La Basu (rap abeslaria): "Batzuetan badirudi existitzen ez garela"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko mar. 23a, 13:21
La Basu rap musikaria Beratu jaialdian izango da. Argazkia: Beratu jaialdia.

Orain dela 20 urte hasi zen Elena Caballero, La Basu (Etxebarri, 1983) musikaria rapean; garai hartan apenas zeuden rap musika egiten zuten emakumeak. Gaur, egubakoitza, Beratu jaialdiaren barruan dagoen Musik Fem mahai-inguruan parte; eta bihar, zapatua, berriz, kontzertua eskainiko du Eltzia eraikinean, 16:00etan hasita.

Aurkezpen modura, noiz eta zergatik hasi zinen musikagintzan?

Orain dela 22 urte hasi nintzen; gogoan dut mutil batek super txarto grabatuta zegoen rap musika estiloko kasete bat  utzi zidala, eta hura entzun nuenean zera esan nion nire buruari: Aizu!! hau da egin nahi dudana! Betidanik olerkia idatzi izan dut, eta nire hitzak bonbo kutxetan nahastea, niretzat jolas bat bihurtu egin zen.

Eta zein unetan dago orain La Basu?

Ba uste dut orain dela nire momentua; jendea burua irekitzen ari da euskal raparekiko, eta urte askotan borrokatu dudana, orain poliki poliki lortzen ari naizela esango nuke. Lan asko dut, baina, oso pozik nago. Idazketa tailerrak, hitzaldiak, kontzertuak....

Laburbildu egiguzu orain arteko zure ibilbidea. 

Gazteleraz rapa egiten hasi nintzen, eta nire lehenengo maketak gazteleraz dira. Aire es Vida diskoa lantzen ari nintzela konturatu nintzen euskaraz ez zegoela rap askorik eta nire erronka hori izan zen; hamabost urte euskaraz hitz egin gabe egon ondoren, bat batean hasi nintzen euskaraz idazten eta abesten saiatzen. Trakamatraka abestia sortu nuen orduan Aneguriarekin, eta gero iaz kaleratu nuen euskaraz lehenengo diskoa: Ni naiz izotz erregina izenekoa. Ezagutzen ditudan gauzei buruz idaztea gustatzen zait; eta asko hitz egiten dut askatasunaren eta emakumeen inguruan.

Ze itxura hartzen diozu Beratu jaialdiari? Beharrezkoak ikusten dituzu horrelako jaialdiak? Zergatik?

Beharrezkoak dira noski! Euskal kultura zabaltzea, beti ona da. Desinformazio handia dago eta mahai-inguruarekin, adibidez, informazioa zabaltzea lortuko dugu. Gora zuek!

Musik Fem solasaldian izango zara gaur, egubakoitza, Kultura etxean 19:00etan hasita. Gogotsu?

Bai, horrelakoetarako beti prest! Ezagutzen ditut beste hizlariak ere: Lorea Argarate (Las tea Party), Ines Osinaga (Gose) eta Amaia Ispizua (Get In, MIM elkartea, EHME elkartea).

Ze garrantzia ematen diozu emakume musikariei ahotsa emateari?

Oso garrantzitsua da emakumeen presentzia oholtzetan, oso! Batzuetan badirudi ez garela existitzen. Urte asko izan naiz Euskal Herrian emakume bakarra rapa egiten, eta orain beste emakume batzuk ikustean asko pozten naiz. Oraindik gauza asko aldatu behar dira, baina, hemen gaude gauzak aldatzeko borrokatzen.

Euskal musika industriaren egoeraren argazki bat ateratzeko eskatuz gero, zer diozu?

Asko dugu oraindik ikasteko: sortzaileei eta emakumeei aukera gehiago eman behar dizkiegu eta musika estilo asko zabalkunde handiagoa behar dute; hortaz, argazkia nahiko lausoa….

Eta emakume musikariek euskal musikagintzan duten tokiari edo egoerari buruz zer kontatuko zenuke?

Oraindik ez dugu lortu gure tokia, gizarte matxista honetan borrokatzea ez da erraza; raparen munduan adibidez, uste dut atzera goazela.

Bihar, zapatua, oholtzaren gainean izango zara. Zer eskaintzeko asmoa duzu?

Emanaldi guztia euskarazko abestiekin osatuko dut, oinarria azken diskoa izango delako. Beti Dj Ibairekin eta Alazne Gutierrezrekin izango naiz taularen gainean, hirukote perfektua rockeatzeko!

Debagoienean lehenengo aldiz abestuko duzu, hortaz, pozik hartu zenuen Beraturen proposamena?

Kontzertu guztiak eta proposamen guztiak pozez hartzen ditut, rapa nire bizimodua da eta jendearen artean zabaltzea asko gustatzen zait.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak