Sandra Carrasco: "Sufrimendua berdina da biktima guztiontzat, alde batekoentzat zein bestekoentzat"

Eneko Azkarate Laspiur 2016ko abe. 9a, 10:00

Arrasaten astebetez jarri duten Memoriaren Plazan izan da herrikideen aurrean testigantzak partekatzen. Urduri zegoen agertokira irten aurretik, baina oso gustura geratu dela aitortzen du. Hedabideetan ematen duen lehen elkarrizketa luzea da honako hau.

Asko kostatu zaio PUNTUAk egindako elkarrizketa eskariari baietz esatea. Ez du gustuko jendearen aurrean hitz egitea, ezta iritzi politikoen gainean jardutea ere. Berba gutxikoa da, baina zuzen, argi eta zehatz ari da.

Memoriaren Plazan biluztu da. Hark bezala, atentatu baten aita galdu zuen Olatz Etxabe herrikidearekin batera; Batallon Vasco Español delakoak Kanpanzarren 1975ean erail zuen Iñaki Etxaberen alabarekin batera.

Biek kontatu dute eurek eta familiak sufritu dutena. Aitortzaren eta memoriaren gainean jardun dute. Etxabek herriaren eta gizartearen aitortza badu. Ez, ordea, estatuarena –legez, Iñaki Etxabe ez zuen talde terrorista batek erail, eta, ondorioz, Olatz eta haren familia ez dira terrorismoaren biktimak, horrek dakarrenarekin–; Carrascok estatuaren legezko aitortza badu, eta herritarrena ere aldarrikatzen du.

Egoera horiek normalizatu beharraz jardun dute Memoriaren Plazan.

Sandra Carrasco elkarrizketatzeko aukera izan du PUNTUAk oraingoan. Artikulu hau sinatzen duen honek hurrengo baterako uzten du Olatz Etxaberekin solasaldia, Arrasateko beste biktima horren testigantza ere jasotzeko.

Ze moduz zaude? Orain, oso ondo.

Zelan animatu zara zeure Herriko Plazan, terrorismoaren biktima moduan, testigantza kontatzera?

Donostian ere izan nintzen Memoriaren Plazan. Oraingoan, Aintzane Ezenarrok deitu zidanean Arrasatera zetozela-eta parte hartzeko eskatzen, baietz esan nuen.

Martxoan bederatzi urte beteko dira aita erail zutela. Ez zara plazetan edo hedabideen aurrean agertzekoa. Zergatik?

Aita hil eta biharamunean agertu nintzen Arrasateko plazan egin zen elkarretaratzean eta irakurri nuen komunikatua jendearen eta hedabideen aurrean. Neuk erabaki nuen hala egitea. Amamaren etxean igaro genuen gaua amak eta anai-arrebok. Amak gau osoa eman zuen negarrez. Familia egoera hartan ikusteak amorru handia sorrarazi zidan. Une hartan, hedabide piloaren aurrean, lasai-lasai egin nuen berba, baina sutan nengoen, amorru biziz. Gerora ez dut gustuko izan hedabideen aurrean edo ekitaldi publikoetan agertu, aitaren omenez, erail zuteneko urteurrenetan egiten den ekitaldian izan ezik.

"Zergatik aitari?", galdetuko zenion zeure buruari.

Samurra zen haren aurka egitea. Zinegotzi izan zen denboran, bagenekien txartelak bazituela eta tokatzeko arriskua bazuela. Baina ez genuen uste halakorik gertatuko zitzaionik, batez ere, zinegotzi izateari utzi ostean.

Zelan gogoratzen duzu egun hura?

Egun normala zen. Lanera joateko irribarretsu irten zen etxetik. Segundo gutxira hiru suziri modukoak entzun genituen. Ama berehala joan zen eskaileretan behera eta ni leihora gerturatu nintzen. Hasieran ez nintzen ohartu tirokatua izan zela. Ikusi nuen zailtasunak zituela autotik ateratzeko. Gero ikusi nuen lurrera erortzen. Elkarri begiratu genion. Betiko geratu zait aitaren begirada hura. Jaitsi nintzenean, anbulantziaren zain geratu ginen ama eta biok. Inork ez zigun lagundu. Izara batekin babestu genuen. Anbulantzian eroan zutenean odoletan zegoen izara zuri hura.

Arrasaten, zeure herrikideen aurrean, atera zinen esperientziak partekatzera Batallon Vasco Español-ek 1975ean erail zuen Iñaki Etxaberen alaba Olatzekin batera. Ezagutzen zenuten elkar?

Ez, ez, Olatzek eta biok ez genuen elkar ezagutzen. Eta nik ez neukan hari eta haren familiari gertatutakoaren berririk. Egia esan, hunkitu egin nintzen Memoriaren Plazako beste biktima batzuen testigantzak ikusi eta entzun nituenean. Ez da igartzen zein motatako biktimak garen, baina azken mezua garbia da: denok sufritu dugu, ez daukagu ezinikusirik edo gorrotorik, bakean bizi nahi dugu, elkarbizitzan… Sufrimendua berdina da biktima guztiontzat.

Debagoieneko ikastetxeetako gaztetxoekin tailerrak egin dituzte Memoriaren Plazan. Ikasle nerabeak negar malkotan atera dira Plazatik tailerretan ikusi eta landutakoaren ostean.

Bai? Ez nekien. Hunkigarria da, bai. Batez ere, guretako, biktimontzako. Baina argi dago, mezua guztiengana heltzen da. Duela sei urte deitu zidaten Derioko eskola batetik testigantza kontatzera joateko. Eta joan nintzen. Oso urduri nengoen. Ez nago jendearen aurrean hitz egitera ohituta. Asko kostatzen zait. Aholkatu zidaten, lagungarri moduan, publiko arteko pertsonaren batengan jartzeko begirada. Hala egin nuen. Hizketan hasi nintzenean pertsona hura negarrez hasi zen. Baita alboan zituenak ere. Harritu egin nintzen, nerabeak zirelako. Ez nuen uste horren barrura helduko zitzaienik mezua.

Zelan daroazu jendearen aurrean, ordainlekuan, lan egitea?

Ondo. Arrasatear asko pasatzen da bertatik, baina ondo, arazo barik. Hasieran, okerrago. Aita hil eta hilabetera hasi nintzen haren lanlekuan. Eta hasieran uste nuen jendeak txarto begiratzen zidala, Isaias Carrascoren alaba izatearren. Haiek bazekiten ni zein nintzen, baina nik ez zeintzuk ziren. Alde horretatik, jendea normal tratatu dut. Arnaldo Otegiri berari ere tokatu izan zait inoiz kobratzea. Azkenekoz, kartzelatik atera berritan. Elkarri begiratu genion, "eskerrik asko" esan zidan eta nik, "agur, agur".

Neurri baten, biluztu egin zara zure herrikideen aurrean, Memoriaren Plazan.

Bai, egia da. Oso urduri nengoen hitzaldia hasi aurretik, baina, egin ostean, oso gustura geratu nintzen. Esan didatenez, orain arte Memoriaren Plazan, hiriburu eta herri ezberdinetan egin diren ekitaldi berezien artetik jende gehien erakarri duena izan da Olatz Etxabek eta biok lehengo egunean egindako hitzaldia. Aurretik, Donostian izana nintzen Memoriaren Plazan. Amari laguntzera joan nintzen. Hura izan zen beste biktima batzuekin esperientziak partekatu nituen lehen aldia.

Bost urte igaro dira ETAk jarduera armatua behin betiko uztea iragarri zuenetik. Igarri duzu aldaketarik?

Arrasaten gauza gutxi aldatu dela uste dut. Pankartak dauzkagu kalean…

Min egiten dizu kalean, zeure herrian, presoen aldeko kartelak edo pankartak ikusteak?

Orain, ez. Lehen, bai. Aita hil osteko lehen urteetan, sutan jartzen nintzen kalean presoen argazkiak edo haien aldeko manifestazioak ikustean. Eta kaletik joaten nintzen, ni neu bakarrik, kartel horiek kentzera. Irati taberna ondotik pasatzen nintzen probokatu guran… Amorru handia neukan barruan.

Lagun barik geratu zinela esan duzu. Haiei ere amorrua diezu?

Gaur, ja, ez. Ez du merezi. Nik ez nuke modu horretan jokatuko, halere. Ez nituen lagunak bazterrean utziko. Eman nizkien aukerak, baina ez nuen jarraikortasunik izan. Kalean edo ordainlekutik pasatzen ikusten ditudanean, beste edozein pertsona bezala hartzen ditut.

Espero eta eskatzen duzu herritarren partetik aitortza...

Bai, horixe eskatzen dut. Jendeak aitor dezala, modu agerikoan, hura txarto egon zela, aita erail izana txarto egon zela.

Aitarena gertatu eta hilabete batzuetara herriko alkatea atxilo eroan zuten. Horren gainean ere hitz egin zenuen Memoriaren Plazan. Orduan ere une desatseginak bizi izan zenituen?

Alkatea [Ino Galparsoro] atxilotu zutenean manifestazioa egin zuten herriko kaleetan, eta, jeneralean, gure etxe ondotik manifestazioak pasatzen ez diren arren, egun hartan etxe ondotik pasa ziren; manifestariek ama ikusi zuten autobus geltokian eta irainak esan zizkioten; anaiak ere arazoak izan zituen eskolan… Oso une gogorrak izan ziren. Aitak ere merezi zuen aitortzaren bat, manifestazioren bat alkatearen alde protestatzen zenbiltzan haien aldetik. Horregatik diot herritarren, herriaren, aitortza eskatzen dugula.

Orain, ja, ez daukazu amorrurik?

Ez, orain ez. Etakide izandakoak dauzkat lankide, eta, bestalde, ezker abertzaleko kide batek lagundu zidan amorrua gainditzen, beste aldea ikusten…

Aipatzen duzun ezker abertzaleko kide hori zein da?

Nahiago dut publikoan ez esan.

Zelako harremana daukazu harekin?

Autobideko Arrasateko ordainlekuan lan egiten dudanez, sarritan ikusten nuen pasatzen. Apurka-apurka, harremanak egiten hasi ginen. Hizketan. Ez dut gogoan nolatan, baina bat-batean elkartzen hasi ginen. Mezuak elkarri trukatzen… Gerora, sarri hitz egin dugu, luze. Nirekin oso ondo portatu da. Nire txikitako eta betiko lagunak baino askoz hobeto.

Zergatik diozu hori?

Aitarena gertatu zenean, lagun barik geratu nintzen. Inork ez zidan deitzen, bisitatzen, kalera ateratzeko gerturatzen. Bakarrik sentitu nintzen. Ezker abertzaleko beste honek, ostera, idatzi egiten dit, hedabideetan albiste bat ikustean deitu egiten dit, urtebetetze egunean zoriondu egiten nau… Edozein lagunek egin beharko lukeena. Beste ideia politiko batzuk ditu, baina partekatzen du mina eta lagundu dit beste sufrimendu batzuk ere ulertzen.

Arrasaten bizi zara, baina kalean-eta ibiltzen zara?

Gutxi. Hala ere, erabaki genuen Arrasaten bizi izaten jarraitzea, nahiz eta une batzuetan damutu. Gaur egun, berdin dit. Antxintxika egitera-eta ateratzen naiz, kalera ere bai, baina gutxi ibiltzen naiz Arrasaten, kalean zehar.

Epaitua eta kartzelan dago zure aitaren hiltzailea, nahiz eta epaiketa polemikoa izan zen, berriro ere errepikatu behar izan zelako, froga faltarengatik.

Hura kartzelan ikusita, lasaiago nago.

Konbentzituta zaude hura izan zela hiltzailea?

Hala diote lekukoek.

Memoriaren Plazan aipatzen dira tortura kasuak edota kartzelan dauden senideak bisitatzeko ehunka kilometro egin behar izaten dituztenen testigantzak. Zer irizten diozu?

Ezker abertzaleko lagunarekin berba egin izan dut horren gainean, eta lagundu egin dit beste alde hori ere ezagutzen. Lehen, ez nuen ikusi ere egin gura. Orain, bai.

Zer eskatzen diozu etorkizunari?

Ez dut pentsatu ere egiten horretan.

Eta aitak, zer pentsatuko zukeen zutaz?

Ez dakit nigandik harro egongo zen edo ez, ez dakit…

Zelakoa zen aita?

Lagunen oso laguna, pertsona ona, atsegin eta dibertigarria, beti txantxetan zebilen, beti laguntzeko edo faboreak egiteko gertu… Hau ez diot aita zelako, e, horrelakoa zen benetan.

Olatz Etxabek eta zuk zeuk kontatutakoak kontatu ostean, ezberdin ikusiko zaituztete aurrerantzean herrian?

Nik uste dut baietz. Hitzaldiaren ostean, jende batzuen gertutasuna sumatu dut. Inoiz berba edo agurtu bako jendea hurbildu zitzaidan berbaldiaren ostean.

Arrasateko herriak, Udalak, inoiz ez du omenaldirik egin zure aitaren alde. Aitaren heriotzaren urteurrenean Alderdi Sozialistak antolatu ohi du ekitaldia. Faltan sumatzen duzu herriko erakunde nagusiaren inplikazioa?

Bai. Uste dut sufritu dugun guztiok jaso beharko genukeela aitortza moduko bat. Memoriaren Plaza bada hori, neurri batean, baina modu esplizituagoan jaso beharko genuke. Aitaren izena kale bati jartzeko eskaria egin genuen bere garaian, baina udalbatzak ez zuen onartu. Badakigu non gauden, eta, horregatik, ez genuen ustekabean jaso Udalaren erantzuna, baina ondo legoke halako aitortza bat egotea herriko erakunde nagusiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak