75. urtemugan, iragana gogoan

Iker Oñate 2018ko mai. 18a, 12:45

Aurten, 75 urte egingo ditu Mondragon Goi Eskola Politeknikoak. Eta, horren harira, hainbat ekintza antolatzen dabiltza ikasketa zentroko arduradunak.

75. urtemugaren ospakizunetan murgildurik da Mondragon Goi Eskola Politeknikoa. Gaur du ekintza sortako lehen hitzordua: 2016-2017 promoziokoen diploma banaketa egingo dute Kursaalean, 17:00etan hasita. Eta ekitaldi instituzionala izango dute ostean; erakundeetako zenbait ordezkari izango dira bertan. Urrian, ostera, herritarrei zuzenduriko zenbait ekintza egingo dituzte.

Hain zuzen ere, azken urteetan talde ezberdinetan banatuta egin izan dute diploma banaketa, leku faltak eraginda. Aurten, baina, ekitaldi bateratua egingo dute; 470 ikaslek jasoko dute euren diploma –graduko, masterreko eta doktoretzako ikasleak–. "Arrasaten egin gura genuen. Baina ez dugu halako ekitaldi bat antolatzeko lekurik. Besteak beste, kontuan izan behar dugu ikasleez gain, euren ingurukoak ere etorri ohi direla ekitaldira –1.500 lagun inguru–", azaldu du Carlos Garciak, Eskola Politeknikoko koordinatzaile orokorrak. Era berean, esan beharrekoa da Goi Eskola Politeknikoak Arrasaten, Ordizian eta Hernanin dituela ikasketa zentroak.

Horri lotuta, jakitun dira Donostiakoa "mesedegarri" izan dakiekeela kanpo proiekziorako: "Esan daiteke, gaur-gaurkoz, Gipuzkoan ez gaituztela gura moduan ezagutzen. Horri kontra egiten lagun dezake Kursaaleko ekitaldiak".

Eta, bestetik, ekitaldi instituzionala egingo dute diplomak banatu ostean; erakunde publikoetakoetako ordezkariek, enpresa munduko jendeak eta ibilbidean eskola politeknikoko kide izan diren zenbaitek –omenaldi modukoa da eurentzat– esku hartuko dute hitzorduan. Hala, besteak beste, Kursaalean izango dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegutura Saileko sailburua, Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea eta Iñigo Ucin Mondragon korporazioko presidentea.

Oinarriak akorduan

Urteurrenak mugarri garrantzitsu izan ohi dira oinarriak gogora ekartzeko. Eta Eskola Politeknikoaren kasua ez da salbuespen. "Bestelako gizarteordena sustatu gura zuen Jose Maria Arizmendiarrietak, gizatiarra eta bidezkoa. Horretan dihardugu", dio Garciak.

Zehatz esanda, Arizmendiarrietak 1943an jarri zuen martxan Lanbide Eskola, Arrasateko Biteri Eskolan. Eta hedatuz joan da ordutik hona. Finean, asko dira ikasketa zentroaren ibilbidean esangura duten gertakariak. Tartean, arduradunek akorduan dute industria-perituen alorrean diploma eskuratu zuen lehen belaunaldia –haien arrastorik ere bada gaur egun–; Zaragozan jaso zuten aitortza, 1952an. Eta, ostera, horietako zenbaitek sortu zuten gaur egungo Fagor, Ulgor izenpean, 1956an. Lehen industria kooperatiba izan zen hura. Modu berean, gaurkora gerturatuz, ahaztu barik dute Mondragon Unibertsitatearen sorrera: 1997an sortu zuten Eskola Politeknikoak, ETEOk eta Irakasle Eskolak.

Liburua eta ikus-entzunezkoa

Bestetik, 75 urteko historia laburtua helarazi guran, liburua eta ikus-entzunezkoa plazaratu ditu Mondragon Goi Eskola Politeknikoak. 75 urte jakintza sustatuz, etorkizuna eraikitzen bataiatu dituzte horiek. Gura duenak Mondragon Unibertsitatearen webgunean eskura ditzake. "75 urteek emandakoaren zenbait zertzelada bildu izan ditugu horietan, ahanzturan eror ez daitezen. Finean, etorkizunari buruzko zantzu ugari ematen ditu iraganak", argitu du Garciak.

Herritarrei lotuta

Arrasateri eta ibarreko herriei lotuta segi gura du Eskola Politeknikoak. Eta horrekin lotuta antolatu ditu urtemugako zenbait ekintza. "Gizartearekin dugun konpromisoa berretsi gura dugu, herritarrei zuzenduriko zenbait ekintza antolatuz", dio Garciak.

Hori horrela, jada zehaztuak dituzte zenbait ekintza. Besteak beste, teknologiaren bueltako berbaldia antolatu dute urriaren 17rako; nazioarteko adituek esku hartuko dute bertan. Eta, ostera, Korrontzi taldearen emanaldia izango da urriaren 19an. Gainera, hainbat ezusteko prestatzen dabiltza egun horretarako; tartean, herriko zenbait kultura sortzailek jardungo dute agertokian.

Bestetik, "eskerrak" emateko aprobetxatu gura dute urtemuga: "Eskerrak eman gura dizkiegu urte hauetan Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren parte izan direnei –ikasleak, irakasleak, enpresetako kideak...–".

Gizartea eta Eskola

Esan moduan, Mondragon Goi Eskola Politeknikokoek gizartera hurbiltzea dute helburu. Eta "ikustea horren erraza ez den arren", ziur dira hezkuntza zentroak egiten diola ekarpenik hari. "Hezkuntzaren palanka darabilgu gizartearen bilakaerarako. Esan daiteke Eskola Politeknikoak eragina izan baduela gizartean, ibarreko enpresetatik hasita. Eta horretan segitzeko asmoarekin dihardugu", aitortu du Garciak. Horri lotuta, gogora ekarri du "jende asko" joan ohi dela ikasketa zentroaren hezkuntza eredua ezagutzera: "Aparteko jardun modua du".

Era berean, Garciak berretsi du "proiektu soziala" izaten segitzen duela Eskola Politeknikoak. Matrikulei egin die erreferentzia: "Guztientzat izan gura dugu irisgarri, eta horretarako ahaleginean dihardugu. Alor pribatuaren barruan, esan daiteke nekez topatu daitekeela ingeniariak hemengo matrikulekin heziko dituenik. Gainera, bekak ere baditugu eskuragarri". Hainbat enpresaren ekarpenek eragina dute horretan; besteak beste, beharrezko dituzten bitartekoak –materiala, azpiegiturak...– lortzen laguntzen diete Mondragon korporazioaren enpresek eta Fagor Taldearen Gizabidea Fundazioak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak