Urtarrilean abiatutako protesta xume haiek sekulako indarra hartu dute. Egun, milaka herritar dira kalean "pentsio duinak" eskatzen ari direnak.
Atzo, eguena, gaian adituak diren Mikel Olabarriak eta Marian Esnaolak pentsioen gainean jardun zuten Bergarako osoko bilkuren aretoan, Duintasuna elkartearen izenean. "Elkartea bera aurkeztera etorri gara eta, batez ere, pentsioen gaia nola ikusten dugun adieraztera", azaldu du Olabarriak.
Duintasuna elkarteko kideak pentsioak %0,25 igotzearen aurka agertu dira –urtero igo daitekeen gutxienekoa–. Era berean, igoera hori KPI-aren arabera igotzearen alde daude eta, horrez gain, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan beharko litzatekeela aldarrikatzen dute. "Europako Gutun Soziala hartzen dugu filosofia moduan. 23. artikuluak aipatzen du nagusiek ekarpen ekonomiko nahikoa izan behar dutela pentsio baten bitartez. Lanbide arteko gutxieneko soldata Espainia osorako kalkulatzen da, eta hori ez da nahikoa hemen dugun bizi maila kontuan hartuta. Kalkulu bat egin dugu, eta EAEko bataz besteko soldata aintzat hartuta, 1.080 eurokoa izan beharko litzateke gutxieneko soldata", nabarmendu du Olabarriak.
Emakumezkoen eta gizonezkoen artean dagoen diferentziaren aurka ere azaldu dira. "Pentsiodunen %58k 1.100 eurotik behera kobratzen du hilean eta horietatik %70 emakumezkoak dira. Halaber, 600 eurotik behera kobratzen dutenen %77 emakumezkoak dira".
Gaineratu dute lan prekarietatea emakumeek jasaten dutela gehienbat. "Emakumeak lan mundura sartu ziren, baina krisiaren ondorioz, lan merkatutik kanporatutako lehenengoak izan dira. Eta bueltatzen saiatu dira, baina lanaren kalitatea ez da lehengo berbera. Ez da izan lanaldi osoa, soldatak ere hala moduzkoak dira, eta horrek ekartzen du kotizazio nahikorik ez edukitzea gutxieneko pentsio bat izateko eta modu duinean bizitzeko" azpimarratu du Olabarriak.
Eskaerak, Jaurlaritzari
Duintasuna elkarteko kideek argi dute Madrilgo Gobernua dela "egoera prekario honen" erantzulea. Hala ere, "Madrilen ez digute kasurik egiten, eta Eusko Jaurlaritzak ere eman beharko liguke laguntza", dio Esnaolak. Izan ere, Jaurlaritzak "legalki gutxieneko soldata ezartzeko eskumenik" ez duen arren, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) bitartez osatu dezake hori, elkarteko kideen esanetan. "Formula batzuk egon badaude, eta horietako bat honakoa izango litzateke: urte batean, 600 euro baino gutxiago kobratzen dutenei pentsioa 600 eurora igo; hurrengo urtean, 800 eurotik beherakoei 800 eurora, hurrengoan 1.000ra eta hurrengoan 1.080ra. Hortik aurrera kalkulua berregin egin beharko da, eta daukagun bizi mailara egokitzen den ikusi. Agian jaitsi egin beharko da", dio Olabarriak.
Horrekin lotuta, DBE-a oso gutxik eskatzen dutela diote. "Batzuek ezjakintasunagatik ez dute eskatzen; nagusiagoak direnak halako tramiteak egiteko ez dira gai; eta beste askok, gazteagoek, lotsagatik ez dute eskatzen, pobre kontsideratzea gogorra egiten zaielako". Hori dela eta, eskubide bat dela aldarrikatu dute, eta diru-laguntza hau eskatzera animatu dituzte herritar guztiak.
Mobilizatzeko deia
Mobilizazioa dago deituta biharko, Donostian –Alderdi Ederretik abiatuta– 18:00etan, eta herritar guztiak animatu gura izan dituzte bertaratu daitezen. Donostiaz gain, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean ere egingo dituzte mobilizazioak.
Atzo, eguena, Bergarako osoko bilkuren aretoan eskaini zuten hitzaldia.