Eskoriatzako saihesbideko eta Udanako lanei buruz hitz egin du Aintzane Oiarbidek

Itziar Larrañaga Sarasola 2018ko api. 12a, 15:22
Aintzane Oiarbide teknikariekin batera, gaur goizean Eskoriatzan.

Euri asko egin du azken hilabeteetan eta horrek kalteak eragin ditu Gipuzkoako errepide sarean. Horregatik, Aldundiak errepideak konpontzeko egiten ari diren hainbat lanen berri eman du gaur, tartean Udanako mendatea eta Eskoriatzako Lete auzorako bidea. Udanako lanak "maiatza bukaerarako" amaituta izatea espero dutela esan du Aintzane Oiarbide Gipuzkoako bide azpiegitura diputatuak, eta Eskoriatzakoak burutzeko "zazpi aste inguru" beharko dituzte.

Aintzane Oiarbidek azaldu duenez, Bide Azpiegituretako departamentua euriak eragindako kalteak aztertzen dihardu eta "baliabide guztiak" aktibatu ditu normaltasuna "lehenbailehen" berreskuratzeko.

GI-627an, Eskoriatzako saihesbidean, Lete auzorako bidean, errepidea egonkortzen ari dira dagoeneko; bertan izan da Oiarbide gaur goizean. "Erreka igarotzen da azpitik eta hondoratze bat egon da", horregatik "urgentziaz" lanean hastea erabaki da eta obrek "zazpi aste inguru" iraungo dute, diputatuak azaldu duenez. Bitartean txandakako trafikoa ezarri da semaforo bidez.

Eskoriatzako bidegorrian ere kalteak eragin ditu euriak. Malda egonkortzeko proiektua idatzita bazegoen ere, ostean izandako mugimendu berriak ikusita proiektua berridatzi egin beharko da. Hori dela-eta, ez dituzte lanak hasi oraindik.

Bestalde, G1-2630an, Udanan, beste luizi bat gertatu zen duela aste batzuk. Errei bat erabat hartu zuen erorketak eta ordutik errei horrek itxita jarraitzen du. Hemen ere txandakako trafikoa dago ezarrita semaforo bidez, eta gainera bizikletek debekatuta dute bertatik igarotzea. Martxoan ekin zitzaien obrei eta "erritmo onean" doazela ikusita, "maiatza bukaerarako amaituta" egotea espero dutela esan du Aintzane Oiarbidek.

Beste hainbat tokitan ere lur jausiak gertatu dira, adibidez GI-3110 errepidean, Leintz Gatzagatik Gasteizerako bidean, itxita jarraitzen du errepideak. Garabiak garbiketa lanak egiten ari dira egunotan, eta horiek amaitu ostean egonkortze lanak hasiko dituzte.

Oiarbidek gogorarazi du negua eta udaberriaren hasiera "oso gorabeheratsuak" izaten ari direla, prezipitazioak sortzen ari diren kalteengatik, eta ziurtatu du Aldundiak "prestutasun osoz" jarraituko duela lanean erabiltzaileen segurtasuna bermatu eta trafikoa errazteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak