Ekonomatuak bost urte baditu

Julen Iriondo 2018ko api. 13a, 10:26

Jokin Orobengoa eta Irati Muxika –koordinazioaz arduratzen direnak–, ekonomatuan.

Ez da denbora asko Aramailur kontsumo taldearen dendak urteak bete dituela. Eta osasuntsu bete ere: 80 familia dira bazkide, horietatik hogei bat ekoizleak; gustura dira baserritarrak, eta baita erosleak ere; etorkizun polita opa diote, denen onerako.

Kontsumo taldearen otarreen hartu-emanerako leku fisiko; eta, horrez gain, bertako beste produktu batzuez eta elikadura beharrak osatzeko Euskal Herriko beste txoko batzuetatik ekarritako produktuz hornitutako denda. Hala jaio zen eta hala segitzen du Aramailurren ekonomatuak, produktu gehiagorekin, ordutegi zabalagoarekin –eguenetan ere zabalik, martxotik; martitzen eta zapatuetan lehendik–, besteak beste.

Martitzen arratsaldea da, 18:30ak bueltan; denbora gutxian nahikotxo jende sartu da dendara, erosketetara. Gehienak bazkide, baita bazkide izan gabe tarteka han erosketaren bat egiten duen herritarrik ere [eskuineko Rosi Balantzategi, adibidez]. Ez baita ezinbesteko egitasmoko bazkide izatea ekonomatuan erosketak egin ahal izateko. Eguneko bazkidetza, euro bat, ordainduta nahikoa da horretarako; bestela, urtekoa, 20 euro dira.

Erostera bakarrik ez, saltzera datorrenik ere sartu da dendan. Fermin Etxebarriak ia mendea du bizkar gainean; esne kaxa eskuetan iritsi da. Plazaren eta, oro har, baserriaren beherakadaren lekuko, garai oparoagoak ezagututakoa, Aramailurrek ezarritako sistemari interesgarri deritzo, etxean sortutakoak saltzeko. Horixe da ekonomatua, bertakoa eta garaikoa kontsumitzeko aukera, eta Euskal Herriko produktu ekologikoak.

Dendari Jokin Orobengoa eta Irati Muxika daude gaur; egitasmoko bazkideak, besteak bezala –denek egin behar dituzte pare bat txanda urtean–, nahiz eta hartzen duten pisu gehixeago koordinazio lanetan. Iraganarekin pozik, etorkizunerako gogotsu: "Egongo da Aramaioko jendea dendara sartu ez dena: sar daitezela, apururik gabe, begiratu, eta agian zerbait gustatuko zaie", dio Irati Muxikak.

Plaza utzi eta ekonomatura, baserritarra

Aramailurreko bazkidea da Fermin Etxebarria. Baserritarra da, ekoizlea –aldi berean, kontsumitzailea, egiten ditu erosketak bertan–, eta ardi esnea, gazta, arrautzak, fruta... eramaten ditu ekonomatura martitzenetan.

90 urte betetzera doa, eta baserriko uztari aterabidea emateko modu desberdinak ezagutu ditu: "Arrasateko azokara joaten ginen lehen, baina utzi genion; eta orain hona". Berarentzat aukera polita dela dio, lehengoa baino erosoagoa.

Erosle bezala, berriz, ekonomatuan aurki daitezkeen hainbat gauza berak etxean izan arren, beste batzuk han erosten ditu: "Arroza, dilistak...".

Maitane Gomez de Segura, bazkidea: "Herrian ditugu ekoizle pila bat"

Otarrea hartzen du eta ekonomatuan egiten ditu erosketak.

Aukera ona al da?

Zerbitzu ona ematen du, eta, gainera, asko joan da hobetzen. Hasi zenetik hona pauso asko eman dira, eta denak hoberako.

Zeintzuk, adibidez?

Gero eta produktu gehiago daude, barazki aldetik ere bai; gauzak nola kudeatzen diren; orain eguenetan ere zabalik dago; Errigora bezalako aukerak, orain garagardoa... aukera gero eta gehiago daude, bertakoak eta kanpokoak.

Zergatik da garrantzitsua herrian halako gauza bat edukitzea?

Herrian bertan ditugulako ekoizle pila bat, eta niretzako inportantea da garaian garaikoa jatea. Otarrearekin hasi ginen horregatik, horrela badakigulako elikagaiak nondik datozen, eta hori oso inportantea da. Eta dendako gauza gehienak badakit nondik datozen, eta ekologikoak dira.

Eta eskatzen duena zer da, konpromiso handia?

Ez, eskatzen zaiguna da urtean behin edo bitan dendari lana egitea, atea zabaldu, jendeari kobratu, apuntatu gauzak, zer falta den begiratu, pixka bat txukundu... baina ematen dit eskatu baino askoz gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak