Arrate Illaro: "Euskararekiko inertzia batzuk aldatu nahi ditugu"

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko api. 27a, 20:00

Argazkia: Hiruka.

Topagunea eta herriz herriko taldea eta elkarteak murgilduta daude Euskaraldian. Helburua da azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte, 11 egun euskaraz aritzeko herritarrak prestatzea.

Zela doa Euskaraldia?
Harrera ona izaten ari da herrietan. Aurkezpenak egin diren herrietan euskaltzale dezente ari dira batzen eta ilusioa sortzen. Bestetik, herritarrak batzen ari dira ekimenak beraien herrian abiatzeko. Gauzak ondo doaz.

Euskaraldiaren lehen hamaikakoa aurkeztu berri da. Zein izango da haien egitekoa?
Euskal Herriko hamaika pertsona dira, haien borondatez erabaki dutenak Ahobizi edo Belarriprest izatea. Beraien inguruko jendeari azalduko die zer egitera doazen, eta zergatik eta nola egingo duten. Herrietan ere sortuko dira antzeko hamaikakoak. Eta norbanakoen sare horren bidez ailegatu nahi da ahalik eta jende gehienarengana, Euskaraldia zer den azalduz eta parte hartzera animatuz. Pertsonengana pertsona iristeko ezagunen bidez.

Jendarteari ailegatu zaio mezua, badaki jendeak zer den Euskaraldia?
Oso dinamika berria da eta denbora eskatzen du. Ez da ekimen sinboliko hutsa. Ez da euskararen alde gaudela esatea, baizik eta ariketa bat egitea da, euskararen erabilera sustatzeko eta areagotzeko. Orain arte, bereziki, euskaltzaleak ari dira Euskaraldiara batzen. Eta horien bidez, besteengana ere heldu nahi da. Ahobizi eta Belarriprest rolak ere berriak dira. Denbora behar dugu, baina lortuko dugu.

Zenbat herritan osatu diren dinamikak, taldeak?
Oraindik ez dugu publiko egin, besteak beste, zabalik dagoelako izen ematea apirilaren 30era arte. Dena den, puntu askotan osatu dira taldeak eta zazpi lurraldeetan, gainera. Bereziki, Gipuzkoan eta, zer esanik ez, Debagoienean. Kasuan kasu, herriak eta elkarte edo entitateak dabiltza orain izena ematen. Horiek aktibatuko dute Euskaraldia haien herrietan.

Zer geratzen da egiteko?
Behin taldeak osatuta, talde horien egitekoa izango da haien herrietan gainerako elkarte edo taldeei, eta norbanakoei, Euskaraldia zer den kontatzea eta dinamikan parte hartzera animatzea. Ostean, herritarren izen-ematea etorriko da. Orokorrean, irailean egingo da. Hirugarren epea izango da izena eman duten herritarrak prestatzea 11 egun euskaraz epealdian egingo den ariketarako: sortuko diren elkarrizketa edo egoera berri horiei ahalik eta erosoen aurre egiteko gertatzea, tailerren bidez-eta.

Zer egongo da hamaika egun horietan?
Helburua ez da ekitaldi ponposoak egitea, nahiz eta herri bakoitzean erabakiko den zer egin. Herritarren ohiko hizkuntza harremanetan eragitea da helburua, harreman horietan euskara presenteago egon dadin. Beharbada ez da gehiegi ikusiko; ikusgarritasuna baino gehiago, eraginkortasuna da bilatzen dena. Herritarrek ariketak egitea da helburua, horretarako espazio egokiak eta erremintak eskura jarriz. Hizkuntzarekiko inertzia batzuk aldatu nahi ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak