Bizimodu osasuntsuagoa lortzeko kanpaina aurkeztu dute

Imanol Beloki Unamuno 2018ko api. 27a, 13:33

Pensoi programaren kanpainaren aurkezpena egin dute Debagoieneko ospitalean.

PENSOI programaren barruan, umeen obesitatea prebenitzeko kanpaina berriaren aurkezpena egin dute, gaur, Debagoieneko ospitalean. Ohitura hobeak proposatzea da kanpainaren ardatza, bizimodu osasuntsuagoa lortzeko helburuarekin. Horretarako, janari osasuntsuak modu orekatuan jatea, eta ariketa fisikoa egitea errezetatu dute.

Haur eta nerabeen obesitatea prebenitzeko ekimena jarri du abian Debagoieneko ospitaleak, Mankomunitatearen laguntzarekin, eta kirol-teknikarien eta Berritzegunerekin lankidetzan. Hala, ikastetxe eta Udal guztietara heltzea da asmoa, eta baita, osasun arlora ere.

Zabalkunde-kanpaina

Ainhoa Parra, Eibarko Berritzeguneko aholkulariak adierazi du zabalkunde-kanpaina jarri dutela martxan ohitura onak sustatzeko, eta horretarako, mezua zabaltzearen garrantzia azpimarratu du: "Berritzegunea hezkuntza departamenduko zerbitzua da, eta ekimen honetako bileretan parte hartu dugu ideiak eman eta jasoaz. Gainera, hezkuntzatik, aukerak ditugu familia eta ikasleekin egoteko, eta mezuak transmititzeko aukera ematen digu kanpaina honek.

Informazioa ikastetxeetara zabaltzeaz gain, leku publiko eta kirol guneetara heltzeko asmoa ere badutela adierazi du, bestalde, Iñaki Ugarteburu, Debagoieneko Kirol Teknikarien ordezkariak: "Elikaduraren inguruko mezuak, jarduera fisikoaren inguruko mezuak, higienearen aholkuak… zabalduko ditugu bizitza osasuntsuagoa izateko".

Ohitura aldaketaren bila

Duela lau urte, Debagoieneko Lehen Hezkuntzako haurrekin ikerketa bat egin zuten, eta 6-12 urte bitarteko haurren artean, heren batek gainpisu arazoak zituztela antzeman zuten. Hori horrela, egoera horri buelta eman nahi diote. "Epe ertain eta luzera begira, aldaketa nabarmenak izaten dira bizitsa osasuntsu bat eramanez, eta hori sustatu beharra dago. Ohiturak txarrera aldatu dira: jaten dugun janari asko tratatua dago, azukre askorekin. Lehen haurrek kalean jolasten zuten, eta gaur egun, pantailari begira ordu larregi egoten dira, kirola ere gutxiago egiten dugu…, eta hori aldatu beharra dago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak