Maiatzaren Lehena: aldarriz beteko da kalea

Iker Oñate 2018ko api. 30a, 10:23

Urtero legez, ekintza ugari deitu dituzte sindikatuek Maiatzaren Lehenerako; Euskal Herriko hiriburu eta herri askotan finkatu dituzte hitzorduak. Nork berea aldarri, argi dituzte errebindikazioak. Eta "aldatu beharreko asko" dagoela diote.

Iristear da Maiatzaren Lehena. Eta sindikatuek finkatuak dituzte Langileen Nazioarteko Egunerako hitzorduak. Nork berea aldarrikatuz, Euskal Herriko txoko ezberdinetan egingo dituzte ekimenak.Hori bai, irakurketak irakurketa, sindikatu guztiek diote oraindik "aldatu beharreko asko" dagoela. Eta, hori horrela, "funtsezko" egun dute Maiatzaren Lehena. "Klase kontzientzia berreskuratu, borrokaren balioa aldarrikatu eta elkartasuna lantzeko eguna da", azaldu du Alaia Basetak, LAB sindikatuko kideak. "Kontuan izan behar dugu langileriaren ospakizun egun ere badugula. Jendea harro dagoela gizarte klase horren parte izateaz", gaineratu du Iñaki Tempranok, CCOOko kideak.

Hori bai, sindikatuak jakitun dira langileen protestek jasandako bilakaeraz. Eta gizarte aldaketekin lotzen dute hori. "Orain, aldatua dago langileon nortasuna –lan mota berriak, langabezia...–. Ondorioz, aldarri orokorragoak ere baditugu gaur egun. Gizarte ereduaren beraren alde ere badihardugu, esaterako", onartu du Felix Irizarrek, ESK-ko kideak.

Sindikatuen indarra

Bestetik, sindikatuek indarra galdua duten ustea dago hedatuta gizartean. Baina, oro har, "baikor" dira langile ordezkariak. "Indartsu darraigu, duela 40 urte moduan ez ikusarazi arren. Finean, gaur egun, dibertsifikatuago dago klasea. Baina enpreseiedota agintariei presio egiteko gaitasun handia izaten segitzen dugu", onartu du CCOOko ordezkariak.

"Asko kritikatzen gaituzte patronalak eta euskal gobernuek –EAE eta Nafarroa–; interes kontrajarriak ditugu sarri. Gauzak ongi egiten ari garen seinale dira halakoak. Ezin dugu ahaztu langile klasearen bizi baldintzak hobetzeko jaio garela", dio Amagoia Lasagabasterrek, ELAko kideak.

Nork bere bidean

Hori bai, oro har, nork bere bidean dihardu, bere ikuspegiarekin. "Elkarrizketa sozialaren sindikalismoa hondoratzen ari da, kontrabotere izateari utzi ziolako aspaldi; kapitalak amortizatua du hori. Sindikalismo eraldatzaileak, aldiz, kontraboterea izateko bokazioari eutsi dio", esan du LABeko ordezkariak. "Konfrontazioaren ordez euren pribilegioak mantentzen saiatu direnek min handia egin diote sindikalgintzari", gaineratu du ESK-ko ordezkariak. Eta, horren kontra, uste dute goraka doazela "klaseko sindikatuen indarra eta zilegitasuna": "Gero eta indartsuagoak, jendetsuagoak, dira gure deialdiak".

Belaunaldi berriak

Dena den, gizarteak zalantzan jarria du sindikatuen etorkizuna, belaunaldi aldaketarako arazoak izango direlakoan. Baina, orokorrean, langile ordezkariek ez dute horrela ikusten. "Lan munduan sartzean, gazteek ikusten dute urte ugari pasa beharko direla euren ametsak errealitate bihur daitezen; esfortzua eta ikasketak eskatzen dizkiegula, gero, 800 eta 1.000 euroko nomina izateko. Hala, badakite antolatu eta borrokatu ezean, ez dutela etxebizitzarik, familiarik... izango", azaldu du ELAko ordezkariak.

Hori bai, LABek badaki azken urteetako zenbait gertakarik sindikatuekiko "afekzioa kaltetu" dutela; berdin, gazteen kasuan. "Sektore batzuek ez gaituzte tresna eraginkor bezala ikusten. Eta, kasu batzuetan, orokortua dago sindikatuak sistema ustel honen parte garen ustea", aitortu du.

Protestak

Esan moduan, sindikatuek hitzordu ezberdinak finkatu dituzte Maiatzaren 1erako; Euskal Herriko hiriburu eta herri ezberdinetan izango da horiekin bat egiteko aukera. Hain zuzen ere, Bilbon –11:45, Jesusen Bihotzean– eta Iruñean –12:00etan, Gurutze plazan– izango da ELA. Pobreziari gerra! Soberan inor ez leloa aukeratu dute egun horretarako."Aukera bikaina izango da feminismoak –Martxoak 8– eta pentsiodunek kalera eroan duten errebindikazio oldea indartzeko", dio sindikatuak.

Horrez aparte, hainbat hitzordu finkatu ditu LABek. Horien artean da Eibarkoa. Zehatz esanda, Untzaga plazan hasita, manifestazioa egingo dute 12:00etan. Eta, ekitaldiaren ostean, herri bazkaria eta Biren musika taldearen kontzertua antolatu dituzte egunari bukaera emateko. Lan, bizi, herri duina leloa aukeratu dute aurten. "Lan, bizi eta herri duinak helburu, herri honetan dagoen eraldaketa sozialerako grina gauzatzeko mobilizazio soziala indartzea litzateke erronka nagusia", argitu du LAB sindikatuak.

Eta ESK-k ere egina du deialdirik Maiatzaren Lehenerako. Haiek, 10:30erako finkatu dute lehen hitzordua: Errenteriatik Donostiarako ibilbidea egingo dute, zenbait sindikaturekin eta gizarte eragilerekin batera. Ostean, 12:30ean, manifestazioa egingo dute Bulebarrean hasita. Kriptonita da bide bakarra. Todas y todos tenemos superpoder leloa aukeratu dute mobilizazioak iragartzeko. "Jakin badakigu mobilizazio garrantzitsua dela gura dugun gizarte eredua lortzeko. Beraz, herritarren parte hartzea eskatzen dugu", diote ESK sindikatuko ordezkariek.

Eta, bukatzeko, deialdi bateratua egin dute CCOO eta UGT sindikatuek; EAEko hiriburuetan izango dira. Hain zuzen ere, 11:30erako finkatu dute Bilboko hitzordua –Jesusen Bihotzean hasiko dute manifestazioa–; eta Gasteizen –Andre Maria Zuriaren plaza– eta Donostian –Alderdi Eder–, 12:00etan hasiko dituzte protestak. Es tiempo de ganar. Reclama tus derechos leloa aukeratu dute aurten. "Gaur egun langileen aurka gertatzen diren bidegabekeriengatik protesta egiteko, krisian zehar suntsitutako eskubideak aldarrikatzeko eta lan baldintzetan hobekuntzak exijitzeko eguna izango da Maiatzaren 1ekoa", esan du CCOO sindikatuak.

"Asko dira egun horretarako helburuak. Baina, batez ere, esan daiteke botereek entzun gaitzaten tresna garrantzitsu dela", gaineratu du UGTk. Are gehiago, Maiatzaren Lehenak "aldarriz eta borrokaz beteriko zaplaztekoa" izan behar luke haren ustez. "Soldatak, lanpostu duina, pentsioak eta berdintasuna modukoak berreskuratu behar ditugu", aldarrikatu du Maite Alistek, UGT sindikatuko kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak