Izar Bedia: "Harmailetatik sekulako babesa jaso nuen"

Xabier Urtzelai 2018ko mar. 23a, 16:20

Duela urte batzuk Itziar Mallabiabarrenak saskibaloian egindako bidearen lehen pausoa eman zuen Izar Bediak (Arrasate, 1995) joan den astean, alegia, maila gorenean egin zuen debuta. Nissan Al Qazeres kontrario zuzena da sailkapenean, eta joanekoan izandako emaitza berdintzeko kapaz izan ziren gasteiztarrak, 12 puntuko aldearekin irabazi zuten. Bada, Dia Ligan bi partidu geratzen zaizkio Lacturale Araskiri, eta dagoeneko eginak dituzte etxerako lanak, mailari eustea. Argazkiak: Jose Angel Calvo.

Amestutako debuta izan dozu maila gorenean. Etxean, eta garaipen batekin. 

Bai, oso esperientzia polita izan zen joan den astekoa. Minutu eta 34 segundo egon nintzen kantxan, ez nuen saskira jaurtitzeko aukerarik izan, baina baloiaren jabetza izan nuen, defentsan lan egin behar izan nuen... Gustura geratu nintzen egindako lanarekin. Gainera, partidua irabazi bagenuen ere joanekoan izandako 12 puntuko errenta gainditu gura genuen. Ez genuen lortu, baina puntu diferentzia berdintzeko kapaz izan ginen. 

Partiduko ze oroitzapen duzu? 

Gogoan dut jokalarien partetik babes handia sentitu nuela, eta harmailetan zeuden zaleek izugarri animatu nindutela. Etxean moduan sentitu nintzen, eta partidu amaieran poztasun galanta hartu genuen denok. Debutatzeko modu ederra izan zen.

Araskiko lehen taldean egin duzu debuta, baina berez, Ohorezko mailan tabilen taldean jokatzen duzu.

Halaxe da. Kontua da aurtengo denboraldian sarritan entrenatu naizela talde nagusiarekin, eta jokalariak lehenagotik ezagutzen nituen, baita talde dinamika ere. Hala, joan den asteburuan hainbat jokalari min hartuta zeuden, eta entrenatzailearen deia jaso nuen. Nik esan nion taldeari laguntzeko prest nengoela, eta deialdian sartu ninduen. Hala, esango nuke kantxan izandako minutuak opari bat izan direla, hilabete hauetan lehen taldearekin egin dudan lana saritzeko oparia.

Eta, ligan geratzen diren bi partiduetarako ostera ere lehenengo taldearekin jokatzeko itxaropenik bai?

Zaila izango da, batetik, etxetik kanpora izango duten partidurako –Lleidan jokatuko dute zapatuan, Cadi La Seuren kontra– ez dudalako uste ni eramango nautenik, besteak beste, beheko taldean jokatzen dudalako eta hor oraindik helburuak bete barik ditugulako. Nik garbi daukat bigarren taldeko jokalaria naizela, eta hau aprobetxatu beharreko aukera bat izan dela, egindako lanaren sari bat. Oso esperientzia ederra izan da, baina burua Ohorezko mailako taldean daukat, horiek dira nire taldekideak. 

Bi jardunaldiren faltan ligan etxerako lanak eginda izatea oso garrantzitsua da.

Bai, lehenengo taldea iaz igo zen Dia Ligara, eta aurten mailari eutsi izana oso garrantzitsua izan da, Araski beste urte bat egongo delako maila gorenean. Ohorezko mailan, berriz, mailari eusteko borrokan gabiltza.

Urteak daramatzazu Gasteizen, baina Eskoriatzako klubeko harrobikoa zara. 

Halaxe da. Gasteizen Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua ikasten nabil (IVEF) eta azken lau urteak Araskin daramatzat. Hasi, baina, Eskoriatzan hasi nintzen saskibaloian jokatzen.

Eta datorren urtera begira, ze asmo?

Kanpora joatea dut buruan, ikasketekin jarraitzeko.

Eta saskibaloia? 

Nire egunerokoan oso garrantzitsua da saskibaloia, baina ez dakit ikasketekin bateragarria izango den, talderik topatuko dudan... Saskibaloiari ze lehentasun eman erabaki behar dut.

Pena izango litzateke, elitean debuta egin, eta...

Bai, baina, hau ez da gizonezkoen saskibaloia. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak