Oñatik ordezkatuko du Debagoiena Herri Arteko Txapelketan

Herri Arteko Txapelketan egongo diren kluben ordezkariak, talde argazkian.

Gipuzkoako 18 herritako ordezkariek jokatuko dute Herri Arteko Pilota Txapelketa, eta Debagoienak ordezkari bakarra izango du: Oñati. Txantxikuek final-zortzirenetan hasiko dute txapelketa, eta lehenengo kontrarioa –maiatzak 20– Goiatz Bidania taldea izango dute.

Hamazortzi talde eta horietako hamazazpi helburu berdinarekin, azpeitiarrei azken urteotako protagonismoa kentzea. Azken hiru edizioak eurek irabazi dituzte, eta aurten ere beste horrenbeste lortzen badute inork inoiz egin ez duen marka ezarriko dute, lau txapel jarraian janztea. 

Debagoienekoei dagokienez Oñatik ordezkatuko du bailara. Maiatzaren 20 eta 27an jokatuko dituzte lehenengo kanporaketa partiduak, eta Bidania Goiatz da gainditu beharreko lehenengo kontrarioa. Eta, aurrera egiten badute ekaineko lehenengo bi asteburuetan Beasain edo Oiartzun izango dute aurrean –ekainaren 30ean izango da finala, Donostian–.

Sei txapel ekarri dituzte gurera 

Herri Arteko txapelketa da Gipuzkoan, maila federatuan, klubek duten erronkarik politenetakoa. Urteko egutegian gorriz markatutako txapelketa izaten da, eta klub batzuk zailtasunak izaten dituzte bertan parte hartzeko, kategoria guztietan izan behar direlako ordezkariak –seniorrek, gazteek eta kadeteek ordezkatzen dute herria– eta hori ez delako beti erraza izaten. Hori da, esaterako, bailaran Oñati bakarrik egotearen arrazoia, gainontzeko herriek kategoriaren baten ez dituztelako ordezkariak.

Bada, 1968an egin zuten lehenengoz Herri Arteko Txapelketa, eta ordutik bailarara sei txapel ekarri dituzte. Bergarak 1969an eta 1979ean jarraian irabazi zituen bi txapel, eta azkena 2009an eskuratu zuten –tartean zen Beñat Rezusta, egun Aspeko pilotaria–. Arrasatek ere beste hiru txapel irabazi ditu (1976 eta 1979) eta azkena 2007an.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.