Eskola kirolera zuzendutako Eee!ntzun kanpaina berriak "harmailetan izan diren oldarkortasun eta indarkeriazko" gertaerei aurre egin nahi die, kirol balioetan oinarritutako heziketaren bidez. Ekimenak eskola kirolean parte hartzen duten haur eta gaztetxoak protagonista bihurtzea bilatzen du, partiduetara joaten direnei harmailetan "goza dezaten" eta "arbitro, entrenatzaile nahi jokalarien aurkako jokabide oldarkor eta biolentoak alboratu" ditzaten eskatzeko.
Denis Itxaso kirol zinegotziak adierazi duenez Aldundia "kezkatuta" dago gertaera horiek direla eta: "Indarkeria egoeretan gehien sufritzen dutenak haurrak izaten dira, eta kirolaz gozatzeko eskubidea dute. Eee!ntzun kanpainaren bidez, balioen araberako heziketa bultzatu, eta Gipuzkoako eskola kirolean onargarri ez diren jokabideak saihestu nahi ditugu".
Kanpainaren ardatza eskola kiroleko jokalariek partiduaren aurretik egingo duten haka izango da; kantu batek, dantza batek eta zeinuen erabilerak osatzen dute; "horrela, modu jostarian, emozio egoera bat sortuko da partidaren aurretik, eta hausnarketarako bidea eskainiko die eskola kiroleko partiduetara bertaratzen diren guztiei", Aldunditik nabarmendu dutenez.
Gipuzkoako kirolari ezagunak 'Eee!ntzun' kanpainan
Aurpegi ezagunek hartu dute parte kanpainaren bideoklipean, besteak beste, Errealeko Xabi Prietok, Asier Illarramendik eta Alvaro Odriozolak, Eibarko Asier Riesgok eta Nerea Dantzegik, Markel Alberdi igerilari olinpikoak, GBCko Daniel Clarkek eta Xabier Orozek, IDK Gipuzkoako Onintza Aurizek eta Toch Sarrek.
Gipuzkoako Foru Aldundiak kanpainaren aurkezpenean azaldu duenez, eskola kiroleko talde batzuk hasiak dira dagoeneko dantza prestatzen, eta pixkanaka talde guztietara zabalduko da ekimena.