobat Group enpresak. "Guretzat, erakusleiho garrantzitsu dira azokak; enpresaren irudia zabaltzeaz aparte, lagungarri zaigu gainerakoekin harremana izateko. Azken finean, geroago eta digitalago garen mundu honetan, aurrez aurreko harremanak garrantzi handia du salerosketetan", azaldu dute enpresetako ordezkariek.

Eskaintza zabala

Hain zuzen, eskaintza zabala prestatu du Danobat Group bergararrak. Makinentzako zenbait bitarteko digital eskainiko dituzte, tartean. Jada frogatua dute horien errendimendua, eta ez doakie gaizki: "Esperientziak erakutsi digu makinen produktibitatea areagotzeko, mantentzelanak murrizteko, horien erabilgarritasuna hobetzeko eta fabrikazio zelula osoak kudeatzeko baliagarri direla bitartekook". Data System monitorizazio sistema dute tartean.

Eta, horretan geratu barik, teknologia aurreratua barneratua duten hiru makina izango dituzte ikusgai Barakaldon; Soraluce TA-M, Danobat-Overbeck IRD-400 eta LB Danobat dira horiek. "Berrikuntzaren eta aurrerapen teknologikoaren" alorrean leudeke horiek guztiak. Gauzak horrela, berretsi dute "etorkizuneko erronkei" aurre egiteko prest direla.

Bilakaera digitalaren bidean

Era berean, industria enpresak murgilduta dauden bilakaera digitalerako bitartekoak eskainiko ditu Fagor Arrasatek. Besteak beste, horiek "mesedegarri" lirateke makinen errendimendu orokorrerako. Eta, tartean, Digital Twin sistema erabiliko dute euren eskaintza irudikatzeko –3Dko simulazioa eskainiko dute, egoera errealera hurbiltzen laguntzeko–.

Eskaintzari dagokionez, Smart Connect sistema garatu du Fagor Arrasatek; makinen zenbait elementuri buruzko informazioa kudeatzeaz aparte, sistema gai litzateke horien jardun modua aztertzeko. Eta, bestetik, FA link MAP zerbitzua ere eskainiko dute. Instalazio guztiak monitorizatuko lituzke horrek; eta Fagor Arrasatekoen unean uneko aholkuak jasotzeko aukera eskainiko luke, gainera.

Dagoenera egokitzen

Bestetik, berezko helburuekin doa Arrasateko IK4-Ikerlan Barakaldora: "Enpresen eskakizunetara egokitzeko asmoarekin dihardugu. Haien premietara egokitu behar du teknologiak, eta, ez, alderantziz". Eta Ikerlan Konnekt izenekoa eskainiko dute azokan. Hain zuzen ere, enpresei digitalizazio egitasmoei heltzea ahalbidetuko dien "ezagutza" eta "esperientzia" multzo bezala aurkeztu dute hori.

Eta, "pozik" dira orain arteko esperientziarekin. "Arrakastaz abiarazi dugu sektore ezberdinetako aplikazio industrialetan", diote. Esan dutenez, "eskakizun maila handikoak" ziren horiek; hor daude ondasunen, garraioaren eta energiaren sektoreak. Zehatz esanda, esperientzia horiek ikusgai izango dira berestandean –Fagor Arrasatekoa, Oronakoa eta Ikusikoa daude tartean–.

Aurtengoa, estreinakoa

Bestalde, Oñatiko Pick to Light Systems enpresakoek ere badute zer eskaini; azokan esku hartzen duten lehen aldia da eurena. Hain zuzen, Proyection Picking System (PPS) izenekoarekin doaz Barakaldora. "Muntaiako zein picking-eko prozesuak modu intuitiboan egitera bideratzen duen sistema berritzailea da. Irudien, testuen eta bideoen bidezko laguntza eskaintzen du horretarako", argitu dute enpresako kideek. Alemaniako LOGIMAT azokan aurkeztu zuten produktua.

Eta, era berean, esan beharrekoa da euren eskaintzak jasoa duela aitorpenik: 2017an Grand Prize of the Tokyo Venture Technology Award saria eskuratu zuten Tokion (Japonia) egin ohi den industria alorreko nazioarteko azokan. Besteak beste, "kalitatea" eta "berritasuna" lituzkete indargune.

Zenbakizko kontrola

Horrez aparte, Num Cnc Highend Applications enpresa oñatiarrak ere prest du bere eskaintza. Euren egunerokoa eroango dute Makina-erremintaren Nazioarteko Biurtekora: Num zenbakizko kontrola. Sistema bera saltzea eta osteko zerbitzua –laguntza teknikoa, adibidez– dituzte zeregin. Hain zuzen ere, makinaerreminten automatizaziorako "bitarteko eraginkorrak" eskaintzeko lanean dabil enpresa.

Orain arteko bidean

Oro har, orain artekoari helduta segituko du Bergarako Tecnosystem enpresak. Eta arreta berezia jarria du Biurtekoaren azken edizioan aurkezturiko makinan: CNC zuloak egiteko Hankook makina –Korean ekoitzitakoa da hori–. "Enpresek gustuko dute makina. Pozik gaude izandako harrerarekin. Beraz, berdinean dihardugu", azaldu dute. Euren standean jarriko dute ikusgai.

Esan beharrekoa da nazioarteko zenbait fabrikatzaileren banatzaile dela Tecnosystem – Europako zenbait enpresa garrantzitsurekin dihardute elkarlanean–. Eta, beraz, berrikuntzarik ere eskainiko dute azokan. "Olio eta elektrohigadurarako hari berriak ditugu, esaterako", diote.

Balizko akatsei aurre egiten

Esan moduan, nork berearekin dihardu. Eta produkzio pieza konplexuen neurketarako zein balizko akatsen detekziorako sistema "eraginkorrak" eskaintzea da Arrasateko Cin Advanced Systems enpresaren xedea. "Bezeroaren prozesuan, makinaerremintan edo lineatik kanpoko lanean txerta daiteke sistema", argitu dute. Esan beharrekoa da sona handiko enpresak dituztela bezero –Mercedes, Fagor Ederlan eta Copreci, adibidez–.

Gainera, 3Dko neurketa eskaintzen duen makina sorta aurkeztuko dute Biurtekoan. "Neurketa zehatzagoa eskaintzen digu horrek. Esaterako, gai da beste zenbait teknologiak neur ezin ditzaketen geometria eta barrunbeak neurtzeko", diote. Teknologien hiru erakusle izango dituzte Barakaldon.

Bertsio berriak

Bestetik, Antzuolako Goizper Groupek ere zenbait produktu aurkezteko aprobetxatuko du azoka. Hainbaten artean, bere biraketa unitatearen bertsio berria eroango du Barakaldora, ZPGI bataiaturikoa. Batez ere, soldaduraren sektorera bideraturiko produktua dute –automozioaren alorrean–. "Trinkoagoa da; eta, prestakuntza aldetik, lehiakorragoa", argitu dute.

Bestetik, akorduan dute 4.0 industria. Hala, Smart-G produktua eroango dute azokara. Horri esker, euren produktuak –erreduktore bereziak zein balantza enbrageak– sentsorizatu eta monitorizatu ditzakete. "Arrakastaz" dihardute sistema horrekin.

Meheak, baina gogorrak

Aurrekoez aparte, Antzuolako Oerlikon enpresa ere izango da Biurtekoan, askotariko estaldurak ezagutarazteko –ebaketako erremintentzat egokiak direnak, estanpazioko trokel handien beharretara zuzendurikoak...–. "Oso meheak izan arren, altzairua baino gogorragoak dira. Higaduraren kontrako ezaugarri nabarmenak dituzte, gainera", azaldu dute.

Eta, tartean, berrikuntzarik ere eroango dute azokara: karbono oinarrizko Balint estaldura. "Horiek oso egokiak dira higadura arazo handiak dituzten alorretarako; eta, era berean, irristatze abiadura handia den kasuetarako", argitu dute.

Hainbat standetan

Eta gainerakoen bide berean dihardu Sisteco elgetarrak. Eskaintza zabala eroango du Barakaldora, era askotako bezeroei baliagarri izan dakiokeena – hainbat standetan egongo da–. Batetik, metalak eta aluminioak mozteko makinak eroango dituzte. "Gogortasun handiko materialak eta aeronautika arlokoak dira nagusi", diote. Eta, bestetik, automatizaziorako sistemak eskainiko dituzte: tornuentzako kargadoreak, diskoz mozteko makina...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak