Bi aste barru, testiguen txanda

Josu Bilbao Atxutegi 2018ko api. 20a, 11:43

Fagor Etxetresnetako eta Edesako bazkide ohiek demanda jarri zutenetik ia hiru urte igaro ostean, maiatzaren 7tik 11rako astean egingo da, Bergaran, Ordaindu eta Eskuratu elkarteen eta Mondragon Taldearen arteko epaiketaren ahozko bista.

Maiatzaren 7tik 10era izango da Bergarako epaitegian Ordaindu eta Eskuratu elkarteen eta Mondragon Taldearen arteko ahozko bista. EAEko historiako demanda kolektiborik handiena bilakatu da kasua, 950 pertsona inguruk osatzen dute eta. 47,8 milioi euro erreklamatzen dizkiote bi elkarteetako kideek Mondragoni, Fagor Etxetresnak eta Edesa kooperatibekin izenpetuta zituzten borondatezko ekarpen, merkataritzako mailegu eta partaidetza bereziengatik.
 
Borondatezko ekarpenak, kooperatibako batzar nagusiak onartuta, bazkideek kapital sozialari borondatez egindako aportazioak dira. Gutxienez, ondoko baldintzak zehaztu behar dira: ordaintzeko epea, interes tasa, egunerapena, ekarpenen berreskurapena eta eskualdakortasuna. Borondatezko ekarpenen baldintzak derrigorrezko ekarpenak baino onuragarriagoak izan daitezke.
 
Merkataritzako mailegua, ordea, pertsona batek diru kopuru baten propietatea mailegu moduan uzten dionean ematen da; beraz, kasu honetan, kooperatibako kapital sozialari emandako mailegu bat da.
 
Partaidetza bereziak, bestalde, bazkideek edo kanpoko norbaitek egindako ondare ekarpenak dira, berreskuratzeko epea bost urte baino gehiagokoa dutenean. Horien mugaeguna kooperatibaren kitapenarekin bat etorriz gero, kapital sozialtzat hartzen dira. Partaidetza bereziak onartzea ere batzar nagusiaren eskumena da.
 
Horrela, epaileak erabaki beharko du bi elkarteetako demandanteek kooperatibekin sinatu zituzten akordio horiek –borondatezko ekarpenak, merkataritzako maileguak eta partaidetza bereziak– baliozkoak ziren eta bete diren edo ez. Era berean, Mondragon horren erantzule den edo ez zehaztu beharko du.
 

"Bizi osoko aurrezkiak"

Ordaindu eta Eskuratu elkarteko kideek, beraz, 47,8 milioi euro eskatzen dizkiote Mondragoni, euren iritziz, korporazioak porrotaren aurreko bi urteetan izan zuen jokaerak hartzekodun gisa langile ohien interesei kalte egin zuelako. Mondragoni aurpegiratzen diote bazkide langileei "mezuak bidali izana Fagor Etxetresnetan eta Edesan ipinita zeukaten dirua ez zezaten berreskuratu". Elkarteen esanetan, korporazioak hainbat aldiz jakinarazi zien Etxetresnen etorkizuna “ez zela txarra” eta “etorkizuna” zuela enpresak.
 
Gaineratzen dutenez, korporazioko arduradun gorenek "une oro esan zuten korporazioak Fagor Etxetresnak eta Edesa ekonomikoki babestuko zituela eta ez zutela utziko haiek galtzen". Horregatik, langile ohiek diotenez, “bizi osoko aurrezkiak” kooperatiban uztea erabaki zutela. Fagor Etxetresnak eta Edesa konkurtsoan sartu ziren momentuan, "dirua berreskuratzeko aukerarik gabe" geratu ziren.
 

Mondragon, "justiziarekin bat"

Mondragon Taldeak hasieratik justiziari "laguntzeko asmoarekin" dagoela azaldu du TU Lankide aldizkariaren bidez. "Demandaren bitartez nahi da Mondragoni atxikitako kooperatiba guztiek eta, ondorioz, beraien bazkideek Fagor Etxetresnetan eta Edesan inbertitutako kapitalen galeraren zenbatekoa ordaindu dezatela", azaldu zuen kooperatiben taldeak aurre-entzunaldian.
 
"Mondragon Taldea justiziari laguntzeko asmoarekin joango da epaiketara, demanda arrazoitu duten gertaerak guztiz eta erabat argitu daitezen", azaldu zuen korporazioak. Gainera, 2014ko urrian argitaratutako idatzi batean adierazi zuen bi elkarteen hasierako eskaerei buruz zuen jarrera, hau da, "kooperatiba bakoitza" dela "bete-betean bere erabaki enpresarial zein instituzionalen erantzulea, eta bere etorkizunaren jabea”.

 

Bide luzea ahozko bistaraino

Demanda kolektiboa 2015eko abenduan aurkeztu zuten Ordaindu eta Eskuratu elkarteetako kideek. Ordutik, epaiketak urrats ugari izan ditu. Demanda jarri ostean, froga proposamenak eta horien onarpena erabakitzeko eta epaiketaren eguna zehazteko aurre-entzunaldia 2017ko urtarrilaren 24an egin zuten bi alderdietako abokatuek epailearekin batera.
 
Hala ere, epaileak bigarren aurre-entzunaldi bat ezarri zuen 2017ko apirilerako, baina hori atzeratu egin behar izan zuten. Azkenik, aurre-entzunaldia pasa den urteko azaroan itxi zuen epaileak, eta ahozko epaiketarako epea udaberrirako ezarri zuen.
 

Testiguak

Horrela, testigu moduan deklaratuko dute Fagor Etxetresnetako, Edesako eta Mondragon Taldeko arduradun izan diren hainbatek. Hamaika lagun deitu ditu deklaratzera epaileak.
 
Maiatzaren 7an, astelehena, Mondragoneko idazkari nagusi Arantxa Laskurainek deklaratuko du. Ordainduk eta Eskuratuk Iñigo Uzin gaur egungo presidenteak deklaratzea eskatu zuten, baina korporazioak Laskurain proposatu du haren ordez. Ahozko bistako lehen egunean ere, Mondragoneko presidente ohi Jose Maria Aldekoak eta Txema Gisasolak deklaratuko dute testigu gisa. Maiatzaren 7an, ere Mondragon taldeko finantza arduradun Belen Kortabarriak eta Fagorreko zuzendari orokor ohi Fabian Bilbaok ere deklaratuko dute.
 
Maiatzaren 8an, martitzenean, Mondragoneko presidente ohi Javier Sotilek deklaratuko du, eta baita ere Eroski taldeko presidente Agustin Markaidek. Azken horren presentzia eskatu dute demandanteek, "Fagor eta Edesa kooperatibak salbatzeko berrestrukturazio fondoko arduraduna" zelako, euren hitzetan. Egun berean, Fagorreko Kontseilu Errektoreko presidente ohi Javier Retegik eta kooperatibako zuzendari nagusi ohi Ana Maria Beristainek ere deklaratuko dute.
 
Maiatzaren 9an, asteazkenean, Fagorreko azken kontseilu errektoreko presidente izan zen eta konkurtsoa aurkeztu zuen Xabier Bengoetxeak eta Fagor itxi zuten garaiko zuzendari nagusi Sergio Treviñok deklaratuko dute testigu moduan. Ahozko bistaren hirugarren egun horretan, gainera, Mondragon Taldeak aurkeztutako bi perituk deklaratuko dute.
 
Maiatzaren 10ean, azkenik, ahozko bistaren konklusioak azalduko dituzte epaitegian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak