Domekan 340 kirolari batuko dira (09:00) Oñatiko plazan, izenematea zabaldu eta azkarrenak izan zirenak, dortsalek hegan egin dute-eta aurten ere. Hori ikusita, korrikalari kopurua handitzeko asmorik duten galdetuta, ezetz diote antolatzaileek: "Ez dugu beharrezko ikusten. Batetik, mendian gabiltzalako korrika, eta natura zaintzeko ardura ere badugulako. Eta bestetik, korrikalari kopuruarekin itsutu barik, bakoitza mimoz zaindu gura dugulako, eta kopuru aproposa dugu horretarako", adierazi zuen Maite Antonek lasterketaren aurkezpenean.
Euskal Herriko Txapelketa da
Aurtengo nobedadea da Aloñako Igoeran Euskal Herriko Txapelketa egongo dela jokoan. Alde horretatik, Federazioko ordezkari Irati Andak eskertu egin gura izan zuen antolatzaileek egindako lana. Hori horrela, kadete mailako atletek ere hartuko dute esku domekako lasterketan. Hori bai, Federazioak hala erabakita, eta zailtasuna neurtzeko helburuarekin, lasterkari gazteek Belarren hasiko dute proba, eta ez plazan; bada, lehenengo korrikalari multzoa Belarrera iritsitakoan hasiko dira kadeteak korrika.
Distantziak, azken urtekoak
Lasterketaren ibilbidea azkeneko urteetako bera izango da, 22,6 kilometrokoa eta 1.868 metroko desnibel positibokoa. Eta eguraldia lagun izango dute, bai mendi lasterkariek eta baita ikusleek ere. Alde horretatik, Borja Moiua Kirol zinegotziak lasterketa horrek Oñatin duen oihartzuna nabarmendu zuen: "Berezia da, eta mendiaz disfrutatzeko aukera ematen du. Ibilbidean zehar lasterketa ikusteko toki asko daude, eta denetan egoten da jendea. Bada, herritarrak animatu nahi ditugu lasterketa ikustera". Amaitzeko, domekan bertan, herriko plazan, umeei eta gaztetxoei zuzendutako lasterketa egingo dute. Eta, horrekin batera, Aloñako Igoerako kiroljertseak salgai jarriko dituzte plazan bertan, 25 euroren truke, hain zuzen ere.