Pello Zabala eta Sabin Salaberri ohorezko euskaltzain izendatu dituzte

Euskaltzaindiak apirilean Bilbon egindako azken osoko Bilkuran hamasei ohorezko euskaltzain berri izendatu zituen, eta  horiek zeintzuk diren jakinarazi berri dute. Bost emakumezko eta hamaika gizonezko dira, tartean Pello Zabala Arantzazuko frantziskotarra eta Sabin Salaberri aramaioarra.

Euskaltzaindiaren arabera, euskarari egindako mesede bikainengatik nabarmendu direnen artean hautatzen dira ohorezko euskaltzain izango direnak, eta aurrerantzean Debagoienarekin lotura zuzena duten bi pertsonakere izango dute izendapen hori: Pello Zabalak eta Sabin Salaberrik.

Pello Zabala, 1943an Amezketan jaioa, Arantzazun bizi da umetatik, hasieran ikasle, eta gero fraide frantziskotar moduan. Idazlea, irrati aurkezlea, musikazalea eta meteorologoa da. Sabin Salaberri, aldiz, 1934an jaio zen Aramaion. Musikaria eta irrati esataria da, eta bere lanetan leku nabarmena egin dio beti euskarari.

Jose Antonio Aduriz, Martxel Andrinua, Txaro Arteaga, Maria Jose Azurmendi, Miren Jone Azurza, Henri Duhau, Izaskun Gastesi, Abel Muniategi, Manex Pagola, Jose Maria Rementeria, Txomin Solabarrieta, Julen Urkiza, Arantxa Urretabizkaia, eta Auxtin Zamora dira izendatu berri dituzten gainerako ohorezko euskaltzainak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.