Euskal erakundeetako, hezkuntzako, gizarte arloko eta ekonomiako ordezkariak elkartu ziren, atzo, Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren urteurreneko ekitaldian.
Ikus-entzunezko baten bidez erakunde akademikoaren historia gogora ekartzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Bereziki gogoan izan zuten Jose Maria Arizmendiarrietak egindako lana; izan ere, 1943an sortu zuen Arrasateko lanbide-eskola. Mondragon Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile nagusi Carlos Garciak esan zuen ekintza hori Arizmendiarrietaren funtsezko ikuspegiaren erakusgarri dela. "Haren ustez hezkuntza delako bestelako gizarte-ordena, gizatiarra eta bidezkoa, sustatzeko oinarri naturala eta ezinbestekoa".
Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak eskolaren bilakaera eta etorkizunera begirako erronken inguruan egin zuen berba. Esan zuen eskola funtsezkoa izan dela Arrasateko mugimendu kooperatibistan. "Garrantzitsua izan da eta da eskualdearen, Gipuzkoaren eta Euskadiren industria-garapenean. Mondragon Unibertsitatearen ernamuina izan zen eta, gaur egun, bertako Ingeniaritza fakultatea da", nabarmendu zuen.
Omenaldia "aurrekoak izan direnei"
75. urteurreneko ekitaldian Mondragon Goi Eskola Politeknikoak Javier Retegi, Juan Leibar, Pilar Uribetxebarria eta Jose Luis Madinagoitia omendu dituzte. "Aitortza eta esker ona azaldu nahi diegu 75 urte hauetan gure aurrekoak izan direnei, indarrak eskolaren proiektua aurrera eramatera bideratu dituztenei, erabaki ausartak hartu eta ikasleekin, enpresekin eta gizartearekin konprometitu direnei. Azken finean, jarraitu beharreko bidea erakutsi digutenei", esan zuen Carlos Garciak
Lau omendiak igo ziren Kursaaleko agertokira eta lore-sorta bana jaso zuten Kontseilu Errektoreko lehendakari Juan Mari Palenciagaren, Kontseilu errektoreko lehendakariorde Maria Asun Sarrionandiaren eta Vicente Atxa errektorearen eskutik.
Iñigo Urkullu Lehendakariak ere omenduak izan zituen gogoan bere hitzaldian. Erakundea zoriondu zuen alde batetik egindako ibilbideagatik eta beste alde batetik erakutsitako baloreengatik eta nabarmendu zuen Mondragon Goi Eskola Politeknikoak Euskadiko eraldaketa sozialerako duen konpromiso aktiboa. "Eredu zarete hemen eta erreferentzia mundu osoan", esan zuen. Gaineratu zuen zenbateraino diren garrantzitsuak goi mailako hezkuntzaren kalitatea eta sendotasuna gero eta lehiakorragoa den testuinguru batean gizarte batek aurrera egin dezan.
Alos Quartet taldearen musika-emanaldiarekin eman zioten amaiera ekitaldiari.
Diploma banaketa 445 ikasleri
Ekitaldi instituzionalaren aurretik, diplomak banatuko zizkieten Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan Ingeniaritzako gradu-, master- eta doktoretza-ikasketak iaz amaitu zituzten 445 ikasleri.