Aldundiak eta Fagor Taldeak hizkuntza berdintasuneko estrategiak partekatu dituzte

Txomin Madina Milikua 2018ko mar. 28a, 12:16

Markel Olano eta Garbiñe Mendizabal Fagor Taldeko ordezkariekin

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabal Arrasaten izan dira gaur. Fagor Taldeko hainbat ordezkarirekin bildu dira euskara sustatzeko bi erakundeek dituzten estrategiak ezagutu eta partekatzeko.

Arrasateko San Andres auzoan Fagor Taldeak duen egoitzan izan dira goizean Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabal. Bertan, batzarra egin dute Taldeko hainbat ordezkarirekin euskararen inguruan egiten duten lana ezagutu eta estrategiak partekatzeko. Bileran izan dira baita ere Miren Dobaran, Hizkuntza Politikarako sailburuordea;
Joxean Alustiza, Fagor Taldeko lehendakaria; Leire Okarantza, Fagor Taldeko Euskara
koordinatzailea eta Aritz Otxandiano, Gizarte Eraldaketako Proiektuaren arduraduna.

Otxandianok azaldu duenez, Fagor Taldean aspaldi hasi ziren euskararen normalizaziorako bidean, eta horren adibide da aurreko ikasturtean 20 urte bete zituen Taldearen euskara planak. Azken urtean, hausnarketa prozesu batean egon dira murgilduta egindako lana baloratu eta aurrera begirako estrategiak erabakitzeko. "Estrategia horien artean garrantzia berezia eman nahi diogu euskararen ulermenari. Hizkuntzen arteko berdintasuna bermatzeko beharrezkoa da denok ulermen maila bera izatea. Asmoa da hortik aurrera sustatzea erabilera eta euskarari funtzio propioak ematea, beste hizkuntzekin batera kooperatibaren egunerokoan presentzia konstantea izan dezan", adierazi du.

Bai Otxandianok eta baita Markel Olanok ere, hizkuntza berdintasunerako bidean erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu dute. "Beharrezkoa baino gehiago ezinbestekoa da.izan ere ikusten dugu euskararen normalizazio prozesuak eta hizkuntza berdintasunak esfortzu handi behar dute gure herrian. Batik bat industria arloan, enpresa munduan dago asko egiteko. Egia da badirela enpresa aitzindariak, esaterako, Fagor Taldea. Baina gure industria sektoreak urratsik egiten ez badu, herri moduan jai daukagu", esan du Olanok.

'Gipuzkoa Berdinago'

Aldundia eta Fagor Taldea, biak daude, Gipuzkoako beste hamasei erakunde, eragile eta enpresa garrantzitsurekin batera iazko azaroan sinatu zuten Gipuzkoa Berdinago akordioaren sustatzaileen artean. Bi hizkuntzen arteko oreka lortzeko jendaurreko hizkuntza jokamoldeak bateratzea da akordio horren helburua. "Guztiok hartu genuen euskara lehenesteko konpromisoa. Berdintasunak behar duena da euskarari lehentasuna ematea orekatzeko. Une honetan desoreka izugarria dago, eta horri buelta emateko ezinbestekoa dugu eragile batzuek euskara lehenestea. Guk ere, Aldundi bezala, azken urteotan komunikazio publikoan euskara lehenesten ari gara", azaldu du diputatu nagusiak. Gaineratu du, era berean, etorkizunean benetako hizkuntza berdintasuna lortzeko elkarlanean jarraituko dutela.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak