Osasun arloan euskara sustatzeko helburua duen Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak antolatuta Komunikazioa eta inkomunikazioa izeneko biltzarra egiten ari dira, gaur eta bihar, Arantzazuko Gandiaga topagunean. Erakundeak egiten duen 28. biltzarra da eta osasungintzako hainbat profesional elkartu ditu oraingoan ere.
Mahai-inguruak, aurkezpenak, eta tailerrak dituzte egitarauan. Gaurkoan ere hainbat profesionalek beraien esperientzien berri eman dute. Osasun zentro mailan egindako euskara neurketak ere aurkeztu dituzte, esaterako Azpeitiko ordezkariek, eta egon da arreta guneetan hizkuntzarekin lotuta pazienteekin eman diren gaizki-ulertu errealak aurkeztu dituenik ere.
Martxan diren ekimenak
Juanjo Sagarzazuk gidatu du gaur arratsaldean egin duten Hizkuntza eta osasuna izeneko mahai-ingurua. Hizlariak izan dira Osakidetzako euskara zerbitzuko arduradun Xabier Arauzo, Mondragon Unibertsitateko irakasle ohi, blogari eta gaixo onkologiko Joxe Aranzabal eta Aramaioko osasun zentroko sendagile Aitor Montes.
"Horrelako ekitaldiak guretzako oso aproposak dira arrantzan egiteko", azaldu du Arauzok. "Horrelakoetan esperientzia eta profesional asko ezagutzen ditugu eta martxan jarri eta arrakastatsuak diren proiektu asko". Arauzok dio Osakidetzatik egiten dela ahalegina pazienteei zerbitzua euskaraz emateko. "Esango nuke progresioa ona izan dela. Erronka batzuk badaude, esaterako, pazienteen preferentziazko hizkuntza zein den jasotzea edo eskaintza aktiboaren... Horrelako egitasmoekin Osakidetzak hobeto kudea dezake euskarazko asistentzia emateko asmoa".
Arauzok jakinarazi du Osakidetzak jasota daukala pazienteen %40aren preferentziazko hizkuntza zein den, eta horietatik %21ak —216.000 pertsona inguru— euskararen aldeko autoa egin du. Zailtasun nagusia, une honetan, profesional elebidunik ez egotea dela esan du. "Osakidetzan elebidunak gara gutxi gorabehera langileen %40. "Hala, aukera handiak daude profesional ez elebidunak aurkitzeko gure osasun asistentzian. Lehen mailako atentzioari dagokionean eta arreta medikua euskalduna ez bada aukera dago aldaketa eskatzeko baldin eta osasun zentro berean aukera badago aldaketa hori egin ahal izateko. Ospitaleko atentzioa, aldiz, aurreikusi gabea izaten da gehienetan eta hor suertatzen zaigun langilearen arabera izango da. Dena den, osasun zentro handietan aukera dago profesional elebiduna eskatzeko".
Arauzok herritarrak animatu ditu Osakidetzan euskaraz lasai egitera eta beraien preferentzia euskara dela jakitera ematera. Animatu ditu baita ere Osakidetzako langileak preferentzia horien arabera jokatzera eta Osakidetzako euskara planaren eremura hurbiltzeko.
Kritiko Osakidetzaren euskara planarekin
Bere hitzaldian Aramaioko osasun zentroko mediku Aitor Montesek atzerrian ematen diren egoeren berri eman du eta "benetako euskara plana" eskatu du Osakidetzarako. "Euskara planak beharrezkoak dira baina beste era bateko euskara planak sortu behar direla uste dut nik. Euskara osasungintza ezin da izan Euskara zerbitzuaren alorra, guztiona da eta nik uste dut denok hartu behar dugula parte. Gizarte eragileekin, pazienteekin, osasun profesionalekin, unibertsitateekin, soziolinguistekin, ikertzaileekin... egon beharko genuke beraien ekarpenak ere jasotzeko eta horiek kontuan hartuta sortzeko ikuspegi zabalagoko euskara planak", esan du Montesek.
Nazioarteko ereduen berri eman du Montesek bere agerraldian, tartean Kanada edo Gales. "Gales esaterako gure pareko da eta saiatzen ari dira beraien normalizazio planak zabaltzen. Kanadiarrek ere badute beraiena, askoz ere indartsuagoa. Planteamendu oso zehatzak eta egokiak sortu dituzte, baina ez dute giza-baliabiderik, ez dute profesional elebidunik. Gurean alderantziz erizain eta mediku euskaldun pila ditugu, baina gure planek ez dute ez mamirik ez funtsik. Beraiek garuna dute eta guk besoa. Ia elkarlanean hasten garen aukera dagoelako askoz ere eraginkorrago eta bizkorrago benetan euskalduntzeko. Kudeaketa eta plangintza egokiak dira behar ditugunak, eta batez ere zuzendaritzaren eta kudeatzaileen sustapena".