Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Unibasqeko zuzendari Eva Ferreirak eta Unibertsitate eta Ikerketa sailburuorde Adolfo Moraisek, atzo ezagutarazi zuten, datorren ikasturtean Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek eskainiko dituzten Unibertsitate Titulazio Dualen zerrenda. Guztira 22 titulazio dual eskainiko dituzte Mondragon Unibertsitateak, EHUk eta Deustuko Unibertsitateak irailetik aurrera.
Unibertsitatea-Enpresa Estrategiaren baitan, unibertsitate Gradu nahiz Masterrek, Dual aipamena izan dezaten bete beharreko baldintza eta ezaugarriak diseinatu ditu Hezkuntza sailak. Unibasq, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia arduratu da unibertsitateek aurkezturiko proposamenen ebaluazioa egiteaz.
Eva Ferreira, Cristina Uriarte eta Adolfo Morais, atzoko prentsaurrekoan.
Eusko Jaurlaritzaren ziurtapenak bermatzen du, graduek prestakuntza akademikoa eta ekoizpen-inguruarekiko harreman estua izatea. Horretarako, unibertsitateak eta enpresek lankidetza estuan jardun behar dute. Enpresek, prestakuntza-plana egiteaz gain, praktiken tutoretzan parte hartu behar dute eta ikasleei finantzaketa eman. Horretaz gain, ikasleek gutxieneko ordu kopuru bat bermatu beharko dute enpresa formakuntzan, horregatik kredituen %25 gutxienez modu dualean egin beharko dute graduen kasuan, eta masterretan %40. Era berean ezinbestekoa da gradu edo master amaierako lana kanpoko erakundearekin elkarlanean egitea.
Formakuntza duala Mondragon Unibertsitatean
Prestakuntza dualean aitzindaria da Mondragon Unibertsitatea, eta 50 urte daramatza ikasleei bere ikasketak eredu dualean egiteko aukera ematen; sistema duala eskaintzen, Euskal Herriko lehen unibertsitatea izan zelarik. Gaur egun, graduko ikasleen %8a eta masterrekoen %28a daude ikasketa dualak egiten.
Mondragon Unibertsitatetik nabarmendu dute, eredu dualak lortutako emaitzek "garbi "erakutsi dutela "ereduaren arrakasta". Azaldu dutenez, gradu eta masterretan eredu dualean ikasi duten Mondragon Unibertsitateko ikasleen % 80k enpresa berean jarraitu dute lanean, ikasketak amaitu ostean.