Leo Bassi (Komikoa): "Jarrera militantea beti presente dago nigan"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko mai. 12a, 10:08
Leo Bassi umorista Amaia antzokian izango da domekan. Argazkia: Matteo Abati

Eskoriatzako EskoZap elkarteak antolatuta, Arrasateko Udalaren eta AMS taldearen laguntzarekin, komiko polemikoa Amaia antzokian izango da bihar, domeka, 19:30ean. Bere ibilbidearen “laburpen filosofikoa” egiten duen El ultimo bufon ikuskizuna eskainiko du Leo Bassik (New York, 1952), Chiapasen alde. Sarrerak 15 eurotan eros daitezke Arrasate.eus atarian eta leihatilan.

Aspaldiko partez Amaia antzokian.

Oso pozik nago; gustuko dut horko publikoa. Euskaldunei buruz dudan oroitzapena da, jende herrikoia, harrotasun handikoa eta indartsua dela, bere buruaren jabe dena. Oso gustuko dut hori, zirku tradizioko familiakoa naiz eta, familia oso herrikoi batekoa, bada. Publiko pijoaren kontrakoa da horkoa, hortaz, oso gustuko dut.

El ultimo bufon ikuskizunarekin zatoz oraingoan. Zelakoa da?

Niretzako oso berezia eta garrantzitsua da; nire sustraien inguruan hitz egiten du. Nire ibilbidearen laburpen anekdotikoa baino, laburpen filosofikoa da. 66 urtetan bizi izan ditudanak ez dute hurrengo belaunaldiek biziko: zirku karabana baten bizi ginen, eta herriz herri ibiltzen ginen familia osoa. Ez genuen gaur egungo gailurik, baina aske ginen. Gaur egun denetik daukagu: internet, sare sozialak, enpresa handiak… baina zelako askatasuna?

Diozu, zure bizipenekin belaunaldi berriei mezua bidali gura diezula.

Harrotasunez aldarrikatu nahi dut, oraindik ere, bizirik dagoen ibilbidea. Nire egiaren alde borrokan inoren aurrean belaunikatu barik jarraitu nahi dut; eta bide batez, hurrengo belaunaldiei esan nahi diet, kontuz ibiltzeko: askatasuna ematen dutela diruditen gauza asko, azkenean konturatuko direla ez dela horrela. Manipulatuta daude!

Irudiekin jantziko duzu ikuskizuna.

Dokumentu asko erakutsiko ditut, bai: nire txikitako argazkiak guraso eta aitona amonekin, gure zirkuarenak… Bitxikeria asko eta gertakari gogorragoak ere kontatuko ditut, adibidez, lehergai bat jarri zidatela 2006an, geroago, aretoa erre egin zidatela… Horiek guztiak 90 minututako saioan.

Chiapasen aldeko jaialdia da, zuk ere gertukoa duzun auziaren alde.

Sekulako indarra dauka Chiapasek, eta aspektu militantea beti dago presente nigan, hortaz Arrasaterako proposamena jaso nuenean argi izan nuen nik ere lagundu nahi nuela.

40 urteko ibilbidea bizkar-gainean, gaur egun errazagoa da boterearen aurkako umorea egitea?

Ez da ezer aldatu, molestatu egiten baduzu erreakzionatuko dute, lehen, orain, eta beti. Kritika biguna maneiatu dezakezu, baina botereari mina eginez gero… Umore politikoak zentzua dauka boterearen egia ukitzen duenean. Umore ekonomikoa egitea ere ikaragarri zaila da, segituan heltzen zaizkizu salaketa eskutitzak. Arriskutsua da, jendea auto-zentzuratu egiten denean arazoak ez izateko. Nik, adibidez, toki askotan debekatuta daukat sartzea edo antzeztea, esan ditudanak ez zaizkiolako Elizari edo politikariei… gustatu. Era berean, areto pribatuek ere beldurra dute ni kontratatzeko, ondorioak jasotzen dituztelako. Ordaindu beharreko prezio bat badago, bai, baina askatasunaren prezioa da hori.

Ze unetan zaude orain?

Sormen handikoan, egia esan. Istorio berri askorekin… Harrituta nago buruz hain gazte nagoelako. Iglesia Patolica sortu nuen, eta kapila bat dut Madrileko Lavapies auzoko aitzinako etxe baten. Oso ondo doa, oso gauza bitxiak egiten ditugu: domekero meza, eta, azkenaldian ezkontza pila bat, zortzi bat ditugu datozen asteetarako. Udaletxean sinatzea tristea iruditzen zaie eta horregatik zeremonia bat nahi dute, eta nik modu zintzoan eta dibertigarrian ezkontzen ditut. Ez dago horrelakorik egiten duen inor. Polita da! Orain dela gutxi hiru hileta ere egin ditugu, hori zailagoa izan zen. Leku oso esperimentala da, berritzailea da. Youtuben kanala ere badut Iglesia Patolica. Streamming bitartez zuzenean eskaintzen ditugu egiten ditugun zeremoniak.

Bidaiatu ere, asko egiten duzu.

Bai, hala da. Horixe da zirkuko bizitza. Ni ez nago hizkuntza bati lotuta; gaizki, baina hizkuntza asko hitz egiten ditut, eta egiten dudana begiekin ere oso ulergarria da. Herrialde bakoitzerako moldaketa batzuk egiten ditut, ez da ikuskizun bera, herrialde bakoitza giro ezberdinean dagoelako. Ekainean Alemaniara joango naiz, geroago Brasilen ere antzeztuko dut... Gustura nabil.

 

Chiapasi laguntzeko helburuarekin

Aste Zapatistan parte hartzen duen lagun baten bitartez jo zuen komiko ezagunaren atea 1994a ezkero Chipasen hainbat ekimen bultzatzen dituen EskoZap taldeak. "Mexikoko Chipas estatuan bi ekimen ditugu orain: San Cristobal de las Casaseko Colectiva Cereza, batetik, eta landa eremuan dagoen Zitim Camino del Viento komunitatean, bestea", dio elkarteko kide Ahinara Zubizarretak, eta zera gaineratu du: "Bidegabeki espetxeratutako emakume indigenei eta horien seme-alabei bidezko defentsa egiten lagundu, eta kartzelatik ateratakoan arreta osoa eskaintzea da Colectiva Cerezaren lana, eta Zitimen, berriz, beste osasun zentroa eraiki dugu beste elkarte batzuekin".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak