Kantuan emango diote hasiera Elgetako Kantu eta Dantza Egunari, domekan. "Urtero bezala betiko euskal kantuak aukeratu ditugu domekarako. Saiatzen gara urte batetik bestera kantuak ez errepikatzen eta aurtengo egitarauan sartu ditugunak dira: Maitasun hitzak, Maitetxo, Markoxen txerrixe, Martxa baten lehen notak, Mendian gora, Mendizaleak aurrera, Nere herriko neskatxa maite, Neska zaharrak eta Nevadarat joan nintzen. Bi kantu izaten dira beti berdinak; hasteko abesten dugun Aitorren hizkuntz zaharra eta amaitzeko dugun Elgetako ereserkia, biak plazan", azaldu du Elgetako abesbatzako kide Lorea Larrañagak.
"Jendearen erantzuna ona izaten da. Inguruko herrietako kantu taldeak ere gonbidatzen ditugu eta etorri izan dira Eibartik, Aretxabaletatik, Arrasatetik, Oñatitik... Baina edozeinek har dezake parte, noski", azaldu du Larrañagak.
Elgetako korua domekako Kantu eta Dantza Egunean parte hartzekoa da, eta gonbidatuta daude baita ere ikasturte honetan musika gelatik sortua izan den neska-mutikoen abesbatzako kideak.
Herrixa Dantzan arratsaldean
Jainaga eta Narbaizaren zuzeneko musikarekin egingo du saioa Patxi Monterok. "Egunari egokitutako piezak joko ditugu. Alde batetik, kantuari lotuta kantuz ere laguntzeko eta bestetik jolaserako dantza errazak direnak", aurreratu du.
"Egun polita izaten da eta giro polita sortzen da. Aurreko urteetan 80 lagun inguru elkartu izan dira kantu-bazkarira". Dantzarako giro berezia sortzen dela dio Patxi Monterok. "Normalean dantzarako joerarik ez duen hainbat lagun animatu ohi da egun horretan dantzara. Giro dibertigarria eta sanoa sortu ohi da ahaztu gabe inguruko herrietako herritarren arteko harremana sustatzea eta estutzea dakartela halakoek, eta euskaraz. Oso esker oneko eguna da".