Asko dira iragana gaurkotzeko ahaleginean diharduten elkarteak. Tartean da 2007an sorturiko Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartea. Herritar talde batek sortu zuen, Jose Maria Arizmendiarrieta kooperatibismoaren aitzindariaren ideien, ikuspegiaren eta balioen transmisiorako. "Ikusi genuen kooperatiba munduan ere ahanzturan erortzeko arriskuan zirela horiek", aitortu du Miguel Angel Laspiurrek, elkarteko presidenteak. Gaur-gaurkoz, 374 bazkide ditu Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak.
Gauzak horrela, enpresaren alorretik harago doa elkartearen jarduna. "Ikaragarria badirudi ere, Arizmendiarrietak bere garaian egindako hausnarketak baliagarri dira gaur egun ere. Eta ez enpresa munduan bakarrik", dio Laspiurrek. Besteak beste, elkarlanean dihardute Estatuko zein nazioarteko zenbait unibertsitaterekin: Mondragonen esperientzia ezagutarazi dute 200 unibertsitatetan baino gehiagotan –Tolosan (Frantzia), Parisen, Oxforden, Perun eta Kuban izan dira, besteak beste–.
Datorren urterako erronkak
Eta erronka berriak dituzte finkatuta ikasturte berrirako –horietako batzuk gaur arte egindakoaren jarraipena dira–. Esate baterako, erdigunean jarriak dituzte gazteak; izan ere, haiengana hurbildu gura dituzte Arizmendiarrietaren "balio humanistak". Ahalegin horretan, hain zuzen ere, gazte talde bat dago elkartean, eta haren proiektu ezberdinetan esku hartuko dute haiek.
Horrez gain, hasiak dira Arizmendiarrietaren lanak gaurko euskarrietara egokitzen, Liburutegi Birtualaren bitartez. "Sarean eskainiko ditugu hark bere garaian idatzitakoak, herritarrek eskuragarri izan dezaten", argitu du Laspiurrek. Gaur-gaurkoz, dokumentua katalogatzen dihardute elkarteko kideek. Horren ostean hasiko dute digitalizatze prozesua.
Pertsonak erdigunean
Arizmendiarrieta Lagunak Elkarteak badu enpresei zuzenduriko egitasmorik ere. Esaterako, pertsonak erdigunean jarriko dituen negozio eredua hedatu gura dute: Eusko Jaurlaritzara eta Nafarroako Parlamentura eroango dituzte horren inguruko legez besteko proposamenak. Aurreikuspenen arabera, erakundeek "laster" jorratuko dute enpresei bideraturiko "eredu humanistaren" gaia. Eta onartzea "garrantzitsua" da haren hedapenarentzat.