Imanol Agirretxe: "Lesioak lezio asko eman dizkit, futbolaren burbuilatik kanpo"

Monika Belastegi Aranzabal 2018ko mar. 14a, 15:00
Agirretxe Arrasateko Biteri plazan.

Futbol jokalari gutxi egongo dira Lehen Mailan lesio baten bueltan Agirretxek bizi izan duen sufrikarioa bizi izan dutenak. Txuri-urdin jantzita Anoetan jokatzeko grinak mantendu dio ilusioaren garra bizirik, Jokin Bereziartua kazetariari 'Puntua' aldizkarirako egindako elkarrizketan aitortu dion moduan.

2018a normaltasunera itzultzeko urtea izango da?

Hala bedi. Espero dut esan beharreko guztiak zelaian esatea eta hortik kanporako dena ahaztea.
Lesioak ez zirudien larria hasieran, baina...
Espero baino askoz gehiago luzatu da, bai. Hasierako tratamenduak ez zuen emaitzarik eman; gerora, operatzea erabaki genuen, baina operazioak ez zuen espero genuen erantzuna eman, eta osteko beste tratamenduek ere ez. Beste operazio bat ondoren... Ez dut sekula jakin izan horren luze joango zenik, baina hala tokatu da.  

Nola eragiten du psikologikoki horren lesio luzea izateak?

Kirolari profesionalon munduan esperientzia bat tokatu zait bizitzea oso gutxik bizitzen dutena. Oso arraroa da horren lesio luzea izatea maila honetan. Futbolaren burbuila handitik irten naiz eta hor beste era batera ikusten dira gauzak. Bi urte luze galdu arren zelaietan, bizitza osorako gauza asko ikasi ditut. Izan ere, futbola oso polita da dena ondo doanean, burbuila handi bat. Baina lesio batek burbuila horretatik ateratzera behartzen zaitu; egia esan, aldi berean, nire bizimodua ez da burbuila horretan egon, nahiko bizimodu normala eraman dudalako. Baina lesioak are eta gehiago jartzen zaitu zure lekuan. Alde txarra ezagutu arren, lesioak bizitza osorako lezio asko eman dizkit.

Dena ondo doanean, egunerokotasuneko detaile txikiengatik kexatzen gara askotan, ezta?

Bai, eta nik egunerokotasun hori izan dut helburu. Desiratzen nengoen eguneroko normaltasunera bueltatzeko. Talde osoarekin batera entrenatu, bidaiatu... Asko igartzen nuen faltan.

Pentsatu izan duzu futbola uztea?

Ez. Behin eta berriz sendabidea aurkitzen ez denean, gauza asko pasatzen dira burutik, baina beti izan dut ilusioa bueltatu eta maila onean lehiatzeko. Indarrak hortik atera ditut; txikitatik futbola gustuko izateak eta Realekoa izateak asko lagundu dit aurrera egiten. Anoetan jokatzea hain da polita... Hori izan da nire motibazio nagusia.  

Zer sentitu duzu berriro lehiatzen hasi zarenean?

Oso une hunkigarriak bizi izan ditut. Denboraldi-aurrean jokatu nuen nire lehen partidua; oso arraro sentitu nintzen, nire gorputza alderantziz zegoen. Ez naiz sekula horrela sentitu. Malkoak atera zitzaizkidan. Borroka luze baten osteko garaipena izan zen. Polita eta oso hunkigarria.  

Ze iritzi duzu Iñigo Martinezek Athleticera joateko hartu zuen erabakiaren inguruan?

Kasu bakoitza oso ezberdina da. Bakoitzak jakingo du zer egin nahi duen bere kirol ibilbidean; bere erabakia da, eta, nola ez, errespetatu beharra dago. Hortik aurrera, bakoitzak erabaki behar du eta balantzan jarri zer egin nahi duen eta zer ez. Iñigok hori erabaki du; nik esateko zer egingo nuen haren lekuan bere zirkunstantzia guztiak kontuan izan beharko nituzke. Zaila da. Hala ere, gaur egun egia da sentimenduak garrantzitsuak direla talde batekin lotura bat sentitzeko, baina iruditzen zait  talde batekiko sentimenduaren parte bat, askotan, erosi egin daitekeela. Bakoitzak balantza batean jarri behar ditu zirkunstantzia guztiak.   

Martinezen erabakiak harritu egin zintuzten aldagelan?

Bai; bereziki, dena oso azkar joan zelako. Ez genuen espero. Laporte egun batetik bestera joan zen Athleticetik eta guk barruan ez genekien ezer. Albistea publiko egin aurreko gauean enteratu nintzen ni, ohean nengoela.

Futbola gero eta gehiago da negozioa?   

Zalantzarik gabe, asko aldatu da futbola. Futbola kirolagoa zenean, seguruenik, sentimenduek egun baino pisu handiagoa izango zuten. Lehen kirola zena negozio handi bat da, baina kiroletik ere badu. Hor gaude kirolariok, eguneroko lanean, baina, atzean, negozio handi bat dago. Orain askoz errazagoa da sentimenduei prezio bat jartzea. Baina esandakoa: norberak jarri behar du dena balantzan, eta norberak erabaki.

Dirua da, zure ustez, gaur egun benetan agintzen duen kolore bakarra?

Niretzako, ez. Duda gabe, zorte handia daukagu kirol hau egiteaz eta ekonomikoki ondo ordainduak egoteaz. Zorte handikoa naiz, txikitako ametsa izan delako, niretzako, Realean jokatzea, eta Realarekiko sentimendu handi bat gordetzen dudalako. Hasten naizenean balantzan jartzen Realeko elastikoarekin Anoetan jokatzea, ez dakit zenbat diru beharko litzatekeen balantzaren beste aldean... Beste gauza asko aurretik daude nire kasuan; dirua ez da nire lehentasun handiena.  

Reala uztea pentsatu duzu inoiz?

Pasatu daiteke. Askotan, jokalariarengan jartzen da fokua, baina pasa liteke klubak zurekin ez kontatzea eta beste talde batera joan behar izatea.  Zentzu horretan, normaltasuna eta naturaltasuna eman behar zaio Realetik irteteari. Mundua ez da Realean bukatzen. Beti esan dut Realean jarraitu nahi dudala, eta espero dut alderantziz ere hala izatea urte askoan.  

Zer gertatzen zaio Realari aurten?

Bolada txar baten aurrean ez dago tekla magikorik inertzia batetik bestera aldatzeko. Urtea oso ondo hasi genuen, goiko postuetan, baina Kopan Lleidaren aurka kanpoan geratu izanak klik bat eragin zuen gu denon buruetan. Taldearentzat zein ikusleentzat kolpe latza izan zen hura. Ordutik hona, gorabeheratsu ibili gara eta azken hilabeteetan emaitzak ez dira batere onak izan. Baina oso denboraldi txarra daramagula dirudien arren, aukera handiak ditugu denboraldia ondo bukatzeko. Atzera begiratu behar dugu ikasteko, baina ohartu behar dugu aurten handia egin dezakegula. Gustatuko litzaiguke Europan eta Kopan bizirik jarraitzea, baina altxatu beharra dago; orain, ligan jarri behar ditugu gure baliabide eta esfortzu guztiak. Baikorrak izan behar dugu.

Kolpe gogorra izan da Europatik kanpo geratzea?

Zalantza barik. Normaltasunaren barruan kokatu beharra dago Europako hamasei onenen artetik kanpo geratzea, baina ilusio handia genuen. Aukera handiak ikusten genituen Salzburgo menderatu eta aurrera egiteko, baina ez zen posible izan. Zale asko hurbildu zen Salzburgora, eta horiengatik, bereziki, pena ematen du.  

Zer moduz Eusebio Sacristanekin?

Ondo. Etorri zenean, jokatzeko modu bat ezarri zuen eta bertan geundenok oso ondo hartu genuen. Taldeak oso ondo hartu du haren jokamoldea eta oso emaitza onak eman ditu. Europan sartu gara, oso partidu onak egiten, eta, nahiz eta azken emaitzak txarrak izan, Eusebioren lana orokorrean hartu behar bada oso lan ona egin duela uste dut. Izan ere, azken emaitzak txarra izatearen erru osoa ezin dugu entrenatzailearengan utzi. Denok dugu egoerari buelta emateko ardura eta erantzukizuna. Denboraldi amaiera ona egiten badugu, ez da erokeria Europara itzultzeko erronka jartzea.

Taldearen mailan sinisten duzu?

Ez dut zalantzarik. Talde honek erakutsi du oso maila altuan aritu daitekeela, denbora luzez aritu gara maila ona erakusten. Orain, maila horretara bueltatu behar dugu, eta mantendu; horretarako, baina, ez naiz aldaketa handiak egitearen aldekoa. Eguneroko lanean hobetzea da gakoa, nire ustez.
Goazen hastapenetara. Lehen ostikoak Athleticen harrobiko taldea zen Antiguokorekin eman zenituen...  
Kaleko giroan eta lagunekin hasi nintzen futbolean; orduan, eskubaloian eta pilotan ere aritzen nintzen, oso gustuko nituen ia kirol guztiak. Gero, 9 edo 10 urterekin hasi nintzen Donostiako Antiguokon, Usurbilgo beste hiru lagunekin batera, eta geroago egin genuen benetako apustua kadete mailan bi urte Athleticen egiteko. Nire bizitzan aldaketa handia ekarri zuen, bakarrik bizitzen ikasi nuen.

16 urterekin Athleticetik Realera joan zinenean zalaparta handia piztu zen. Agirretxe kasua ere deitu zioten. Nola gogoratzen duzu?

Zeresan handia eman zuen. Athleticetik Realera eta alderantziz egiten diren mugimendu guztiek bezala. Une onean nengoen Athleticeko gazte mailan, Espainiako Selekzioarekin pitxitxi... Oso maila altuan. 16 urteko gazte batendako gehiegizkoa izan zen, baina nire partetik zein gurasoen partetik gai izan ginen ondo eramateko. Oso argi genuenez Realera etorri gura genuela, horrek lagundu egin zuen dena normaltasun baten barruan jartzen.

Hasierako hamaikakora ere itzuli zara [Levanteren kontra, Anoetan, otsailaren 12an: 3-0]. Ze sentsazio?

Bereziak eta politak. Nire beste helburuetako bat zen hasierako hamaikakora itzultzea. Urratsez urrats joan naiz, eta hasierako hamaikakoan egotea zen helburua. Hortik aurrera, zelaiaren gainean erantzutea zen hurrengo pausoa, eta gustura sentitu nintzen. Partidu osoa jokatu nuen eta arazo muskularrik ez nuen izan.

Argi dago zaleek asko maite dutela Imanol Agirretxe.

Bai, hala sentitzen dut. Realean beti sentitu izan naiz maitatua, baita lesionatuta egon naizenean ere. Bultzada handia sentitu dut une txarrenetan, Anoetaren harrera izugarria da. Ulertzekoa da haserre ere egotea azken bolada ikusita, baina zaleendako esker on hitzak bakarrik dauzkat.

Egoera zailei aurre egiteko zure oinarria non egon da?

Bizimodua ez zait apenas aldatu. Usurbilen bizitzen jarraitzen dut, eta nire betiko zirkulua mantendu egin dut. Mundua gainera erori zaidanean betiko bizimodua egiten jarraitu dut eta horrek dena eramangarriago egiten lagundu du. Emazteak asko aguantatu nau eta 3 urteko alabatxoak sekulako bizipoza eman dit. Ez zait ezer falta izan, zorte handia izan dut. Pribilegiatua sentitzen naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak