Bertako ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko zubi lana egin guran, Ereindajan egitasmoa sortu zuen herritar talde batek duela bost urte. Ordutik, garatuz doa egitasmoa; ugaritzen, bere eskaintza. Gaur-gaurkoz, Arrasaten dute salmenta puntua –lekualdatu guran dihardute–, eta Bergaran zabalduko dute laster –maiatza hasieran–. Beraz, eskaintza zabaltzeko lanean daude murgildurik, beti ere, helburua argi izanda: "Lehen sektorea biziberritzeaz aparte, herritarren eta lurraren osasunaren alde dihardugu". Finean, "elikadura burujabetza" dute xede.
Eta "indartzen" doa proiektua. Horren adierazgarri 2017ko datua: urte horretan 70.000 euro ordaindu zizkieten Debagoieneko baserritarrei. Aurrera begira, gainera, kopurua biderkatzea litzateke bultzatzaileen asmoa: "Bergaran irekiko dugun salmenta puntua lagungarri izango dugu horretarako", diote.
Bazkideak, proiektuaren oinarri
Gaur-gaurkoz, 150 familiak dute bat egina egitasmoarekin –bazkide dira–; eta, horiez aparte, 30 ekoizle leudeke. Eurena ez da edozelako zeregina. "Proiektu kolektiboa da, bazkideen artean pentsatzen, eraikitzen eta erabakitzen dena. Finean, bazkideak eurak dira proiektuaren zutabe eta sostengu", azaldu dute bultzatzaileek.
Hori horrela, eta horien garrantziaz jakitun, Ereindajanek zenbait abantaila ditu adostuak bazkideendako: erabakiak hartzeko eskubidea izateaz aparte, %5eko deskontua dute euren erosketetan, besteak beste. Eta hainbat produktu erosteko lehentasuna ere badute. Hori bai, Ereindajanen bultzatzaileek argitu dute edonork eros dezakeela euren salmenta gunean.
Bertakoa, osasuntsua, justua...
Bestetik, hainbat balore dituzte finkatuta euren ekinbidean. Tartean, erdigunean jarriak dituzte produktuak bertakoak eta osasungarriak izatearen baldintzak. "Kontsumo eredua eraldatuz, tokiko garapena bultzatzea dugu helburu. Eta, modu berean, nekazaritza ekologikoa dugu ipar. Horretarako, gehigarririk gabeko produktuak jartzen ditugu herritarren eskura, sasoian sasoikoak", diote.
Eta, horrekin batera, azaldu dute kontsumo eredu "justu" baten alde dihardutela: "Prezio justuak –ekoizlearentzat– eta arrazoizkoak –kontsumitzailearendako– aurkituko ditu Ereindajanera datorrenak". Tartean, izaera kooperatiboaren emaitza dute hori: "Proiektuak elkarlana du oinarrian. Ekoizleen eta kontsumitzaileen artean eraikitzen da aurrera begirakoa".
Hori horrela, ohikotasunaz gaindiko prezio politika darabil –irabazi asmorik gabeko erakundea da–. "Saltoki handiek miseria bat ordaindu ohi diete baserritarrei. Horren kontra, Ereindajanen ekoizleak eurak dira prezioak finkatzen dituztenak", argitu dute. Eta beste era batera banatzen dute salmentekin lortutako dirua: "Saltoki handietan, normalean, lortutakoaren %20 besterik ez diete ordaintzen baserritarrei. Hemen, alderantziz. Hau da, irabazien %80 eroaten dute baserritarrek; eta Ereindajanen esku geratzen da gainerakoa".
Bada, ibarreko ekoizleek astean behin eroan ohi dituzte euren produktuak salmenta gunera. "Astelehenetan, eskura dugunaren zerrenda bidaltzen dugu bertara. Eta duten beharren araberako eskaria egiten digute", dio Nere Aspiazuk, ekoizle bergararrak. "Batzuetan, eskaintza baino handiagoa da eskaria. Horri aurre egiteko aukerak aztertzen gabiltza", gaineratu du Aitzol Iturbe ekoizle antzuolarrak.
Hitzaldiak eta tailerrak
Gainera, salmentara mugatu barik, askotariko ekintzak antolatzen dituzte egitasmoaren bultzatzaileek –normalean, salmenta gunean bertan–. Tartean, hitzaldiak, erakusketak, ikastaroak eta produktu dastatze saioak egiten dituzte urtean zehar. "Proiektuaren helburuen artean dago sentsibilizazioarena. Horren bidean antolatzen ditugu halako ekimenak", azaldu dute.
Aurrera begira
Bestalde, dutenarekin konforme ez, eta aurrera begirako erronkak finkatu dituzte Ereindajanekoek: bazkidetza dute erdigunean. "Nabarmen" igo gura dute bazkide kopurua: "Bertako produktuen eta nekazaritza iraunkorraren alde egingo duen mugimendu indartsua sortu gura dugu ibarrean". Horretarako, bazkidetza kanpainak jarriko dituzte martxan "epe motzean".