Berriki, Gipuzkoako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkartearen saria jaso duzu zuzendari onenaren kategorian. Aitortu duzu ez zaudela sariak jasotzera ohituta, baina eskertzeko modukoa izango da noizean behin era honetako aitortza bat jasotzea?
Urte asko daramatzat lanean, beti gauzak ahalik eta ondoen egiteko gogoarekin, eta era honetako sariek aurrera egiteko indarra ematen dute. Askotan, beherakada emozionalak izaten ditugu, ez dakigulako egiten ditugun ahaleginek etekina izango duten, edo noranzko onean goazen. Baina horrelako aitortza batek oker ez gabiltzala ikusteko balio du.
Sorpresaz hartuko zenuen, beraz, Aspegiren saria?
Nire kasuan, ez nago batere ohituta era horretako aitortza publikoak jasotzera. Enpresa munduan eguneroko zereginetan murgilduta egoten gara, eta egia da esker oneko keinuetarako tarte gutxi izaten dugula. Gure kasuan, input positibo horiek beste era batekoak izaten dira, eta, batez ere, bezeroen partetik jasotzen ditugu: produktu bat garaiz entregatzen denean, euren hutsune bati erantzuna ematerakoan... Era horietako aitortzek laguntzen digute aurrera egiten. Baina jaso dudan aitortza honek izaera pertsonalagoa du, sentimentalagoa den zerbait bezala hartu dut.
Egile talde enpresarialeko bi enpresetako zuzendari orokorra zara. Zein da taldearen argazkia momentu honetan?
Egile taldea DMP eta Zehatz enpresen fusiotik sortu zen; bata aeronautikara dedikatzen da eta bestea, aldiz, mekanika alorreko muturreko doitasunera. Egile izenarekin bete-betean asmatu zuten, lan munduan egiteko eta eragiteko asmoz indarrak batzea zen-eta bi jabeen helburua. Orain, askoz enpresa gehiago daude talde barruan, eta askotariko merkatuak asetzen dituztenak. Aipatutako biak nukleo mekanikokoak direla esan dezakegu, baina urarekin eta energiarekin lotutakoak, zibersegurtasunera bideratutakoak edo hortz osasunarekin erlazionatutakoak ere badauzkagu. Teknologikoki geldi egoten ez dakiten horietakoak gara, eta gure baliabideen zati garrantzitsu bat bideratzen dugu ikerketa eta garapenera. Oso erronka politak dauzkagu aurretik.
Beraz, ikerketa eta garapena aurrera egiteko ezinbesteko elementuak dira zuentzako...
Hala da. Gezurra dirudi, baina produktu sinpleenek ere ikerketa eta garapena behar dute. Adibide bat jartzearren: Zehatz enpresan, elikadura sektoreko bezeroak ditugu, eta atun- latak egiten dituzte. Potea zabaltzeko tira egiten duzun eraztun horrek sekulako zehaztasun maila behar du ondo zabaltzeko. Mikra kontua izaten da. Pixka bat gora edo pixka bat behera eginez gero, ez du ondo funtzionatuko, eta minutuko laurehun kolpe ematen dituen produkzio-kate batean oso garrantzitsua da hori.
Zure ibilbide profesionala ezagutu nahiko nuke. Has gaitezen ikasketekin. Mondragon Goi Eskola Politeknikoan Ingeniaritza Informatikoa ikasi ostean, Frantzian egin zenituen bi urte. Nola eragin zizun esperientzia hark?
Mondragon Goi Eskola Politeknikoak beti izan du nazioartera begiratzeko bokazioa, batez ere, ikasle ahalik eta prestatuenak sortzeko. 90eko hamarkada hasieran Goier izeneko programa bat zuten martxan, ikasketak ondo egiten zituztenek kanpora joateko aukera izan zezaten. Ikasle ugarik eman genuen bertan izena, hainbat lekutara joateko aukera zegoelako: Frantzia, Ingalaterra... Nahiko modu kooperatiboan nantzatzen ziren bidaia haiek. Gure eskura genituen beka guztiak batzen genituen, diru-poltsa komunitario bat sortzeko. Hala, dirua denen artean banatzen genuen, eta ahalik eta ikasle kopuru handienari ematen genion kanpora joateko aukera.
Erasmus bekaren antzera, baina izaera kooperatiboarekin?
Horrelako zerbait, bai. Gaur egun, asko normalizatu da kanpora joatearena, eta erraztasun gehiago daude. Niri, pertsonalki, kanpoan ikasteak asko lagundu dit. Egin beharreko zerbait da: mentalitatea irekitzeko, arlo akademikoan sakontzeko, pertsona helduago izateko eta hizkuntza eta kultura berriak barneratzeko. Dena abantailak dira, eta mundu guztiari gomendatzen diot.
Beraz, oso garrantzitsua izan zen zuretzako...
Erabat. Nire kasuan, Okzitaniako Tolosan egon nintzen eta bertan izan nuen lehen kontaktua aeronautikaren sektorearekin. Ondoren, nire ibilbide profesional gehiena alor horretan garatu dut, eta bezero frantses asko izan ditut. Beraz, eragin benetan garrantzitsua izan du nire ibilbide profesionalean.
Zure lan ibilbidea ITP enpresa bizkaitarrean hasi zenuen. Nola gogoratzen dituzu hastapenak?
Ez nintzen bertan hasi. Aurretik, ULMA taldean aritu nintzen, nahiz eta orduan Oñakar izena zuen. Urte batzuk badira, bai [Barreak]. Oso gustura egon nintzen; batez ere, gaia gustatzen zitzaidalako: biltegi automatikoak eta kudeaketa logistikoa. Asko ikasi nuen bertan, baina hasi eta gutxira ITPren eskaintza bat jaso nuen. Garai hartan, ez zen gaur egun den enpresa erraldoia, baina euren aldeko apustua egin nuen. Sei urte oso on egin nituen bertan.
Ondoren, enpresa sortu berri batera egin zenuen salto. Zer dela eta utzi zenuen ITPn zenuen egonkortasuna abentura berri batean murgiltzeko?
Ez zen nire ekimenez hartutako erabakia izan. ITP hornitzaile baten bila zebilen oso behar konkretua asetzeko. Hornitzaileak aurkitzeko zailtasunen eraginez, enpresa berri bat sortzea erabaki zuten, Suitzako bazkide teknologiko batekin elkarlanean. Bost laguneko lantaldeari eman ziguten hori egiteko ardura. Ikasketa prozesu etengabea izan zen niretzako, dena egin behar izan baikenuen hutsetik hasita: lokalaren kokapena aukeratu, lursaila erosi, makineria erosi, lokalaren antolaketa siko guztia diseinatu, langileak Suitzan prestatu, langileak aukeratu... Opari bat izan zen talde hartan egotea, batez ere, enpresa baten ikuspegi globala barneratzea ahalbidetu zidalako.
Gaur egun, enpresa hori existitzen da?
Orain, PCB izenarekin da ezagunagoa, eta 400 langiletik gora dituela esango nuke. Beraz, pentsa zelako hazkunde maila izan duen.
Zein izan zen esperientzia hartatik atera zenuen ikasgairik handiena?
Asko izan ziren. Hasteko, nire esparru teknikotik kanpo zeuden gauza asko egiten ikastea. Taldean lan egiteko gaitasuna eta besteei irakasteko trebezia. Baina, bat aukeratu beharko banu, sistemak sortzeko abilezia aukeratu nuke. Nire ustez, enpresa kudeaketan bi gauza oso garrantzitsu daude: dituzun langileak eta modu ordenatu eta eraginkorrean lan egiteko dituzun sistemak. Pertsonarik gabe ez gara ezer; hori, hasteko. Baina enpresa bat hutsetik sortu eta funtzionatzen jartzen duzunean, asko ikasten duzu bigarren aspektu horri dagokionez. Are gehiago esango dizut: enpresa hori abiarazi genuen lantaldekoekin oso erlazio estua daukat. Batzuek bertan jarraitzen dute, eta gehienok beste leku batean gaude. Baina esango nuke esperientzia horren ostean denok daukagula lan egiteko orduan estilo bera. Pertsonak gara, azken nean, eta helburu partekatu bat duzun pertsona horiekin lotura berezi bat sortzen da, eta hori zurekin eramango duzu beti.
Enpresaren alde iluna bizitzea ere egokitu zaizu, ezta?
2010ean, PCB utzi eta enpresa berri batera joan nintzen. Krisiaren eraginez egoera txarrean zegoen, eta horri buelta emateko erronka genuen. Tamalez, ez genuen helburua lortu, eta 2012an DMPra joateko erabakia hartu nuen.
Enpresa gaizki doanean, kudeaketa inoiz baino garrantzitsuagoa izango da...
Ez da erraza, erabaki latzak hartu behar direlako. Nork bere gorputzeko atalak anputatzea bezala da, baina zailtasunak kudeatzen jakin beharra dago, enpresa guztiei iristen baitzaie momentu zailen bat.
Nazioartera bidaia asko egiten dituzu. Ohikoagoa da kanpoan emakumeak botere postuetan ikustea? Edo Euskal Herriko maila berean daude?
Lehen, askoz emakume gutxiago ikusten zenituen kanpora joaterakoan. ITPrekin askotan joaten nintzen Alemaniara, eta bertako asko harritu egiten ziren emakume bat ikusita. Begiradan igartzen nien. Alemanian eta Euskal Herrian emakume gutxi zeuden botere postuetan, eta baita mekanikaren munduan, orokorrean. Baina, zorionez, gaur egun, egoera asko hobetu da. Emakume ingeniari asko daude, eta benetan uste dut bi generoetako pertsonek elkarrekin lan egiterakoan enpresaren potentzialak gora egiten duela. Hala ere, asko dago egiteko.
Gogoratzen duzu diskriminazio adibiderik?
Bat oso ondo gogoratzen dut. Precicast-en hasi ginenean, lantegia hutsetik muntatzen genuen artean, langile batzuk Suitzara bidali genituen sei hilabeterako prestakuntza jasotzera. Leire izeneko neska gazte bat injekzio sekziora bidali genuen, non denak gizonezkoak ziren. Bertako produkzio arduradunak esan zidan neska hura ez zela lan hori egiteko kapaza izango, pisu handiak garraiatu behar zirelako. Nik erantzun nion oker zegoela, pisuak garabiekin mugitzen zirelako eta hori Leirek arazorik gabe egin zezakeelako. Bertan sei hilabete pasa behar zituela jakinda, hasiera gogorra izan zen. Baina asko ikasi zuen, eta gaur egun, lantalde handi baten arduraduna da.