Ikerketa talde bat eratuko dute, erakunde bietako ikertzaileekin eta teknikariekin, ikerketa "bikaintasunez garatzeko", eta ondoren, Edertekeko bazkide-erabiltzaileei transferitzeko; hori horrela, Edertekek eta haren zerbitzuen erabiltzaileek "lehiarako duten posizioa hobetzea" dute helburu. Era berean, ikerketa programak egitea eta ezagutzak trukatzea dira hitzarmenaren beste helburuetako batzuk.
Bi gunetan banatuta
MU-GEPak Arrasateko campusean duen eraikinean garatuko dute lankidetza; eraikinak, ostera, bi gune izango ditu. Lehenengoa, gune partekatua izango da eta ikerketa proiektuak eta garapen esperimentaleko eta berrikuntzako jarduerak garatuko dituzten, helburua izanik ekoizpen planten efizientzia hobetzea mekanizazio teknologietan, burdin galdaketan, goi eta behe presioko injekzioan, automobilgintzako osagai eta sistemen portaera mekaniko-dinamikoan eta 4.0 industriako tekniketan. Bigarren gunea, Edertekek erabiliko du, eta automobilgintzako osagai eta sistemen portaera mekanikoen saiakuntza laborateg¡a izango da.
Hitzarmenari esker, prestakuntza jarduera espezifikoak egingo dira, hala nola, Gradu Amaierako edo Master Amaierako lanak ingeniaritzako tituludun diren gazteentzat eta doktoretza tesien programak.
Edertekentzat oso garrantzitsua dela hitzarmena adierazi dute, "talentu gaztea atzitzeko eta erakartzeko mekanismoa eta Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoko ikasleen artean Fagor Ederlan, Mapsa eta Ecenarro enpresak sustatzeko modua baita".