Goroeta auzoko hamar baserri eta Aozaratzako bost geratu ziren ur azpian Urkulu urtegia eraiki zenean, orain dela 40 urte inguru, baita inguru hartako soro eta zelai asko ere. Eta istorio mordoa utzi zituen isilpean. Hainbat lekuko gidari hartuta, urtegia eraiki aurreko bizimodua, jaiak, eskola kontuak eta beste hainbat pasadizo eta bizipen jaso dituzte Hura zen Urkulu dokumentalean, Loramendi Elkarteak eta Goienak elkarlanean jardunda.
Toponimia taldea, sustatzaile
Loramendi elkarteko toponimia taldearen ekimena izan da dokumentala egitea: "Bertako leku izenak aurkitze eta pilatze lanetan genbiltzala konturatu ginen Urkuluko urtegiak izen mordoa galarazi dituela. Izenak bakarrik ez, hango bizimodu, historia eta beste hainbat kontu ere ezkutatu zituen; eta hori nola jaso? Testigantzekin", dio taldeko kide Julen Abasolok, eta gaineratu du: "Baina hori ere gutxi iritzita, dokumental baten jasotzea pentsatu dugu, aretxabaletarrei erakusteko. Azken baten, Urkulu hura zela erakutsi gura dugu". Goiena telebistarekin elkarlanean jardun dute Loramendiko kideek, eta Mondragon Assemblyren laguntza jaso dute horretarako.
Bost lekuko, hamaika istorio
Andoni Uribetxebarriak, Puri Altubek, Mari Tere Uribetxebarriak, Bizente Zubiak eta Esther Goikoleak –batzuk Goroeta auzoan bizi direnak eta beste batzuk bizi izandakoak– jardun dute kontu-kontari kamera aurrean, eta gogora ekarri dituzte desagertutako baserrien eta parajeen izenak, Urkulu errotaren jarduna, umetako kontuak, pasadizo xelebreak eta beste hainbeste kontu eta bizipen. Urtegiko eta Goroetako irudiekin osatu dituzte jasotako lekukotzak, eta argazki zaharrak ere erabili dituzte osagarri.