Eta orain zer?

Iker Oñate 2018ko mai. 11a, 14:05

ETAk bukatua du bere "ekinbide politikoa", egitura guztiak "erabat desegin" ostean. Hala jakinarazi zuen aurreko eguenean –maiatzak 3– kaleraturiko amaiera adierazpenean. Eta orain, aurrera begira jarriak dira ordezkari politikoak.

ETAk bere ibilbidea eten zuen aurreko eguenean –maiatzak 3–. Amaitutzat eman zituen "erakundearen ziklo historikoa eta funtzioa". Hain zuzen, zenbait adierazpenek –apirilaren 20koa eta maiatzaren 3koa– eta hitzorduk –Kanboko ekitaldia, tartean– ezaugarritu zituzten ETAren bukaera. Esan beharrekoa da horiek era guztietako iritziak sortu dituztela panorama politikoan. Hori bai, aurrera begira jarriak dira alderdiak. Hala, euren irakurketa ezagutu guran, hainbat alderdi politikotako ordezkariekin izan da GOIENA.

Argazkian: Rafaela Romero, Aitor Urrutia, Iosu Lizarralde eta Isabel Salud.

ETAren adierazpenak

Esangura handiko bi adierazpen egin ditu ETAk azken asteetan. Besteak beste, "ibilbide armatuan eragindako kalteak" onartzeko oharra kaleratu zuen apirilaren 20an. Era berean, ohar horretan, konpromisoa azaldu zuen "gatazkaren ondorioak behin betiko atzean uzteko, eta halakorik berriro ez errepikatzeko".

Horrekin batera, "gatazkan parte hartze zuzena izan ez duten biktimei" barkamena eskatzeko erabili zuen adierazpena; zenbait alderditako ordezkariak asaldatu egin ditu biktimak bereizte horrek. "Elementu berriak, eta, era berean, interesgarriak azaldu zituen adierazpen hartan. Baina hanka-sartze izugarria egin zuen biktimak bereiztean. Besteak beste, esan daiteke arrazoi politikoak eta ekonomikoak lehenetsi dituztela, etikoak beharrean", azaldu du Aitor Urrutiak, EAJko legebiltzarkide eskoriatzarrak.

Bestetik, maiatzaren 3ko adierazpenarekin eman zion bukaera ETAk bere ibilbideari –Marixol Iparragirre preso eskoriatzarrak eta Josu Urrutikoetxea ETAko kide ohiak irakurri zuten azken adierazpena–. Haren bidez, ETAk jakinarazi zuen "erabat deseginda" zituela egitura guztiak, eta, beraz, bukatutzat joa zuela haren "ekinbide politikoa". Are: gaineratu zuen militante izandakoek "beste eremu batzuetan" jarraituko dutela "Euskal Herri bateratu, independente, sozialista, euskaldun eta ez patriarkaren aldeko borrokan, norberak egokien irizten dion tokian".

Eta horrek ere askotariko iritziak sortu ditu ordezkari politikoen artean. Tartean, "baikor" azaldu da Iosu Lizarralde, EH Bilduko Gipuzkoako batzarkide oñatiarra: "Albiste ona da; hala baloratu behar da. Ona da euskal gizarte osoarentzat. Euskal Herrian bakea eta bizikidetza demokratikoa eraikitzeko ekarpen historikoa izateaz gain, euskal gizarteak espero eta desio zuen zerbait izan delako. Finean, esan daiteke gizartearen nahiak erantzuna izan duela ETAren partetik".

Eta, ostera, erdibidean gelditzen denik ere bada. "Gustura jaso dugu ETAren behin betiko desegitea, beharrezkoa zelarik. Hori bai, berandu dator, eta eragindako min bidegabearen aitorpen barik. Ezin daiteke biktimen arteko bereizketarik onartu. Horien guztien giza eskubideak urratu zituen ETAk", azaldu du Isabel Saludek, Unidos-Podemoseko parlamentari eta Ezker Anitza-IUko koordinatzaile bergararrak.

Bestalde, adierazpenaren kontra egin du Rafalea Romerok, PSE-EEko legebiltzarkide arrasatearrak. "Ez zait eduki doktrinario eta totalitarioa interesatzen; Inoiz ez zen gertatu behar esaldiarekin geratzen naiz neu", dio. Eta gaineratu du "berandu" heldu zela adierazpena: "ETA beti heldu izan da berandu". Horri lotuta, Urrutiak 2011ko urriaren 20ko adierazpena dakar gogora: jarduera armatua "behin betiko" eteteko erabakia iragarri zuen ETAk. "Niretzat, hura izan zen garrantzitsuena", argitu du.

Kanboko ekitaldia

Adierazpenen ostean etorri zen Kanboko ekitaldia –maiatzaren 4an egin zuten–. Besteak beste, nazioarteko begiraleak –Jonathan Powell, Gerry Adams, Brian Currin...–, Euskal Elkargoaren presidente eta Baionako auzapez Jean Rene Etchegaray, hainbat alderditako ordezkariak eta sindikatuetako kideak izan ziren bertan. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, berriz, adierazpen bateratua egin zuten Bertizko jaurerrian (Nafarroa Garaia).

Besteak beste, Lizarraldek uste du "esangura handiko" ekitaldia izan zela Kanbokoa. "Gatazkan egon diren beste herrialdeetan egin den bezala, Harremanetarako Nazioarteko Taldeak (HNT) bake konferentzia antolatu zuen; hark berebiziko garrantzia izan du ETAk egindako azken urratsetan –2010az geroztik–. Beraz, zentzu bakoak dira hitzorduari balioa kentzeko izan diren saiakerak", dio. Eta Iñigo Urkullu lehendakariaren jarrera dakar gogora: "Tristura eta kezka sorrarazi dizkit bere jarrerak. Atsekabetuta sentitu naiz, ez baitabil uneak eskatzen duen maila ematen. Nahiago nuke Etchegaray lehendakariak izan duen jarrera izango balu".

Bestetik, ekitaldian parte hartu zuten horietan sakondu barik, Kanboko konferentzia "berandu" iritsi zela dio Urrutiak. "Denbora larregi igaro da 2011ko adierazpenetik hona. Horrek balio historikoa kentzen dio hitzorduari. Dena den, beti diot: inoiz ez baino, hobe berandu egitea", aitortu du.

Saludek, berriz, "baikorki" baloratu du nazioarteko bitartekaritzaren esku hartzea. Hori bai, kritiko azaldu da egiteko moduarekin: "Bertan parte hartu zuten eragile eta alderdiek ez zuten adierazpena ezagutzen. Ez gaude horrekin ados".

Romerok, aldiz, ez zuen "ziurtasun-ekitaldi berezi" beharrik ikusten, "ETAri berari dagokiolako desegitea". "Nazioarteko begirale ospetsu batzuk, ez dakit zer gatazkaren konponbidearen izenean, ETAren amaieraren eszenifikatze ekitaldira etortzea bigarren mailakoa da", dio.

Aurrera begira

Gaur-gaurkoz, aurrera begira jarriak dira alderdietako ordezkariak. Oro har, presoen urruntze politikoarekin segitzea "justifikatu barik" legoke, horien ustez. "Presoen kontuan ez legoke lege bereizketa egin beharrik", dio PSE-EEko kideak. Eta gaineratu du presoak libre direla, banan-banan, askatasunez, beren bidea erabakitzeko, "haien senideen sufrimendua ere arindu dadin". Gainerakoan, Romerok "itxaropenez" begiratzen dio etorkizunari, "iragana mingarria den arren".

Bestalde, EAJko kidearen hitzetan, "gauza asko daude aldatzeke". Hala, "giza eskubideen errespetua eta biktima guztien errekonozimendua" aipatzen ditu, tartean. Are: uste du "herriak" berba egin behar duela, "desadostasun politikoak" egon arren. "Akordioetara heldu beharra dugu", aitortu du.

Era berean, "eskubide guztien errespetua" aldarrikatu du EH Bilduko kideak: "Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko, ezinbestekoa da eskubide guztiak errespetatzea, baita herri honen eskubide nazionalak ere". Eta "maitasunean, elkartasunean eta enpatian oinarrituriko bakearen eta etorkizunaren" alde egin du.

Eta, bukatzeko, gizartearen "izaera plurala" onartzeko lan egin beharra aipatu du Ezker Anitza-IUko kideak: "Oraindik zabalik daude zauriak. Beharrezko dugu herri plurala garela onartzea, normalizatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak