Albert Botran: "Defentsa-gabezia handia dago Katalunian"

Eneko Azurmendi 2018ko api. 26a, 16:24

Albert Botran, eguazteneko hitzaldian, Etxaluzeko Axeri gelan.

Albert Botran CUPeko kideak hitzaldia egin du asteon Arrasaten, Alternatibak gonbidatuta; urriaren 1a ezkero Katalunian gertatzen ari diren aldaketez aritu da, nagusiki. 2018ko otsaila ezkero CUP alderdiko burukidea da, eta Kataluniako Parlamentuaren diputatu izandakoa da.

Urriaren 1a ezkero, nola ari da aldatzen Kataluniako egoera?

Espainiako Estatuak gure aurka erabili ditzakeen instrumentuen gaineko kontzientziazio maila aldatu da, nagusiki, gizartean. Urriaren 1ean indar polizialak modu ikaragarrian erabili zituen Espainiako Estatuak, eta gehiengoak ez zuen uste hala izango zenik. Gerora ere, errepresio modu asko erabili ditu Estatuak, preso politikoak eta erbesteratuak edukitzeraino. Independentiston aldetik, aldatu dena baita da orain pertzepzio kritikoagoa daukagula errepublika gauzatu ezin izan zutenekiko.

Egunerokoan zertan aldatu da egoera? Eta 155. artikuluaren aplikazioa nola ari da eragiten?

Defentsa-gabezia handia dago Katalunian eta Estatuaren inpunitatea da nagusi. Estatua erakusten ari da indar basatia erabiltzeko gai dela. Gainera, eskuin muturrekoen ekintzak areagotu egin dira azkenaldian eta Estatuak ezikusiarena egiten du. Independentismoaren ekintzak, aldiz, itsu-itsuan jazartzen ditu, guztiz baketsuak izan arren. Inpunitate sentsazio horrekin bizi dugu egunerokoa Katalunian.

Maiatzaren 22a gerturatzen ari da, eta oraindik ez duzue presidente berria inbestitu. Nola ikusten duzu?

Aurkezten diren hautagaiek oso aukera gutxi dituzte inbestituak izateko. Lehenik, Puigdemont. Hura inbestitzeko prest geunden, baina ez zen posible izan. Jordi Sanchezen hautagaitza ere ez da posible izan, preso dagoelako; Jordi Turullena ere zapuztu egin zuen Estatuak eta kartzelatu egin zuten. Estatuak aukera gutxi uzten dizkio gure parlamentuaren subiranotasunari. Maiatzaren 22ra bitartean, gure helburua da ditugun aukera urri horiek aztertzea eta baita desobedientzia instituzionala gure gain hartzea ere.

Puigdemonten eta Cominen boto delegatuek zer aldatzen dute?

66 botorekin presidentea aukeratu daiteke bigarren itzulian, eta boto delegatu hauek hori egiteko aukera eskaintzen dute. Baina oinarrian dagoen gatazkak hor segitzen du, eta, seguruenik, Estatuak baliorik gabe utziko du inbestidura hori.

Zein da CUPen jarrera arlo honetan?

Guk defendatzen duguna da agintaldi hau parlamentuaren subiranotasuna indarrean jarriz hastea, eta egoki ikusten dugun presidentea aukeratu ahal izatea. Urtarrilean esan genuen, hauteskundeen emaitzak aintzat hartuta, Puigdemont zela hautagai egokiena, baina ez zen posible izan.

Hauteskundeak errepikatu beharko direla uste duzu?

Arazoa da estatuaren menpe gaudela. Estatuak errazten badu hautagai baten inbestidura, legealdia hasteko moduan egongo gara, baina estatuak erabakitzen badu delegatutako botoek ez dutela balio edota inbestidura telematikoa baliorik gabe uzten badu, hauteskundeetara joan beharko dugu.

Estatuak hauteskundeak errepikatzea nahi duela esango zenuke?

Itxuraz, Estatuak komunikatzen duena da gobernu bat nahiago duela, aurrekontuaren negoziazioetan EAJrekin dituen desadostasunak argituko liratekeelako. Hala ere, badirudi akordio hori oso gertu dagoela, eta Kataluniako egoerak ez du hori baldintzatzen, zoritxarrez.

Eta, bitartean, bederatzi politikari preso eta beste zazpi erbestean.

Egoera gogorra da. Garbi dago Estatuak bahituta dituela. Estatuaren mendekuagatik daude kartzelan, presionatzeko tresna bat da. Ez dago kondena finkorik, modu prebentiboan daude eta zenbaiti, gainera, hainbat eskubide urratzen zaizkie, beste egoera batean onartuko litzaiekeenak. Jordi Sanchez, adibidez, gogor zigortu dute hauteskunde kanpainan kartzelatik mezu bat bidaltzeagatik. Moduluz aldatu dute, pertsona batzuekin harremanak edukitzea ukatu diote. Politikoki baliogabetzeko dituzte kartzelan eta, bide batez, independentismoari lotuta gaudenok eskarmentatzeko. Beraz, onartu behar dugu, agian, luzerako borroka izango dela.

2018ko otsailetik alderdiko burukidea zara. Zer moduz?

Aukeraketa naturala izan zen. Hainbat zerrenda zeuden, baina kalitatezko eztabaida bat izan ostean, balio handiko pertsonak sartu ditugu, independentismoarekiko ikuspegi kritikoa dutenak. Beste alde batera begiratu ordez, ardura politikoak euren gain hartzen dituzten pertsonak ditugu, errepresioari beldurrik izan gabe, eta hori balioan jartzen dugu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak