2016an abiatu zen proiektua eta 2020an amaituko da. Zein da Plotinaren azken helburua?
Emakume ikerlarien profila sustatzea. Errealitatea da emakumeok egiten ditugula unibertsitate ikasketak, dotore tesiak…, eta gizonezkoak baino gehiago izaten garela. Baina, poliki-poliki, aurrera egin ahala, emakume askok abandonatu egiten dutela bide hori. Hasi bai, baina bidean aurrera egin ahala, emakume gutxi iristen dira ikerketa ibilbide horretako amaierara. Hortaz, helburua da, azken finean, unibertsitate esparruan gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzea eta horretarako erremintak zehaztea.
Hori egiaztatu ahal izan duzue Plotina proiektuan ere?
Europako proiektu bat da eta proiektuan parte hartzen duten herrialde bakoitzak bere errealitatea bizi du, baina arrazoi nagusia da emakumeen kasuan iristen dela une bat non ama izatea erabakitzen duen eta hasten dela lan jarduna murrizten, eta ibilbide profesional horretatik desagertzen. Horretaz gain, emakumezkook, sarri, ez dugu geure burua ikusten gizonen pare ardura postuetan egoteko. Laboral Kutxaren galdeketa baten arabera, gizonezkoek autoestimu handiagoa erakusten dute beren burua ardura postuetarako prestatuta ikusteko orduan.
Unibertsitate edo ikerkuntza sistemak berak zer saritzen du?
Lehiakortasuna bultzatzen du eta hierarkikoa da erabat… Hori horrela, egiaztatu izan dugu tesiak ebaluatzen dituztenak edo aldizkari espezializatu zientifikoetako argitalpenak ebaluatzen dituztenak, gizonezkoak direla kasu gehienetan. Ondorioz, gizonek argitaratutako artikuluak saritzen dituzte epai-mahaikoek. Eta, horregatik, emakume askok erabakitzen du ezizenez edo gizonezko izenez sinatzea argitalpenak.
Egoera hori iraultzeko ze proposatzen da?
MUn saiatuko gara hori gerta ez dadin neurriak hartzen eta bagabiltza lanean. Plotinaren helburua da proiektuan parte hartzen duten unibertsitateek datozen lau urteotan berdintasun planak inplementatzea eta sortzea tresnak Europa mailako beste unibertsitate batzuetan ere erabiltzeko.
Unibertsitateez gaindi, beste alor batzuetan ere inplementatu ahalko dira plan horiek?
Bai. MUren berdintasun planean bost arlo zehaztu ditugu, batzuk oso zehatzak dira, baina beste batzuk, kontratazio prozesuekin edo kontziliazioarekin zerikusia dutenak, orokorragoak dira, edozein antolakundetan erabiltzeko modukoak.
MUn parekidetasuna bultzatzeko protokolorik baduzue?
Enpresagintzak urteak daroatza berdintasun planekin. Goi Eskola Politeknikoak beranduago heldu zion. Eta Huhezin, praktika egokiak ditugu parekidetasuna lortzeko, baina Berdintasun planik ez dugu orain arte eduki. Plotinan sartzeak eman digu aukera egiten genituenak sistematizatzeko eta beste aukera berri batzuk inplementatzeko.