Olatz Etxabe: "Guk ez daukagu estatuaren edo legearen aitortzarik, baina bai herritarrena"

Eneko Azkarate Laspiur 2017ko urt. 13a, 10:00

Estatu terrorismoaren lehen ekintza izan zen Iñaki Etxaberen kontrako atentatua. Hala dio Iñigo Iruin abokatuak. Olatz Etxabek ondo gogoratzen du aita hil zioteneko eguna. Gau hartaz eta ondorengo egunez dihardu; aitari buruz, oro har.

Hamar urte zituela galdu zuen aita, 1975eko urrian, Franco hilzorian zela. Atentatu baten. Askoren ustez, estatu terrorismoaren lehen kasua izan zen hartan. Batallon Vasco Español delakoak hartu zuen bere gain erailketa (BVE), atentatua izan eta hamar urtera.

ETAko kide historiko etxabetarren anaia zen Iñaki Etxabe eta guardia zibilen jomuga izana zen lehenagotik ere. Kanpazar jatetxean hil zuten burua estalita zeramaten hiru ezezagunek. "Gure susmoa beti izan da guardia zibilak izan zirela", dio Olatz Etxabe alabak.

Heriotza agiri ofizialak dio aita shock baten ondorioz hil zela eta Estatuak ez dio terrorismo biktima aitortu, 38 metraila-balaz josi bazuten ere. Eskubideen defentsan, Europako Justizia Auzitegira, Estrasburgora, jo du familiak, aita hil zutela 41 urte pasatuta, Espainian lortu ez duen legezko aitortzaren bila.

Memoriaren Plazan hartu duzu parte, Arrasaten, Sandra Carrascorekin batera. Lehenengo aldiz jendearen aurrean?

Bai. Iaz testigantza batzuk grabatu zizkiguten bideoan Memoriaren Plazan emateko. Eusko Jaurlaritzaren Gogora Institututik jaso nuen gonbita, Enrique Ullibarriaranaren partetik. Baina jendearen aurrera lehenengo aldiz atera naiz Arrasaten, Aintzane Ezenarrok gonbidatuta.

Ustekabean jaso zenuen deia?

Egia esan, bai. Hiru anai-arrebaren artetik neu naiz zaharrena eta neuk hartu izan ditut horrelako ardurak. Lehenago, dena den, Manuela Carmena epaileak, gaur egungo Madrilgo alkatea denak, egin zuen giza eskubideen urraketei buruzko txostena zela-eta hartu-emanak izan genituen Jaurlaritzarekin. Arrasateko Memoriaren Plazan parte hartzeko gonbita jaso nuenean, amarekin eta anai-arrebekin komentatu nuen eta ondo iruditu zitzaien parte hartzea.

Zelan geratu zinen hitzaldiaren ostean?

Aurretik beldurra nuen. Bertigo apur bat ere bai. Berria zen hura niretzako eta ez nekien ze jende mota etorriko zen. Guretako, ez da samurra barruko sentimenduak azaleratzea eta herrikideen aurrean adieraztea. Dena den, aldez aurretik ondo gertatuta neraman esan nahi nuena, ondo pentsatuta eta egituratuta. Amaieran, lasai eta gustura geratu nintzen; batez ere, jendea gerturatu zenean zoriontzera.

Zelan ikusten duzu Gogorak egiten diharduen lana?

Beharrezkoa eta garrantzitsua da. Jende gazteak ez dauka guk bizi izan dugunaren berri. Eta, bestetik, gure historia da. Berriz gerta ez dadin, komeni da gertatutakoa ezagutzea eta horren gainean berba egitea. Alde bateko zein besteko izan. Sandra Carrascoren kasuan ere bai. Gure familiak izan du herrikideen babesa, baina Sandrarenak ez. Nire alaba txikiena izan zen Memoriaren Plazan. Tokatu zitzaion ikastolatik joatea. Hunkitu egin zen. Negar egin zuen. Gainera, ni neu ere azaltzen nintzen bertan… Horretaz gain, hitzaldian bertan izan ziren ama eta alaba biak. Bazekiten zer kontatu behar nuen.

Sandra Carrascori gertatutakoa ezagutzen zuten alabek?

Bai. Alaba gazteena, batez ere, kritikoagoa da biolentziaren erabilera politikoarekin.

Ondo planteatuta dago Memoriaren Plaza? Zerbait falta zaiola uste duzu?

Nahikoa kontsentsu daukala uste dut. Arrasateko udalbatza osatzen duten alderdi guztiak agertu dira ados. Bide bat da, egiten dabilena. Positiboa da.

10 urte zenituen aita erail zutenean. Ze oroitzapen duzu aitarena?

Gaztetxoa nintzen hil zutenean, bai, baina harreman handia neukan, ze amarekin baino denbora luzeagoa pasatzen genuen aitarekin, Kanpanzartik Arrasatera joan-etorrian aitak egiten zituen-eta taxilari lanak, zelanbait esatearren. Gainera, oso umezalea zen aita. Oso lasaia, jenio onekoa. Gutxitan gogoratzen dut hura haserre ikusi izana. Lagunkoia eta irekia zen. Tabernaria zen eta tabernan hazia zen, gure aitona-amonak ere tabernariak ziren eta. Horregatik, jende asko ezagutzen zuen. Elman-eta ere beharrean ibilia zen, baina aitaren eta amaren ogibidea taberna zen. Luis osaba ere tabernaria zen. Muxibarren geratu zen hura. Aita erail zutenean, dena den, Kanpanzarren zegoen tabernan.

Juan Jose eta Joakin aitaren anaiak bizi dira?

Ez, biak hilda daude.

ETAkoak ziren haiek, baina zure aita ez zen inoiz nabarmendu politika kontuengatik, ezta?

Hala da, bai.

Harremanik bazenuten bi osaba haiekin?

Bai. Beste aldera joaten ginen. Sasoi baten, gainera, oso txarto pasa zuten eta geuk eroaten genien janaria eta. Aitarekin joaten ginen eta bidaiak oso luzeak izaten ziren. Muga pasatzea asko kostatzen zen orduan.
Etxabetarrak izatearren guardia zibilen edo beste segurtasun indarren jazarpenik pairatu duzue?
Aita hil ostean, ez. Aita hil aurretik-eta, bai. Kanpanzarren eta inguruan guardia zibilek sarri jartzen zituzten kontrolak.

Sandra Carrascori gertatutakoa ezagutzen zenuen, baina harremanik bazenuten Sandrak eta zuk zeuk?

Ez. Eta orain ere ez dugu denbora asko izan elkarrekin egoteko. Egon garenean, beti izan dugu ondoan Aintzane Ezenarro.

Zenbateraino hunkitu zintuen Sandra Carrascoren kontakizunak?

Hunkigarria izan zen, nahiz eta nire hitzaldia zela-eta neure kontuetan barneratuta egon. Sandrarekiko neukan irudia hedabideen bidez jasotakoa zen. Gorroto eta erretxindu irudia. Orain, beste modu batera ikusten dut. Lasaiago. Hark ere autokritika egin du hainbatean erakutsitako jarrerarengatik, ulergarria izan arren.

Herrikideen artetik gertutasunik eza sumatu duela dio.

Eta arrazoi du. Dena den, uste dut mesede egingo diola herritarren aurrean agertu izanak eta aitaren erailketarengatik bizi izandakoak kontatzeak.

Memoriaren Plazakoaren ostean, jende asko hurbildu zaizu egun hauetan?

Bai, orain hurrengoan azkena. Asko gerturatu dira egindakoagatik zorionak eta eskerrak ematera.

Aitaren erailketari zelan egin zenioten aurre?

Gogorra izan zen denontzako; amarentzako, bereziki. Ahizpa Ainhoak lau urte zituen eta ez da ia ezertaz akordatzen eta anaia Aitorrek zortzi urte zituen. Oso inportantea izan zen guretzako amama, amaren ama. Esan daiteke harekin hazi ginela. Txikitan, lagunen artean aita ez zeukan bakarra neu nintzen. Bestalde, kontuan izan behar da aita nola galdu genuen, ez zela gaixotasun baten ondorioz hil. Aita hil ostean, ama eta biok hogeitaka urtez egon ginen Kanpanzarrera bueltatu barik. Aitor anaiak jatetxea hartu zuenean itzuli ginen.

Memoriaren Plazan esan zenuen etxean ez zaretela izan aitari gertatutakoa kontatzekoak.

Egia da. Aitari buruz gutxitan egin dugu berba eta egin dugunean beste arrazoi batzuengatik izan da, ez aita erail zuteneko gertaerarengatik.

Zuk zeuk ze oroitzapen duzu aita erail zuteneko gau hartaz?

Lorik hartu ezinik nengoen ohean, iratzartuta. Ez dakit zergatik, baina halaxe da. Osaba Luisek gerora kontatu du igartzen zela egun berezia zela. Egunean bertan hiru guardia zibil erail zituzten atentatuan Oñatin eta sumatzen zen zerbait berezia. Guardia zibilen kontrolak zeuden jarrita Kanpanzartik Arrasaterantz eta Elorriorantz. Domeka zen eta domeketan inguruko baserrietatik-eta etortzen ziren karta-jokora tabernara. Egun hartan oso gutxi hurbildu ziren.

Aitaren hiltzaileak tabernara sartu zirenean, "venimos a por vosotros" esan ei zuten.

Hala da, bai. Etxabetarren aurka egin nahi zuten. Urrian hil zuten eta hilabete batzuk lehenago, uztailean, tabernan bertan lehergailu bat jarri zuten eta gerora taberna aurrea metrailatu ere egin zuten. Hortaz, gurasoak beldur ere baziren. Tabernan eta etxean ez geneukan telefonorik… Ordurako topatuta zuten kalean, San Andresen, beste jatetxe bat. Jaisteko asmoa zuten.

Ohetik entzun zenituen tiro hotsak?

Bai, bai, garbi entzun nituen. Tiroak, zarata… Amaren atzetik tabernara jaitsi nintzen eta aita aurkitu nuen lurrean, odoletan, eta ama gainean lekaioka. Lekukoek kontatu zuten burua estalita zuten hiru lagun etorri zirela metrailetekin, tabernara sartu eta gasa bota zutela barruan zeudenak kaltetzeko. Osaba Luis almazenean ezkutatu zen, baina aita sukaldetik atera zen zaratak entzun zituenean eta hiru pertsona burua estalita eta armekin ikustean buelta egin zuen, baina bizkarra emanda zuela tiroz josi zuten. Eta, halere, heriotza agirian jartzen du arrazoia shock bat izan zela. Daukagun heriotza agiri bakarra da.

Ez autopsiarik eta ez besterik?

Aita hil eta hilabeteetara autopsiaren faktura heldu zitzaion amari. Autopsia agiririk ez, ordea. Eta faktura ordaindu egin behar izan zuen amak. Autopsia bera froga argigarria izango litzateke erabilitako balak agertuko zirelako, baina…

Aita hil eta gerora zer egin zenuten?

Kalera jaitsi ginen ama eta hiru anai-arrebok. Ama bakean utzi zuten. Nahikoa izan zuen seme-alabak aurrera ateratzen.

Sandra Carrascok ez bezala, herrikideak gertu sumatu izan ditu beti zuen familiak.

Bai; esaterako, aita hil eta gutxira, amari Caja Laboraletik [egungo Laboral Kutxa] deitu zioten, zentraletik, sukaldean lan egiteko. Aita oso ezaguna, maitatua eta apreziatua zen herrian. Bestalde, aita hil ostean lagun barik geratu zela zioen Sandra Carrascok. Nik txikitako betiko lagunekin jarraitzen dut. Barikuro elkartzen gara… Guk ez daukagu estatuaren edo legearen aitortzarik, baina bai herritarrena. Alde horretatik, gogorragoa iruditzen zait Sandrarena.

Ze oroitzapen daukazu aita hil ondorengo ordu eta egunena?

Atentatuaren ostean ohera joango nintzela uste dut. Ez daukat gogoan eta ez diot amari inoiz galdetu. Baina bai oroitzen dut hurrengo egunean aita hilkutxan ikusi izana eta betiko agurtu izana. Hura da daukadan aitaren azken oroitzapena. Hileta elizkizunak ere gogoan ditut. Jende piloa zegoela, parrokoa Jose Luis Iñarra zela, eta jaunartzea egitera joan nintzenean keinua egin zidala…

Marcelino Orejaren bisita izan zenuten etxean, hil-kaperan.

Hori ez dut gogoratzen, baina entzun izan dut hala izan zela. Haren aita [Marcelino Oreja Elosegi] arrasatearra zen eta gure aita erail zuten egun berean hil zuten, urriaren 5ean, 1934an. Etorri zen bisitan Kanpanzarrera, Juan Jose Altuna Txatillo orduko alkateordearekin batera. Txatillo gure aitaren oso laguna zen, kuadrillakoak ziren gaztetatik, eta Marcelino Orejarekin bazuen hartu-emana. Bestalde, aita erail eta gutxira etorri ziren Elorrioko guardia zibilak ere, eta berandu ailegatu zirela esan zuten haiek. Honela esan zioten Txatillo-ri: "Veníamos a protegerles, hemos llegado tarde".

Oso garai zailak eta nahasiak ziren. Artean, Franco azkenetan zen, baina orduko egunkariak ere erregimenari lerrokatuta zeuden. Eskela jartzea galarazi zioten familiari?

Hala da. Ezin izan genuen jarri eskelarik periodikoetan. Ez ziguten utzi. Horretaz gain, aitaren hilobiaren hilarria puskatu egin zuten. Lagunek egin zioten oso polit eta berezia, baina aita lurperatu eta gutxira txikitu egin zuten. Gorpua hilobiratu zutenean ere guardia zibilak bertan zeuden, euren armekin bertaratutakoei apuntatzen. Aitonak aurpegiratu zien lotsarik ez zutela… Aita erail aurreko egunean, bestalde, osabari, Juan Jose Etxaberi, autoa erre zioten Iparraldean…

Ofizialki, Batallon Vasco Español [BVE] delakoak hartu zuen bere gain aitaren hilketa.

BVEko Beldarrain taldeak, atentatua izan eta hilabetera edo. Gure susmoa, ordea, beti izan da guardia zibilak izan zirela, Oñatin egun berean erail zituzten hiru guardia zibilen mendeku gisa, aitarena oso helburu samurra zelako. Kontatu ziguten, Gernikako kuartelean atxilo ziren batzuek entzun zutela aita hil zuten egun berean, guardia zibilen ahotik, Etxaberen atzetik zebiltzala.

Familian aitaren gainean hitz egin duzuela, baina atentatuaren eta aitaren erailketaren gainean ezer gutxi egin duzuela diozu. Zuk zeuk alaba bi dituzu, Miren eta Amaia, 21 eta 17 urtekoak.  Haiei berba egin diezu aitajaunari gertatutakoaz?

Ez, haiei ere ez. Ikastolan enteratu ziren. Askotan, ez dakizu noiz esan, zein den une egokia. Bestetik, ez dut baldintzatu nahi izan haien pentsamendua, ideologia… Ez dut nahi izan alabak gorrotoan hezi.
Legeak ez zaituzte terrorismoaren biktimatzat hartzen, horrek dakarrenarekin. Esperantzarik baduzue?
1998an hasi ginen. Eusko Jaurlaritzatik abisatu ziguten estatuak lege berria atera zuela terrorismoaren biktimen gainekoa. Egin genuen eskaera eta ezetz esan ziguten. 2011n beste lege bat atera zuten, Zapatero [Jose Luis Rodriguez Zapatero] gobernuburu zela. Marixabel Lasak [Terrorismoaren Biktimen zuzendari ohia] deitu zigun Jaurlaritzatik esaten eskatzeko. Baina PP sartu zen gobernuan eta ordutik ezetza jaso dugu beti. Auzitegi Konstituzionalak ere ezetz esan du 2016an, frogarik ez dagoela argudiatuz. Baina atentatuaren frogak Ferrolgo artxiboan dauzka estatu espainiarrak, eta, gure abokatuak [Iñigo Iruin] horiek eskatu dituen arren, Estatuak ez du aztertzen uzten. Europara errekurritu dugu orain. Gure abokatuak dio froga argiak daudela, Ferrolgo paper horiez gain, orduko prentsak-eta terrorismo ekintza moduan jaso zuelako atentatua. Estatu terrorismoaren lehen ekintza izan zela dio gure abokatuak. Hari entzunda, badugu itxaropena.

Sinisten duzu justizian?

Eszeptikoa naiz, egia esan. Ikusitakoak ikusita… Biktimen gainean asko egiten da berba eta modu errazean, baina gu zer gara? Ez gara biktimak? Gure aitari 38 bala bota zizkioten eta shock baten ondorioz hil zen, ofizialki…

Ikusi zenuen Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan ETBn egin zuten mahai-inguruan Pili Zabalak Alfonso Alonsori galdetu zionean haiek biktimak ziren ala ez?

Bai, bai, hala sentitu ginen geu ere. Gu ez gara biktimak? Biktimak politikatik aparte izan behar gara. Gizartean beste rol bat tokatzen zaigu betetzea, memoriarena, ez ahaztearena…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak