Elur-jausietako erreskate protokoloa

Monika Belastegi Aranzabal 2018ko mar. 23a, 09:38

Aurtengo negua azken urteetako elurtsuena izaten ari da eta ondorioz, elur-jausiak gertatzeko arriskua handitu egiten da. Horren harira, elur-jausietako erreskate protokoloaren gaineko erreportajea egin zuen Puntua aldizkariak martxo hasieran Jon Apodaka nibologian adituak emandako argibideekin.

Aurtengo negua azken urteetako elurtsuena izaten ari da, eta horrek, alde on asko dituen moduan, alde txar batzuk ere baditu. Elur-jausiak dira alde txar horietako batzuk. “Labur azaltzeko, elur masa baten mugimendu bat da elur-jausia. Hori gertatu dadin, zenbait baldintza izan behar dira, naturalak zein pertsonek edo gainkargek eragindakoak”, azaldu du Jon Apodakak, nibologian adituak. Apodakaren esanetan, azken horiek dira istripu gehien sorrarazten dituztenak.

Elur-jausiak, hein batean, aurreikusi egin daitezke. “Pirinioetan zein bestelako mendiguneetan, aurreikuspen zentroak daude. Nibologian adituak direnek egiten dute lan zentro horietan, eta ia egunero buletin bat plazaratzen dute, arrisku mailarekin eta elur- jausiekin erlazionatutako zenbait arazo jakinarazten dira buletin horretan”. Horrez gain, mendizaleendako aholku batzuk ere jasotzen ditu.

Hala ere, gerta daiteke ezin aurreikusi ahal izatea eta elur-jausiak harrapatzea. Horrelako kasuetan egin beharrekoa zer den azaldu du Apodakak. “Elur-jausiak harrapatu ez bagaitu, lehendabizi, segurtasun-gune bat prestatu beharko dugu.

Behin gure segurtasuna bermatuta dagoenean, abisua eman beharko dugu, eta, hortik aurrera, erreskaterako protokoloa jarraitu azpian geratu direnak salbatu ahal izateko”, adierazi du.

Erreskaterako, hiru elementu ezinbestekoak dira: biktimen detektagailua, zunda eta pala. Iker Laskurain mendizale oñatiarrak azaldu du zeintzuk diren jarraitu beharreko pausoak. “Mendira goazenean, lehenik, detektagailua, Arva izenez ere ezaguna, igorle moduan jarriko dugu guztiok. Modu horretan, aparatuak uhinak bidaltzen ditu. Beraz, elur-jausi bat gertatzean, kanpoan geratu garenok egin behar duguna da Arva hartzaile moduan jarri, bi seinaleek bat egin eta azpian dagoena gutxi gorabehera non dagoen jakiteko”.

Behin hori jakinda, zundaketa bat egin behar da. “Itsuendako makilaren antzekoa da zunda. Kanpoan gauden guztiok ilaran jarrita, zundatu egingo dugu, norbaitek zerbait gogorra –kasu honetan, pertsona– aurkitu arte. Izan ere, elurra beti zulatuko duzu, eta zerbait gogorra aurkitzea seinale ona izaten da”.

Hurrengo pausoa palarekin elurra kentzea izango litzateke, betiere, “dauden protokoloei jarraituta”. Jon Apodakak gaineratu du ez dela dirudien bezain erraza. “Momentu horretan dauden baldintzen arabera, modu batera edo bestera erabili behar da pala”. Azkenik, “biktima ateratzea lortzen dugunean, lehenbizi, arnasten duen edo ez baieztatu behar dugu, eta oraindik arnasten badu, hipotermiatik babestu. Gero, medikuek esaten dutenari kasu egitea besterik ez zaigu geratzen”.

Arrisku puntuak

Euskal Herrian, elur-jausi arrisku handien duten mendiguneak, zalantzarik gabe, Nafarroako Pirinioak dira. Horiez gain, beste bost gune hauetan ere badago arriskua: Txindoki/Larrunarri; Aizkorri/ Aketegi/Atxuri/Iraule; Anboto/ Alluitz; Gorbeia/Aldamin/ Lekanda eta Gorobel/Salvada.

Hildakoak

Elur-jausiek hildakoak ere uzten dituzte gure inguruan. Frantziako Pirinioetan, adibidez, dagoeneko bost pertsona hil dira 2017-2018ko neguko denboraldian. Azkena Gavarnien, 19 urteko gazte bat. Urtez urte, hala ere, behera egiten ari da kopurua

Erlazionatuak

Zer egin elur-jausi baten aurrean?

Eneko Azurmendi 2018 ots 22 Arrasate   Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak