Leintz Arizmendik ligan egindako 52 goletatik ia erdia Lore Etxeandiak (Aretxabaleta, 1995) sartu ditu (23 gol). Kategoria berrian debuta egin duen jokalaria izanda, ez dago batere txarto, ezta Leintz Arizmendik lortu duena ere, kontuan izanda denboraldi hasieran elkar ezagutzen ez zuten jokalari kuadrilla batu zela. Euskal Ligan jarraituko du taldeak.
Aurreikusi baino gutxiago sufritu duzue?
Ez pentsa sufritu ez dugunik. Egia da ez garela azken jardunaldira arte mailari eusteko puntuengatik borrokan ibili, baina neurri handian izan da gure atzetik zetozenek liga amaieran kale egin dutelako. Estutu izan balute... Euskal Ligara igotzeko talde berria sortu zenuten Mondrak, UDAk eta Arizmendik.
Kanpotik begiratuta, badirudi erabaki ona izan dela.
Bai, eta barrutik ere jokalariok iritzi berbera daukagu. Egia da hasieran arraro sentitzen ginela denok, ez genuela elkar ezagutzen, eta apur bat kosta egin zitzaigula...
Mondra eta UDA batu izana, esaterako, jakinda kluben artean pike historikoa dagoela... Apustu ausarta izan zen.
Bai [Barre], baina jokalariok berehala utzi genituen kontu horiek alde batera. Iaz, partiduetara aldaketarik egiteko ia aukera barik joaten ginen; aurten, jendea deialdietatik kanpo geratzen zen, jokalari asko geundelako. Egoera hori bizitzea izugarria izan da guretako.
Esan dugu taldearen golen ia erdia –%44– zuk egin dituzula. Taldeak Etxeandiadependentzia dauka?
[Barre] Ez, ez. Egia da gol asko sartu ditudala, eta neu ere harrituta geratu naiz, baina ni egon izan ez banintz, nire taldekideen artean sartuko zituzten gol horiek. Iaz, antzerako zerbait gertatu zitzaidan. Denboraldi hasieran golak sartzen hasi nintzen, baina ondoren lesionatuta egon nintzen denbora luzez, eta taldekideek sartu zituzten golak. Pentsa, mailaz igo ginen.
Titu entrenatzaileak joan den astean Goiena telebistan brometan esan zuen ea udan zenbat talderen eskaintzak iristen zaizkizun.
Bueno, ikusteko dago hori. Iaz Gasteizko Aurreratik etorri ziren bizpahiru jokalarirengana, eta egia da emakumezkoen futbolean ere mugimendua egoten dela. Oraingoz, ez diot horri garrantzi handirik ematen.
Oraingoz, futbola burutik kentzeko asmoarekin?
Ez pentsa, irailera arte luzea egingo zait. Datorren astean Madrilera goaz taldekideok, emakumezkoen Lehenengo Mailako Atletico Madrilen eta Levanteren artekoa ikustera.