Ikaslanek 25 urte bete ditu. Zein egoeratan iritsi da elkartea urteurren borobil honetara?
Etapa berri honetara egoera osasuntsuan iristen garela esango nuke. Izan ere, Lanbide Heziketa eraldaketa prozesu batean dago. 25 ikastetxe gaude, esparru ezberdinetakoak, gainera. 20 familia profesional ezberdin biltzen ditugu eta alde horretatik, egoera onean gaude.
Beraz, hasierako helburuak bete dira, orain arte, behintzat?
Hastapenean garai haietako arazo jakin batzuei aurre egitea zen helburua, Eusko Jaurlaritzak kendutako diru-laguntzei aurre egiteko sortu zen Ikaslan. Hain zuzen, arazoen aurrean elkarlanean aritzeko helburuarekin. Ikastetxe publikoak izanda, ezin dugu ikastetxeen elkartea osatu. Berez, ikastetxe publikoen zuzendarien elkartea da Ikaslan. Unean uneko erronkei erantzuna emanez bilakatu da.
Gaur egun, 25 ikastetxe batzen ditu elkarteak eta sortu zenean hamalau ziren. Hor ere gorakada izan da.
Uste dut gizarte honetan indarrak batzea eta elkarlanean aritzea beti dela onuragarria. Hasierako 14 ikastetxe horiek handienak ziren, historikoki Lanbide Heziketan soilik jardun dutenak. Gero ikusi da Lanbide Heziketako zentro ezberdinak daudela eta guztiak direla garrantzitsuak. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta hori aberasgarria da denontzat. Arazo bat, zalantza bat edo proiektu bat daukazunean, partekatzea beti datorkizu ondo.
Profil ezberdinetako ikastetxeak dituzue. Aukera zabala.
Bai. Gipuzkoa osoan banatuta gaude, eta eskaintza zabala dugu. Lanbide Heziketa industrialeko heziketa zikloetatik hasi eta nekazaritza, ile-apainketa, osasuna eta beste zenbait arlo batzen ditugu. Gure ezaugarri nagusitariko bat gure gertutasuna da. Herri bakoitzak eta enpresa bakoitzak Ikaslaneko ikastetxe bat du oso gertu. Asko izateak eta lurraldean ondo banatuta egoteak gertutasuna ematen digu, eta hori balio erantsi garrantzitsua da guretzat.
Geroz eta ikasle gehiagok ematen dute izena Lanbide Heziketan?
Egia da azken urteetan matrikulazioek gora egin dutela, baina gorakada hori ondo aztertu behar da. Krisi egoera batetik gatoz, eta horren eraginez lan merkatutik kanpo geratutako jende asko berriro ikastetxeetara bueltatu da. Hala ere, oraindik jende gazteak joera handiagoa du unibertsitatera joateko, eta erronka handia dugu hor. Nabarmendu nahi dugu Lanbide Heziketa aukera bat gehiago dela eta ez dituela unibertsitateko ateak ixten.
Zein da emakumeen egoera Lanbide Heziketan?
Hori beste erronka garrantzitsu bat da guretzat. Estereotipoak mantentzen dira, ziklo teknikoetan gizonezkoak dira nagusi eta zerbitzuetan emakumezkoak. Generoak alde batera lagata pertsonak gara, eta pentsatu behar duguna da benetan zer gustatzen zaigun, estereotipoen aurka joan arren. Mezua zabaltzen saiatzen garen arren, ikusten dugu oraindik bide luzea daukagula egiteko arlo honetan.
Miguel Altuna Institutuko eraikin berriko lanak nola doaz?
Nahiko genukeena baino motelago doaz. 2018-2019 ikasturtean hara joango garela bai, baina ikasturtea eraikin berrian hasteko denboraz larri ibiliko ginateke eta nahiago dugu leku aldatzea berme guztiekin egitea.
Eskaintza aldetik, berrikuntzarik izango duzue, 2018-19 ikasturtean?
Momentu honetan, gaur egungo eskaintza mantentzea eta sendotzea da gure asmoa, gure inguruko enpresei erantzuna emanez eta eskatzen dizkiguten profilak jorratuz.