Trikitilarien eta pandero joleen harrobia, batuta

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko mai. 4a, 17:02
Antzuolako trikiti eskolako kideak, herrian, zapatuko jairako dei egiten.

Antzuolako trikitilari eta pandero joleez gainera, Bergarakoak, Aretxabaletakoak, Arrasatekoak, Oñatikoak, Eskoriatzakoak, Aramaiokoak, Soraluzekoak, Zumarraga-Urretxukoak eta Bermeokoak elkartuko dira bihar, zapatua, egingo duten XIV. topaketan.

Oñatiri lekukoa hartuta, Antzuolan egingo dute bihar, zapatua, Debagoieneko XIV. Trikitixa Eguna. Helburua trikiti eta pandero doinuak kalera ateratzea da, eskolen arteko harremanak sustatzeko eta bataren zein bestearen ezagutzak eta lan egiteko modua partekatzeko.

2008-2009 ikasturtean egin zuten azkenekoz Antzuolan Topaketa, eta Debagoieneko herri guztietatik pasatuta egokitu zaie berriz ere Zumarraga-Urretxuko Sekundino Esnaola musika eskolako antzuolarrei anfitrioi lanak egitea. Udalaren, herriko lantegien eta komertzioen laguntzarekin, Antzuolako ikasleen gurasoak eta Edurne Iturbe irakaslea urrian hasi ziren jaialdirako prestaketa lanetan. "Bazkaria eta beharrezko azpiegitura, kartelak, babesleak aurkitu... denetik egin dugu. Oso gustura ibili gara, eta oso eskertuta gaude Udalak eta herriko lantegiek eta komertzioek emandako laguntzagatik. Bihar ere burubelarri ibiliko gara: bazkarian zerbitzari lanetan, kanpotik datozen taldeekin gidari lanetan... Gogotsu gaude biharko", azaldu du Nagore Dos Santosek, guraso taldeko kideak.

273 lagun elkartuko dira

Zumarraga-Urretxuko Sekundino Esnaola musika eskolako zuzendari Edurne Iturbe astero joaten da Antzuolara trikiti eta pandero eskolak ematera. Haren esanetan, halako topaketek "eskolan egiten dutenari zentzua ematen diote. 273 lagun elkartuko gara bihar, maila eta adin ezberdinetakoak; izan ere, eskola bakoitzak bere berezitasunak ditu: Antzuolan, haurrak bakarrik ditut nik ikasle, baina Bermeokoak ere gonbidatu ditugu, eta horiek 40 urtetik gorako musikariak dira guztiak", dio Iturbek.

Puntako trikitilariak, berbetan

Kalejira eta kontzertuez gainera, Huntza taldeko Josune Arakistain eta Itsaso Elizagoien trikitilarien bizipenak entzuteko aukera ere izango da Torresoroa aretoan egingo duten hitzaldian." Garai batean, txapelketetan lehiatzen nintzen, eta gaur egun epaimahaikide izaten naiz; aspalditik ezagutzen ditut Arakistain eta Elizagoien. Interesgarria iruditu zitzaigun erromeriez gain, bestelako musika taldeetan ari diren trikitilariak ere badaudela erakustea; hau da, trikitia eta panderoa beste erregistro batean erakustea. Orain dela hiru urte Zaldibarko txapelketa irabazi zuen gaur egun arrakasta handia duen Huntza taldeko Arakistainek; Etxalarko Elizagoienek ere txapelketa askotan jardun du, eta gaur egun, Galiziako Carlos Nuñez musikari ezagunaren taldeko trikitilaria da. Oso pozik daude bihar gurera etortzeko".

Egitaraua

  • 10:00: Ongietorria eta hamaiketakoa eskolako patioan. 
  • 11:00: Josune Arakistain eta Itsaso Elizagoien trikitilarien hitzaldia Torresoroa aretoan.
  • 12:00: Kalejira.
  • 13:00:Trkitilarien eta panderto joleen saioa, Zurrategi plazan.  
  • 14:30: Bazkaria eskolako patioan.
  • 18:00: Gazteeen taldeen emanaldiak, Herriko Plazan.
  • 20:00: Bide Batez taldearekin erromeria, Zurrategi plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak